Simone de Beauvoir, Ryszard Kapuscinski, Ibon Martin y Dolores Redondo. AFP/ REUTERS/ AYGÜES/ MORQUECHO
54. Durangoko Azoka

Susperraldiaren baieztapena

Itzulpenak. Kopuruagatik ez ezik, gero eta arlo gehiagotara iristeagatik ari dira nabarmentzen beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarritako lanak

Miércoles, 4 de diciembre 2019, 13:20

Ausaz egokitu zaio orrialde honi aurreneko posizioan Anjel Lertxundiren aipua, baina hor ez balego izan zitekeen literatur itzulpengintzari buruzko ataltxo honen lerroburu nagusia, nahikoa baita katalogoari erreparatzea ikusteko oso sendo dagoela berez, bai kopuruan, baita aniztasunean ere. Susperraldia baieztatzeaz gain, Durangoko Azokak ikusgarritasuna emango die. Irakurleei dagokie hurrengo urratsak egitea, itzul­tzaileek eta argitaletxeek eginak baitituzte haiei zegozkienak.

Publicidad

Ez du hutsik egingo 54. Azokan literatur itzulpengin­tzaren aurrerabidean zerikusi handia izan duen 'Literatura Unibertsala' ekimenak, 1990 urtean abiatu zenak. EIZIErekin batera, Eusko Jaurlari­tza eta Erein eta Igela argitaletxeak dira bilduma zabal honetara bi liburu berri ekarri dituen ekimenaren eragileak.

176 eta 177 zenbakiak daramatzaten liburuak Ngugi wa Thiongoren 'Gerra garaiko ametsak' eta Ingeborg Bach­mann austriarraren 'Aldibereko' dira. XX. mendeko bi klasiko horiek –wa Thiongo bizirik da– Olatz Pratek eta Idoia Santamariak euskaratu dituzte, hurrenez hurren. Daukan eskarmentu guztia behar izan du Santamariak Bachmannen idazkera berezia euskarara ekartzeko. Pratek berriz, itzuli duen aurreneko liburuan, gurean oso ohikoak ez diren eta entzutea komeni zaigun Afrikako istorioak ekarri ditu.

«Literatur itzupelgintza berez oso sendo dago, herrena duena da ikusgarritasuna»

ANDU LERTXUNDI, 'ITZULIZ USU BEGIAK'

Ez da, edonola ere, Afrikara begira jarri gaituen itzulpen bakarra. Igelak, aipatu ekimenetik at duen itzulpen programan, iaz Fran­tzian sekulako arrakasta eta salmenta handiak izan zituen Gaël Fayeren 'Ene herri txikia' argitaratu du, Irati Bereauk eus­karatua. Hip-hop musikari famatua den Fayek aita fran­tziarra du, eta ama Burundin bizi zen ruandar tutsi emigratua. Ngugi wa Thiongok Kenia kolonialean gertatutakoekin egin zuen bezala, ume baten begietatik kontatzen du Fayek, oraingoz bakarra duen nobelan, iragan mendeko 90eko hamarkadan Ertafrikako gerrek markatutako haurtzaroa.

Gaur-gaurkoa den liburu horrekin batera, bi autore klasikoren lanak eman ditu eus­karaz Igelak, Robert Louis Stevensonen 'Catriona', Xabier Olarrak itzulia, eta Arthur Conan Doyleren 'Estudio Eskarlata' (Xabier Olarra) eta 'Bas­ker­villetarren ehiza-txakurra' (Usoa Wyssenbach). Bi liburu horiekin 'Sherlock Holmes irudiduna' bilduma abiatu dute, Iruñeko denonartean argitaletxearekin koedizioan.

Publicidad

Alberdaniak ere klasikoetara jo euskarara ekartzeko testu bila. Guy de Maupassant XIX. mendeko idazle frantsesaren bederatzi ipuinez osaturiko 'Vendetta eta beste ipuin batzuk' izenburuko liburua argitaratu du. Jexuxmari Mendizabal 'Bizargorrik' euskaratu ditu bere liburuetako pertsonaien antzeko bizitza izan zuen idazlearen narrazioak.

«Gaurko gazteekin gure gaztaroaz aritzeko diskurtsorik ez daukagu, babestu nahiko baneginut bezala»

Literaturaz haragoko liburutegia osatzeko lagungarriak diren lanak euskaratzearen aldeko apustua egiten duten argitaletxeak ere badira, jakina, eta horietan aktiboenetakoa izan daiteke orain dela hiru urte Iruñean sortu zen Katakrak. Hainbat liburu aurkeztu ditu azken asteetan, eta ez nolanahikoak. Begirada zabaltzeko liburuak dira, gogoetarako ere bai, eta era berean dira borrokarako eta aktibismorako pizgarriak.

Publicidad

Durango atariko lehen agerraldian Eva Illouz soziologo eta idazlearen bi testu –'Arimaren etorkizuna' eta 'Estandar emozionalen sorrera'– jasotzen dituen liburua, Danele Sarriugartek euskaratua, aurkeztu zuten. Gaur egun Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko Soziologia eta Antropologia departamentuko irakasle den Illouz trebea da irakurlearen arreta erakartzen.

Beste horrenbeste egin zuen 2007an hil zen arte Ryszard Kapuściński kazetari poloniarrak. Orain arte euskarara ekarri gabe zegoen. Haren 'Kristo fusilarekin' euskaratu du Katakrakentzat Amaia Apalauza Ollok. Aurreneko aldiz 1975ean argitaratu zen liburuan Palestinan, Latinoamerikan eta Afrikan puri-purian zeuden gatazkei buruz ida­tzi zituen lanak bildu zituen, horietan azkena, 'Mozambikeren aldeko lehen tiroa', gainerakoak baino luzeagoa. Hamarkada asko igaro dira kazetaria gertatzen ari zenaren lekuko eta interprete izan zenetik, baina harrigarria da ikustea nola berpizten diren, eta nola baldintzatzen duten orain­aldia, orduko su hauek.

Publicidad

«Ez dut idatzi gazteentzako, eta ez dut inongo esfortzurik egin gaurko gazteen hizkera imitatzeko»

ramon saizarbitoria, 'miren eta erromantizismoa'

1971an argitaratu zen 'Den-dena nahi dugu' eleberria eus­karatzeko kontratua sinatu eta egun gutxira hil zen, joan den udaberrian, euskara ekarri gabe zegoen Nanni Balestrini idazle italiarra. Katakrakek argitaratu du, Fernando Reyren eskutik, gauzak askok uste baino gu­txiago aldatu direla ikusteko aproposa den lana.

Feminismoaren bulkada

Jatorrizko lanetan bezala, itzul­penetan ere igartzen da euskal mugimendu feministaren kemena eta jakin-nahia. Katakrakek berak Barbara Ehrenreich eta Deirdre English autore estatubatuarren 'Sorginak, emaginak eta erizainak. Emakume sendalarien historia bat' argitaratu du, Silvia Federiciren hitzaurrearekin. Aurreko kasuetan bezala, lehen aldiz ekarri da euskara bi aktibista beterano hauen lana. Maria Colera Intxaustik egin du itzulpena.

Publicidad

Liburutegi feminista aberasten ari den beste argitaletxe bat Txalaparta da. Liburu berri-berri bat argitaratu du, urgentziazkoa kasik, ingelesez aurten bertan kaleratua: 'Feminismoa %99ren alde. Manifestu bat'. Orrialde gutxitan asko esaten duen testua Cinzia Arruzza, Tithi Bhattacharya eta Nancy Fraserrek sinatzen dute, eta Danele Sarriugartek itzuli du. 'Emakumeak', 2015ean hil zen Eduardo Galeanok utzi zuen azken liburua, ere argitaratu dute euskaraz, Mikel Vilchesen eskutik eta edizio ederrean.

«Aliantzak behar dira euskalgintzaren eta feminismoaren artean»

lorea aguirre

Arlo honetan ezinbesteko erreferentzia den Eskafandra bilduma feministak, Elkarrek eta Jakinek partekatzen duten ekimenak, berriz, ezinbestekotzat jo behar den lan bat ekarri du: Simone de Beauvoir idazle eta filosofo frantsesaren 'Bigarren sexua', orain dela 70 urte argitaratua. Hein handi batean «emakume ez da jaio­tzen: egin egiten da» ideia 'iraultzailea' hedatu zuen liburua feminismoaren ikur nagusietakoa da. Lan itzela egin du Irene Arraratsek bi tomotan argitaratu den liburua euskaratzen.

Noticia Patrocinada

Azkenik, eta haur literaturan horren ugariak diren itzulpenak aipatu gabe, badago euskal literatur itzulpengin­tzaren ekosistema gero eta askotarikoagoan beste 'espezie' bat, oso hurbilekoa duguna: gaztelaniaz arrakasta izan duten liburuak, euskarara ekarriak, edo arrakasta aurreikusten zaienak, hizkuntza bietan argitaratuak. Aurreneko mul­tzokoa da, esaterako, Ibon Martinen 'Isiltasunaren itsasargia' (Elkar-Travel Bug), Aiora Jakak euskaratua. Dolores Redondoren 'Bihotzaren iparraldea', Danele Sarriugartek itzulia, eta Toti Martínez de Lezearen 'Sorgin belarra', Miren Arratibelek euskaratua, biak Ereinek argitaratuak, bigarren mul­tzoan sailka daitezke.

Poesiak ere ondo bidaiatzen du

Ondo egiten du poesiak hizkuntza batetik besterako bidaia, gidari egokia aurkitzen bada. Eta horretan beti asmatzen du Beñat Sarasolaren ardurapeko Munduko Poesia Kaierak bildumak (Susa). Louis Aragon eta John Bergerren poesia sortak ekarri berri dituzte, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà eta Iñigo Roque Eguzkitzak euskaratuta. Autore horiek hautatu dituzte munduko poesiaren argazkia osatzeko, bilduman ez zegoelako frantses ahotsik ia.

Liburu oso berezia da bestalde 'Farmazia Beltzak'-en 'Bilduma bat'. Iñigo Astizek Sandro Penna italiarraren poemak euskaratu dituen, eta Damaris Panek bere marrazkiekin osatu du argitalpena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad