'Non dago Mikel?' dokumentala etxetik mugitu gabe ikusteko aukera
ETB1-en izango da ikusgai ostegun honetan 22:30etik aurrera. 'Galdutako Objektuak' websaila ere ikus daiteke nahieran dokumentalaren webgunean
Jueves, 10 de marzo 2022, 11:21
1985eko azaroaren 26an, Idoia Aierbe neska laguna, Manuel Bizkai eta Ion Arretxerekin batera atxilotu zuen Mikel Zabalza 33 urteko gazte nafarra, eta hainbat egun haren paraderoaren berririk izan gabe igaro ostean, Guarda Zibilak berak aurkitu zuen Bidasoan Zabalzaren gorpua. Mikel desagertuta egon zen bitartean, bertsio ofizialaren aurrean -ihes egin ziela, alegia, zenbait guardia zibilekin batera ustezko zulo bat mihatzen ari zela- deskonfiantza handia erakutsi zuten herritarrek, eta protesta mugimendu ugari egin ziren. Edonola ere, aspaldikoa izan arren Mikel Zabalzaren ez da iragana, ez dago itxita.
Publicidad
Hil eta 36 urtera, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak motibazio politikoko indarkeriaren biktima izaera aitortu dio berriki Mikel Zabalzari, eta Balorazio Batzordea delakoak egiaztatu egin du guardia zibilek Zabalzaren giza eskubideak urratu zituztela, «tortura ankerren bidez eta tratu gizagabe eta iraingarrien bidez». Atxiloketaren eta heriotzaren inguruko informazioa klasifikatua publiko egin dadin ere eskatu da berriro azken egunotan. Orain urtebete ezezkoa izan zen Grande Marlaska ministroaren erantzuna, Gobernuak horretarako behar bezainbesteko babes legalik ez duela argudiatuz. Aste honetan bertan, Aitor Esteban EAJko diputatuak egindako eskaerari ez dio ezezko borobilik eman Pedro Sánchezek, eta justiziaren esku utzi du erabakia.
Oraingoz, dena den kazetaritza eta zinema heldu dira ageriko bertsio ofiziala irtisi ez den zoko eta gune ilunetara, eta horren lekuko da 'Non dago Mikel?' dokumentala, orduko artxiboko materiala eta Zabalzaren inguruko jendearen eta auzian zerikusia izan zutenen lekukotasunak biltzen dituena. Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas 'Pitu'-k zuzendutako filma 2020an aurkeztu zen Donostiako Zinemaldian, eta iazko otsailean iritsi zen zinema-aretoetara. Saio ugari jaso ditu harrezkeroztik, eta ikusle askorengana iritsi da gazte nafarraren desagerpen ankerraren kronika. Ostegun honetan, 22:30ean, etxetik mugitu gabe ikusi ahalko da EITBren parte-hartzea duen filma ETB1en.
Dokumentalaren material extrarekin egindako 'Galdutako Objektuak' websaila ere badago ikusgai proiektuaren webgunean. Lau eta hamasei minutu arteko hamar atal ditu, eta lekukotasun interesgarri ugari eta informazio osagarri baliotsua eskaintzen ditu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión