Seigarren DA PRO! topaketak, azaroaren 26an eta 27an
Kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko helburua du; lehenek urriaren 8tik 18ra bitartean eman ahalko dute izena, eta bigarrenen epea azaroaren 11n hasiko da
J. A.
Martes, 8 de octubre 2024, 09:37
Durangoko Azokaren aterkipean baina egitarautik kanpo jaio ziren DA PRO! topaketak eta poliki-poliki, euskararen plazak haren hastapenetan egin zuen bezala, babesak pilatzen joan da, egutegian tokitxoa egiten eta publikoaren agendetan zita garrantzitsu bihurtzen. Ildo beretik etorriko da 2024ko edizioa, jada seigarrena, azaroaren 26an eta 27an.
Publicidad
Kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko helburuz bigarrenen proposamenak katalogo banatan -musika eta familia ikuskizunak- jasoko dira. Katalogo hori teknikarien eta programatzaileen eskura ipiniko da, kontratazioak egiteko erabilgarri izan dezaten
Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko dituzte euren lanak. Bakoitzak tarte bat edukiko du, azalpenak emateko zein proiektuaren lagin bat zuzenean erakusteko. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean.
Bertan parte hartu nahi duten sortzaileek urriaren 8tik 18ra bitartean eman ahalko dute izena, durangokoazoka.eus webgunean. Programatzaile eta teknikarientzako epea, aldiz, azaroaren 11n hasiko da.
Topaketa antolatu ahal izateko zenbait laguntzaile ere batuko dira egitasmora; lehen jardunaldian Berbaro euskara elkartea eta biblioteka izango dira bidelagun, eta bigarrenean Musika Bulegoa. Topaketaren bidez, asmo bi hauspotu gura dituzte antolatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur areto eta jaialdien programazioa euskarazko ekitaldiekin elikatzea. BBK Fundazioa izango da babesle nagusia.
MusikaGaz Fest jaialdirako atea
Musikarien kasuan, hautaketa prozesu zuzen baterako atea ere izango da azaroaren 27ko topaketa. Izan ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak DA! PRO ekimeneko partaideen artean aukeratuko ditu MusikaGaz Fest jaialdirako musika taldeak. 2025eko urtarrilaren 25erako iragarrita dago kontzertu hori, Amorebieta-Etxanon bertan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión