Txapela burura lehen finalean Saioa Alkaizarentzat
Iruñearrak irabazi du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa Eneko Lakoz eta Julio Sotoren aurretik
BIANDITZ IRAOLA
Iruñea.
Igandea, 28 azaroa 2021, 23:17
Saioa Alkaizak irabazi du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Lehen aldiz sailkatu zen finalera, eta konplexurik gabeko saio bikain baten ondoren, merezimendu osoz, txapela bereganatu zuen iruñearrak. Hasi eta bukatu egin zuen saio bikaina, Eneko Fernandezekin, adibidez, zortziko txikian. Autobusean zihoan gaztearen papera suertatu zitzaion, musika bozgorailuan jarri zuena. Bikain ekarri zituen erreferentzia musikalak, ondoan eserita zuen Fernandezen belaunaldiarekiko arrakala nabarmenduz: «altu ipini dizut propio C Tangana / ... / bilatu nahi al duzu zuk ere tangana»; «eta orain Chill Mafia villabesan zehar / ... /ze Errotxapeakokin ez da sartu behar» edo «Joseba Tapia orain modernoa da ai / eta berak ahal badu igual zuk ere bai». Fernandezek era bukaera bikaina eman zion: «lehen genitun Ertzainak eta Baldin Bada / eta orain nagusi Chill Mafia hara / nola aldatu diren gauzak kamarada».
Sailkapena
-
Saioa Alkaiza 995
-
Eneko Lazkoz 992
-
Julio Soto 627,5
-
Joanes Ilarregi 596
-
Xabier Silveira 592,5
-
Xabat Ilarregi 582,5
-
Josu Sanjurjo 580,5
-
Eneko Fernández 573
Zortziko txikiak utzi zuen saio eder gehiago ere, Eneko Lazkozek eta Xabier Silveirak egin zutena, adibidez. Baina aipagarria izan zen lehen bi sailkatuek buruz-buru seiko motzean osatu zuten elkarrizketa. Hiltzorian zeuden ospitalean, Lazkoz bizitzan egindakoez zen damu, eta Alkaiza egin ez zuenaz: «atzean hainbeste laino / dut behin helduta honaino / bizitzeari beldur gehiago hiltzeari baino» esanez hasi zen Lazkoz, eta honela erantzun txapeldunak: «erdi monja, erdi sosa / nahiz puritana arrotza / kontra egiteko baino ez baitut altxatzen ahotsa / ez baitakit zer den poza / bizitza hau nola goza / carpe diema iritsi aurretik iritsi heriotza». Bigarrenean, berriz: «errutinari ustel usaia aspaldi dario / ... / arren bigarren aukeraren bat eskeini herio». Lazkozek ere bikain jarraitu zion bere hirugarrenan: «ta ni aurretik bi zango / nautean eramango / ez naiz deskantsu hartuko duen bakarra izango».