Uztapide, eskolarteko gazteekin Oiartzunen, 1983an, hil aurrean.

Pako Aristi: «Uztapidek gizartea deszifratzeko ahalmen berezia zuen, onena zen»

Idazleak Zestoako «erraldoiak» belaunaldi ezberdinekin, 1936tik 70eko hamarkadara, kantatzeko gaitasuna goraipatzen du

DV

Domingo, 9 de junio 2024, 07:45

Bizi garen gizarte turbo honetan Manuel Olaizola 'Uztapide'-ren figura ahanzturan erori denaren pena du Pako Aristi idazleak. 'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi' liburuarekin hori konpondu nahi izan du, bere ustetan «erraldoi» bat zelako. Basarrirekin eta Xalbadorrekin bikote paregabea osatu zuen eta plazan maiz aritu zen haiekin, kopurua zehaztea zaila bada ere. «Uztapidek esaten du une batean 'udara 18 egun segidan izan nituen 18 saio, 18 gautan 18 leku ezberdinean lo egina nago', beraz ez beti baino pentsatzekoa da bertso-saio askotan izango zirela elkarrekin». Maila horren adierazle da taula lau bertsolari belaunaldirekin elkarbanatu izana.

Publicidad

Izan ere, 1925ean hasi zen bertsotan, Txirritaren tankerako bertsolariekin. «Pendenzieroagoak ziren, elkarri zirikatzen zioten eta kristonak esan». Gerraosteko egoera prekarioan, Aristik azpimarratu bezala, Basarrik errespetuz kantatzearen aldeko apustua egin zuen, «elkarri erdeinatu gabe» eta bertsokera jaso horretan Uztapidek eboluzionatzen jakin zuen. Hori gutxi ez, jarraian heldu ziren Lasarte edo Lazkao Txikirekin ere kantatzen jakin zuen plazetan eta frankismo bukaerako gazte politizatuagoekin, Gorrotxategi, Azpillaga edo Lopategirekin, ere. «Ez Dok Amairuren eta pizkunde kulturalaren aroa izan, lehen Ikastolak... Hauekin kantatzen ere jakin zuen eta bertso radikalen bat ere badu, liburuan jaso den bezala. Abilezia edo dohain hori izan zuen».

Guztiaren gainetik, «gizartea deszifratzeko eta eragina izango zuten gauzak esateko ahalmen berezia» nabarmentzen du Aristik. «Aparteko azkartasun mentala, zorroztasuna, bere ingurua ezagutzeko gaitasuna zuen». Hori islatzen saiatu dira liburuan txertatutako bertsoen antologian, eta garai hartako bertsolaria izanagatik, egungo ikuspegitik ulertzeko moduko bertsoak direla aurreratu du.

Bertsokide eta maisu

Ibilbide luze horretan gazteekin izandako harremana konstante bat izan zen. «Transmisio lan ikaragarria egin zuen, bertsolari asko onartzen diote hori, irakasle eta maisu izan zela». Uztapideren azken argazkia, albistearekin batera doana, 1983koa da eta harekin daude, besteak beste Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi, Sarasua anaiak edo Felix Iñurrategi. Bertsozale Elkarteak Gipuzkoako Txapelketaren harira berreskuratu du lehen bertso eskolaren 50. urteurrena ospatzeko eta iruditegia berritzeko baliatu du.

Aristik oso ideia ontzat du, era honetara Zestoako bertsolaria ahanzturatik berreskura daitekeelakoan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad