Erronka berriak eta betiko buruhausteak
Jarraitutasuna Egungo gizartea eta duela 50 urte diktaduraren amaiera bizi izan zuen hura oso bestelakoak direla esan beharrik gabe doa; zenbait kezka eta desafio errepikakorrak dira ordea
Euskara
Diktadurari aurre eginez hasitako pizkundeari jarraipena eman beharra
Frankismoaren azken urteetan jada bere Bigarren Pizkundea deritzona bizi izan zuen euskal kulturgintzak. Ez dok Amairu, ikastolen mugimenduaren sorrera, euskara batuarena... Diktaduraren amaierarekin etorri ziren euskararen ofizialtasuna, Euskararen Legea, D ereduaren zabaltzea... Hiztunen kopuruak goraka egin zuen ia ezinbestean; ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala murriztea izan da, ordea, erronka. Eta ez dirudi giltza aurkitu dugunik. Hala, pizkunde zikloa agortuta dagoenaren zantzuak gero eta nabariagoak direla azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluak eta euskararen etorkizuna jokoan dagoela ohartaraziz, hirugarren pizkunde bat abiatzeko deia egin die euskaltzaleei.
Publicidad
Inmigrazioa
Giza-paisaia aldatu duen aniztasunari erantzun egokia eman
Pizkunde berri horrek gurean giza-paisaiak azken hamarkadetan izan duen aldaketa aintzat hartzea premiazkoa izango du arrakasta lortu nahi badu: Gipuzkoako biztanleen %14 atzerritarra da dagoeneko eta Haur Hezkuntzan %700 hazi da jatorri migratzailea duten ikasleen kopurua azken zortzi urteetan. 1975eko Gipuzkoa oso bestelakoa zen. XX. mendearen erdialdean, gorakada industrialak erakarrita milaka lagun iritsi ziren gurera, Estatuko beste erkidegoetakoak ia bere osotasunean. XXI. mendea hastearekin batera, aldiz, atzerriko migrazioak hartu zuen indarra eta hark dakarren aniztasunari behar den moduan erantzutea da euskal gizarteak epe labur eta ertainean duen erronka nagusietako bat.
Ardura nagusiak
Langabezia eta bortizkeriatik etxebizitza duinera
Gizartearen bilakaera horri loturik herritarron kezkak ere aldatuz joan dira. Hala, segurtasunaren (%25) eta immigrazioaren (%22) inguruko ardura areagotu egin da, Euskadiko bost arazo nagusien artean kokatuz, azken Deustobarometroaren arabera. Haien gainetik daude, etxebizitza, osasun zerbitzuak eta bizitzaren kostua. 70 eta 80ko hamarkadetan euskal herritarrei buruhauste gehien sortzen zizkieten kontuak, berriz, egoera politikoa, terrorismoa, krisialdi ekonomikoa eta langabezia, eta droga ziren. Gero etorriko ziren klima aldaketa edo jasangarritasuna bezalako zioak.
Emakumea
Feminismoa urrunegi joan ote da eskubideak aldarrikatzerakoan?
Bost hamarkadatan emakumearen rolak aldaketa nabarmena izan duela esan gabe doa. Baina baita, hura bultzatu duen mugimendu feministak ere. Trantsizioko urte haietan, emakumeen askapenean oinarritu zuen bere egitekoa, dibortzioa edo abortua bezalako legeak proposatuz. Etxeko lanen desoreka, sexu-askatasuna eta emakumeen aurkako indarkeria ere agerian jartzen hasi ziren. Egun, lan-diskriminazioa eta genero-arrakala, zaintza-lanen banaketa eta indarkeria matxista dira feminismoaren desafio nagusiak, baina baita belaunaldi gazteenak erakartzeko beharra ere, mugimendua «urrunegi» joan dela uste dutenen kopurua gorantz baitoa modu kezkagarrian.
Pantailak
Harremanak, aisia, kontsumoa... aldarazi dizkigun 'diktadura'
1975eko azaro hartan irrati bidez edo etxean zegoen -hala bazen- pantaila bakarraren aurrean jarraitu zituzten herritarrek Francoren heriotzaren inguruko albisteak. Egun pantailez inguratuta bizi gara, une oro, eta horrek beste aldaketa ugari ere ekarri ditu berekin ezinbestean: komunikatzeko moduan, kontsumoan, aisian, informazioa eta desinformazioa jasotzerakoan... Ingurune digitalaren hedapenak eta sare-sozialek aurrez aurrekoak ez diren harremanak indartu dituzte. Kontsumo ohituren aldaketak, berriz, gure herrietako paisaiak eraldatu dituzte. Tokiko komertzioak desagertu dira, eta aisialdira zuzendutako jarduerek tokia hartu dute. Hori bai, kontsumoa ez ezik, zaborraren kudeaketa ere aldatu dugu, kasu honetan onerako.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión