Las diez noticias clave de la jornada
Ezkerrean, Maitane Gartziandia; erdian, aurrealdean Ainara Azpiazu 'Axpi' eta atzealdean Loinaz Lekuona; eskuinean, Maite Gurrutxaga. USOZ

'Tupust!', ikuspegi feminista partekatzen duten emakume irudigileen elkargune berria

Kolektiboaren izen bera duen liburua aurkeztu dute, 'Ni'-aren inguruko hamalau istorio jaso dituen komiki bilduma

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Miércoles, 27 de marzo 2019, 08:25

Hamalau komiki laburrek osatzen dute 'Tupust!', Txalapartak argitaratu duen liburua, 2016. urtean zenbait emakume irudigilek abian jarri zuten izen bereko kolektiboaren aurreneko emaitza ukigarria. Atzo aurkeztu zuten liburua Donostiako Komikigunean, eta bertan izango da ikusgai astean zehar komikirako prestatu dituzten hainbat marrazki biltzen dituen erakusketa txikia. Tabakalerako Tobacco Days liburudendan jarriko dituzte ondoren marrazkiak.

Publicidad

Txalapartako Garazi Arrularekin batera, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu 'Axpi', Loinaz Lekuona eta Maite Gurrutxaga izan ziren aurkezpenean, gainerako guztien ordezkari. Istorioak hamalau badira ere, guztira hogeitik gora sortzailek hartu dute parte proiektuan. Izan ere, badaude komikiaren ardura osoa hartu duten irudigileak (Ainara Azpiazu, Irati Eguren, Paula Estévez, Maite Caballero, Maitane Gartziandia, Loinaz Lekuona, Arrate Rodriguez...); egileen artean dago halaber Txakur Gorria kolektiboa, eta badaude gidoigile batekin lankidetzan aritu diren marrazkilariak. Hala, Maite Gurrutxagak Irati Jimenezekin osatu du bikotea; Nerea Unanuak Amaia Lekunberrirekin; Leire Urbeltzek Hedoi Etxarterekin; Eider Eibarrek Miren Amurizarekin eta Irati F.G.-k Regina Salcedorekin. Danele Sarriugartek eta Joseba Larratxe 'Josevisky'-k ere sinatu dute komikietako bat. Izenen ugaritasuna estilo aniztasun bilakatu da liburuan. Arrulak esan bezala, «gaur egungo komikigintzaren lagin bat» ere bada bilduma.

Komiki feminista

Denek abiapuntu bera izan bazuten ere -'Ni'-aren inguruan gorpuztu da proiektua- estiloak bezain askotarikoak izan dira gaiari heltzeko moduak, nahiz eta denek bat egin duten ikuspegi feministaren inguruan. «Komikia eta feminismoa uztartzea» da, hain zuzen, egitasmoaren helburuetako bat. «Komikigintzatik eta euskaraz, eredu tradizional heteropatriarkalaren deseraikitzea», zehazki.

Liburua, esan bezala, hilabete askotako lanaren emaitza materiala da, baina paperera eraman ezinak diren beste zenbait xede ditu proiektuak. Nagusietakoa, maiz bakarkako lanean aritu ohi diren sortzaileon arteko sare bat osatzea. «Ez da bakarrik lan bat egitea -azaldu zuen Axpik aurkezpenean- baizik eta saretzea, elkartzeko eta elkarri babesa emateko espazio bat sortzea».

Lankidetza horrek gauzatze desberdinak izan ditzake. Liburu bat izan daiteke. Edo izan daiteke ikastaro bat antolatzea. Edo elkarri laguntza eskaintzea. Konpainia egitea. Indarrak batu eta bakarrik ez daudela sentitzea. «Orain arteko esperientziaren alde aberasgarriena elkar ezagutzea eta gure artean gauzak partekatzea izan da», azaldu zuten. «Elkartu garen bakoitzean pilak kargatu ditugu, energiak berritu ditugu», adierazi zuen Gurrutxagak.

Publicidad

Liburuko orriak pasatzen hastean, aurkezpenean nabarmendu duten estilo aniztasunak eta koloreen erabilerak ematen dute atentzioa, bi kolorerekin moldatu baitira egile guztiak, batuta beltza ematen duten gorria eta berdearekin. Hautua praktikoa izan zen batik bat. Izan ere, hasiera batean liburua beraiek argitaratzea zen asmoa, autoedizioan, eta baldintza horietan lan egitean aurrezpen denak dira mesedegarriak, tinten kopurua murriztea barne.

Oinarrizko gaiaz gain, liburuaren formatua eta bi tinta horiek baliatu beharra izan ziren egileek beren buruei jarri zizkieten baldintza teknikoak. Gainerako guztian libre jokatu dute, nork bere erara. Normalean argitaletxearen esku uzten den prozesuaren zati handi bat kudeatzeak, bestalde, asko ikasteko balio izan omen die. Komunitatea osatuta eta lehen ageriko emaitza kalean dagoen honetan, elkarlanari eusteko asmoa dute, «gelditzeko etorri» direlako.

Publicidad

TUPUST!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad