Shakespeareren «hitzak eta edertasun poetikoa», euskaraz oholtzan
Euskaraz estreinatuko da Arriaga Antzokian Calixto Bieitok zuzendu eta Bernardo Atxagak egokitu duen 'Erresuma/Kingdom/Reino' antzezlana
m. imaz
Martes, 8 de febrero 2022, 15:15
Euskarazko muntaiaren estreinaldiarekin abiatuko da datorren ostiralean Arriaga Antzokiaren antzerki-ekoizpen berria, 'Erresuma/Kingdom/Reino' antzezlana, «elementu eragargarri ugariz josita» egoteaz gain «William Shakespeare, Calixto Bieito, José María Pou euskal aktore bikainekin batera, Bernardo Atxaga…» nahasten dituena.
Publicidad
Nola lotzen diren izen horiek guztiak antzezlan bakarrean? Hari ugariren bitartez. William Shakespeareren tragediak laburtzen dituen egokitzapen bat egin du Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak, «egile ingelesaren obran oinarrizkoa den hori mantenduz: haren hizkera, bortizkeria eta poesia». Hala, estetikoki eta bisualki oso indartsua den proposamenak Shakespeareren tragedietako pertsonaia nagusiak ditu ardatz, «beren indargune eta ahulguneekin. Pertsonaien izaera dela eta, interpretazioak deigarriak dira haien kontraste eta intentsitateagatik».
Euskarazko egokitzapena Bernardo Atxagak egin du, Larrakoetxearen testu batzuetatik abiatuta. Aktoreei dagokienez, euskal aktoreak dira nagusi eratu den konpainian,Joseba Apaolaza, Lucía Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina egongo baitira oholtzan, José María Pourekin batera.
Calixto Bieitok aurkezpenean esan zuenez «hau zen Bilbora iritsi nintzenean buruan nuen proiektuetako bat. Shakespearekin ingelesez, frantsesez, suedieraz edo alemanez lan egin ondoren, jakin-min handia nuen bere hitzak eta edertasun poetikoa euskaraz eta gaztelaniaz entzuteko. Duela urte batzuk 'Obabakoak' egin nuenean, ikusi nuen hemen, Euskadin, talentu handiko antzezleak daudela eta horrek, Bernardo Atxagarekin garatu nuen konplizitatearekin bat eginez, are gehiago konbentzitu ninduen proiektu hau egiteko nahiaz. Beraz, hor dago denborarekin Erresuma/Kingdom/Erresuma bihurtu denaren jatorria«.
Estreinaldiaren ostean, bira
José María Pou eta Calixto Bieitoren arteko harremana ere luzetik dator eta, gainera, William Shakespearek asko markatu du. Hirugarren aldia da Pouk, aktore gisa egindako ibilbide luzean, Shakespeareren testuak lantzen dituela; eta hiruretan Bieitoren zuzendaritzapean izan da. Lehen aldia 'El rey Lear' antzezlanean izan zen (2004), bigarrena 'Forests' antzezlanean (2012) eta orain hirugarrenez heldu dio, 'Erresuma/Kingdom/Reino' antzezlan honetan.
Publicidad
Muntaiak «poesia garaikidea transmititzen du, oso gaur egungoa den planteamendu eszeniko batekin». Instalaziotzat ere har daiteke, non antzezleek beren pertsonaiak «oso modu aske eta intuitiboan» eraiki ditzakete. Bieitok aukeratutako Shakespeareren testuek marko batean kokatzen ditu, eszena zehazten dute, «baina gero aktoreek osatzen dute koadroa. Zalantza barik, ikusleek Shakespeareren tragedia historikoetarako hurbilketa oso desberdina ikusiko dute: inor ez da epel geratuko», aurreratu dute.
Gaztelaniazko bertsioaren estreinaldia datorren astean izango da, otsailaren 17an hain zuzen ere; hizkuntza horretan egingo diren zazpi emanaldietatik lehena izango da. Gainerakoak otsailaren 18, 19, 20, 25, 26 eta 27an izango dira. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
Publicidad
Estreinaldiaren ostean bira egingo da. Horri dagokionez, gogoan hartzekoa da Arriaga Antzokiaren ekoizpen honetan Madrilgo Teatro Españolek, Gasteizko Principal Antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta Getxoko Muxikebarrik koproduktore gisa laguntzen dutela.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión