Txapelketak izango ditu ardatz Bilintxen Menda Bertso Hamabostaldiak
Bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta bertso saio bat antolatu dira bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egiteko
Bilintxen Menda bertso hamabostaldiak bigarren edizio izango du, apirilaren 19tik maiatzaren 2ra antolatuko dena. Bi aste hauetan lau saio «mamitsu» antolatuko dira, guztiek bertso-txapelketak izango dituztelarik ardatz, baina formatu desberdinetan gauzatuko direnak. Bi hitzaldik (horietako bat musikatua), mahai inguru batek eta txapeldunen arteko bertso saio batek osatuko dute programa.
Publicidad
Indalezio Bizkarrondo Bilintxen jaiotzaren 190. urteurrena zela-eta, bertsolari donostiarra omentzeko antolatu zen lehenengo edizioa 2021ean, eta jarraipena ematea erabaki dute antolatzaileek, hau da, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak. Oraingoan, San Telmo Museoa ere batu da antolakuntzara. Dena dela, bigarren edizioak helburuak berak ditu, hau da, bertsolaritzaren bilakaera aztertzea, bertsozaleei gozatzeko parada eskaintzea eta Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatzea. Jardunaldien izena eustea erabaki da, «Bilintx Donostian bertsolaritzaren ordezkari gorena delako», argitu zuen Xabier Euzkitze, jardunaldietako koordinatzaileak.
JARDUNALDIAK
-
Apirilak 19 Lau txapeldunen arteko bertso saioa.
-
Apirilak 24 Txapelketetako edukiak ardatz izango dituen hitzaldia Jon Sarasuarekin.
-
Apirilak 28 Bertsolari txapelketen antologia kantatua, Aizpea Goenagak aurkeztua.
-
Maiatzak 2 Gai-jartzaileen bilakaera aztertuko duen mahai ingurua.
Lehen jardunaldiak Txapelketa Nagusia irabazi duten lau bertsolari bilduko ditu: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Artzallus eta Maialen Lujanbio. Bosgarren txapeldun bat bada ere bizirik segitzen duena, Xabier Amuriza, baina bertsolari bizkaitarrak aspalditxo utzi zituen plazak, eta saio honetan parte hartzeko «tentatu» badute ere, «ez dugu lortu etortzerik», aitortu zuen Euskitzek. Lau txapeldunak Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal Aretoan aritu dira kantari apirilak 19an (19:30), Ainhoa Larretxea izango dutelarik gai-jartzailea. Emanaldi honetarako sarrerak gaur jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera.
Bertsolaritzaren aldaketak
Bigarren saioak Jon Sarasua izango du protagonista nagusi. 'Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik' izenburua duen hitzaldia eskainiko du apirilak 24an Ernest Lluch kultur etxean (sarrera librea izango da aretoa bete arte). Plazetatik kanpo bada ere, Sarasuak bertsolaritzarekin lotuta segitzen du, eta bere begirada eta gogoetek «beti ematen dute zer pentsa». Xabier Euskitzek aurkeztuko du kasu honetan solasaldia.
1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Nagusietan zeharreko bidaia bat proposatuko die ikusleei hirugarren jardunaldiak, gaur egungo bost bertsolarien ahots eta begiradetatik egina. Beñat Gaztelumendik, Oihana Iguaranek, Unai Agirrek, Nerea Ibartzabalek eta Aner Euzkitzek garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko jokoa osatuko dute, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak lagunduta. «Oso bertsozale» den Aizpea Goenagak aurkeztuko du emanaldia apirilak 28an Antzoki Zaharrean (sarrerak gaur jarriko dira salgai 11.30ean).
Publicidad
Hamabostaldiari amaiera emateko, maiatzak 2an gai-jartzaileen bilakaera aztertuko duen mahai ingurua antolatu dute San Telmo Museoan (sarrera librea izango da). Horretarako, hiru belaunalditako gai-jartzaile elkartuko dira, Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal. Bakoitzaren esperientziatik, bertsolarien profilarekin batera beraien lana nola aldatu den azalduko dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión