Victoria Eugeniara itzuliko da 'Kutsidazu bidea, Ixabel' musikala
Joxean Sagastizabalek orain dela 28 urte argitaratutako nobelan oinarritutako ikuskizuna, iaz Max sari bat jaso zuena, Donostian antzeztuko da hilaren 30 eta 31an
n. a.
Sábado, 27 de agosto 2022, 12:10
Juan Martin, euskara hobetzeko asmoz Gipuzkoa barnealdeko Harrialde herri txikira joan zen gazte donostiarra eta Ixabel, 'kalekumea'-ri ostatu eman zion Aranguren baserriko alaba, ez dira zahartu sortu zirenetik 28 igaro badira ere, agorrezina baita 1994an Josean Sagastizabalek Alberdania etxearen eskutik argitaratu zuen 'Kutsidazu bidea, Ixabel' eleberriaren emaria.
Publicidad
Bat-bateko arrakasta izan zuen liburuaren ondotik etorri zen, 2003an, Gorringo Taldeak egokitu eta taularatutako antzezlana. Luze gabe heldu zen Fernando Bernuesek eta Mireia Gabilondok zuzendutako filma, 2006an. Hurrengo urtean telebistarako egokitu zuten, telesail bilakatuz.
Esateko zeukan, baina, azken hitza -azkenaurrekoa, akaso-, eta pandemia betean musikal bilakatuta berpiztu ziren Ixabel, Juan Martin eta enparauak, Demode Produkzioak-en egokitzapen bikainari esker. Hain bikaina non iaz Musika Ikuskizun Onenaren Max saria irabazi zuen, hainbat ekoizpen handiri gaina hartuta.
Astearte eta asteazken honetan Donostiako Victoria Eugenia Antzokian ikusi ahal izango den 'Kutsidazu bidea, Ixabel' musikala ez da haatik ekoizpen txikia, Demodeko kideak eta rol nagusiak jokatzen dituzten aktoreak batuta zortzi lagun baitaude oholtzan, eta beste zenbait lan teknikoetan.
Demode Quartet gisa sortu zen taldea 2009an, 'a capela' kantua eta umorea uztartzeko. Ikuskizun ugari ekoitzi dituzte orduz geroztik, eta beraien jarduna beste eremu batzuetara zabaldu dute, zineman, antzerkian eta telebistan gidoigile, zuzendari eta antzezle gisa eskarmentu handia duen Patxi Barco donostiarra zuzendari dela.
Publicidad
Datuak
-
Non. Victoria Eugenia antzokian (Donostia).
-
Noiz. Abuztuaren 30 eta 31an (20:00etan).
-
Sarrerak. 24/18/10 euro. Donostia Kulturaren webgunean salgai.
Oraingo honetan jatorrizko istorioari beste geruza bat gehitu diote, Juan Martini eta gainerako pertsonaiei elkarren artean komunikatzeko baliabide berri bat eskainiz: musika. Eleberria oinarri hartuta, dramaturgia Aitziber Garmendia eta zuzendaritzaren ardura bere gain duen Patxi Barcorena da. Aiora Zulaikarekin eta Joli Pascualenarekin partekatu du letragintza Barcok. Zuzendari musikala, berriz, Pascualena da, zeinak musika ere sortu duen Demodeko gainerako kide Iker Huitzi eta Santi Romanorekin batera. Nekez irudika daitekeenez dantzarik gabeko musikalik, Karlos Ngemak sortu ditu koreografiak, eta denak daude oholtzan Xanti Korkostegi (Juan Martin), María Redondo (Ixabel), Ainhoa Aierbe (Ixabelen amona) eta Inaxio Tolosa (Ixabelen aita) aktoreekin batera.
Pandemiaren atarian sortua, horrek eragindako murrizketek baldintzatuta estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian 2020ko abenduan. Victoria Eugenian ere orduan egon ziren, aforoak oso murriztuta zeuden garaian. Batere mugarik gabe itzuliko dira orain, Sagastizabalen istorioari zuku berria ateratzeko asmoz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión