Urriaren 4an abiatuko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa
24 bertsolarirekin ekingo dio bideari Auritzen, eta, estreinakoz, Nafarroa Arenan amaituko da
A. Urbieta
Donostia
Domingo, 7 de septiembre 2025, 19:34
Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 47. edizioa ate joka dugu jada. Urriaren 4an Auritzen abiatuko da 24 bertsolariren parte-hartzearekin eta bi hilabetez, euskal kulturaz gozatzeko topalekua eskainiko du Nafarroako hainbat eskualdetan, eta bertsolaritzaren -eta oro har euskarazko kultur sorkuntzaren- bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. Finala azaroaren 29an, larunbatez, jokatuko da eta estreinakoz Nafarroa Arena hautatu dute antolatzaileek egun handirako.
Publicidad
Izan ere, Nafarroako bertsolaritza une gozoan dela dator 47. txapelketa hau. 2023ko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. «Gorakada ari da bizitzen bertsolaritza Nafarroan, ikusle kopuruari eta bertsogintzari dagokionean. Horregatik, hain zuzen 2025eko txapelketako finala Nafarroa Arenan izango da lehenengoz. Urtez urte gora doan bertsolarien mailak, eta gerturatzen den bertsozale kopuruaren gorakadak, urrats kuantitatibo eta kualitatibo hau ematera garamatza», azaldu dute.
Zortzi saio, beste horrenbeste udalerritan
30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkatze fasea igarota, 24 izango dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen helburuetako bat bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzea denez, apustu hori islatu egingo da txapelketan, saioak Nafarroko eremu desberdinetako udalerrietan burutuko baitira.
Txapelketa lehenengo fasearekin abiatuko da. Lau saio izango ditu fase honek: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Finalaurrekoetan hiru saio izango dira: Agoitzen, Leitzan eta Tafallan. Eta azkenik, Iruñean jokatuko da finala, azaroaren 29an, larunbatez, Nafarroa Arenan. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta hor erabakiko da 2025eko txapelduna.
Lehen aldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan izango dena. «Bertsolaritzak geroz eta oihartzun handiagoa du Nafarroan, kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki ere hazi egin da. Entzule kopuruari dagokionean, esaterako, inoizko jendetsuena izan zen duela bi urteko finala; bide horretan, hazten eta indartzen joan gaitezkeenez, pausoa ematea erabaki da».
Publicidad
Finalerako sarrerak ez ezik, saio guztietakoak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, salbu eta Iruritako lehenengo faseko saioa eta finala, 17:00etan hasiko direnak.
Ordezkaritza anitza eta aurpegi berriekin
Parte hartzaileei dagokionez, anitza da ordezkaritza. Aurpegi berriak, zein txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere ariko dira lehian. Aurten, gainera, hiru txapeldun izango dira horien artean: Julen Zelaieta, Saioa Alkaiza eta egungo txapelduna den Julio Soto. Hauxe da guztien zerrenda Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz), Amaia Elizagoien Varela (Oronoz), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren), Ekain Alegre Gil (Altsasu), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Endika Legarra Nuin (Iruñea), Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri Aranatz), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Jabi Lezaun Landa (Iruñea), Joanes Illarregi Marzol (Leitza), Josu Sanjurjo Altzuri (Lesaka), Julen Zelaieta Iriarte (Bera), Julio Soto Ezkurdia (Iruñea), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Mikel Lasarte Cia (Barañain), Patxi Castillo Graciarena (Bera), Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz), Saioa Alkaiza Guallar (Antsoain), Sarai Robles Vitas (Barañain), Urko Gartzia Aleman (Lekaroz), Xabat Illarregi Marzol (Leitza) eta Xabi Maia Etxeberria (Elizondo).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión