Festa kolektiboa eskaini zuen atzo Illunben ZETAK taldeak. ARGAZKIAK LOBO ALTUNA

Sua gasolinarekin itzaliz, Illunbeko lehen round-a Pello Reparazen alde

Narratibak musikak baino pisu gehiago izan zuen gauean XV. mendera bidaiatu zuten ikusleek mitologiaren laguntzaz Inkisizioari aurre egiteko

Jon Agirre

Donostia

Sábado, 6 de septiembre 2025, 02:00

Urtarrilean Iruñea bere eginda, zer eman zezakeen atzo ZETAKek 'hemen gaude' esateko? Argi zegoen hasiera lehergarria izan behar zela eta, dedio, ez zuen ezer gorde Pello Reparazek 150 gonbidatu eta haien eskutik hasi zuen emanaldia. «Festa kolektiboa» esan baino, egin edo bihurtu zuten nafarrek. Bazuten erronka, urduritasuna nabaritu eta txistu batzuk –ezin gezurrik esan– entzun zirelako. Harik eta bufoiz jantziriko Aitziber Garmendiak –ikaragarria– ZETAKek asmatu eta Illunbeko 'Mitoaroa II'n zabaldu duen «fikziozko munduaren» konstituzioa, arautegia edo dekalogoa errezitatu zuen. Esaterako: «Ozen kantatzea eskertzekoa da, beti notekin asmatzen ez bada ere».

Publicidad

Esan eta egin, txispa piztu zelako; 'Gora Palestina askatuta' aldarriak eta hasierako energiak, akelarrea. Nostalgia kolpearen ostean –polita Vendettakoak han ikustea–, Illunbekoa hasi baino ordu batzuk lehenago iragarri bezala «amildegitik erori» eta 13.000 ikusleek XV. mendera bidaiatu zuten. Enrike Solinisen doinuak funtsezko izan ziren hartarako. Ez ziren aro gozoak euskaldunentzat, Inkisizioa oroituko du irakurleak, eta indartsu sentiarazi zuen Josean Bengoetxeak. Hark bezala, ederki gorpuztu zituen garaiaren gogorrak Javier Botetek.

Mitologia kontakizunetan oinarritua dela esan ohi da, bat Botet ez bada noski. Ahotsik baliatu gabe kontatu zuena kronika osoa betetzeko nahiko litzateke-eta, Kukai Dantza Taldearekin edo Reparazekin izandako interakzioa literatura onenak ez dakit hain ondo sentiaraziko zuen.

Mugikorra beti eskuan dugun aro honetan eta atentzioak 15 segunduro ihes egiten digun aro honetan, amu mordoa eman zizkion Reparazek ikusleari. Sua gasolinarekin itzali zuen. Oholtzan, 360 graduko eszenatokia proposatuz eta lllunben zehar egindako bidaiak gertu sentiaraziz lau pantaila erraldoien bitartez. «Astra maitea» ez zen falta izan, ez.

Festa kolektiboa

Festa kolektiboa esan ez, festa kolektibo egin zuen. Aholkurik ematea zilegi balitzait, kendu kaskoak uneren batean. Karaoke kolektiboa. Erokeria hutsa. Ikusleak oso gertu izan ziren une oro. Iruñean bezala, euskal dantza taldeak ere oso presente izan ziren. Tarteka Reparaz inguratuz, besteetan bigarren planoan. Ia mitologiako pertsonaiak bezainbeste herria agintzen zutenei aurka egiteko. Esan zuen ia «zer egin» baino «nola egin» zuela obsesio nafarrak. Hilabeteetako lana halakoetan nabaritu zen, emanaldia zein ongi zegoen josia narratiba osatzeko.

Publicidad

Eta narratiba horretan, azken boladan jaso dituen kritikak XV. mendeko pertsonaien ahotsetan ere jarri zituen «Zu ere monstruoaren parte zara, zure burua salbatzailetzat hartuz gainera». Edota «Zure burua onartu arte ez duzu inor salbatuko. Are gutxiago zure burua».

Lehia aurkeztuta, nor gailenduko den jakiteko bi gau falta. Mitologia ZETAKekin da, hori bai.

Bigarren zatian, mezu ugari

23:30ak aldera eskertuko zuen Reparazek atsedenaldia. Baina baita publiko zein kazetariok. Ia ordu eta erdi apenas atsedenik gabe, une oro zer bizi eta kontatu izanik, 15 minutuko arnasaldia ederki jaso da. Hori bai, aurrez bakarrizketa ederra utzi du Maixux Zugarramurdik. Gizarteko gaietan maiz busti da Reparaz eta emanaldia Illunben izanik, ezin utzi igarotzen. «Hildako animalien usaina» zela bertan, halaxe hasi du mintzaldia, «zementuzko» aretoa «hezurren gainean» eraikia izan dela. Donostiak ere jaso du, 2016an Kultur Hiriburu izan zela bai, baina esan gehiago egin zuela udalak egin baino. «Errepikatzearen poderioz sinetsi zenuten. Hau ez da garapena. Hau ez da tenplu bat, hau zauri bat da. Hau da eraiki duzuen Donostia». Igandeko zutabeetan Olatz Elosegi lankideak ederki esaten duenez, dagokionari, hausnarketa gaia behintzat bada-eta.

Publicidad

Energia, indar eta ikuskizun aldetik, aldiz, atsedenaldia ez zen nabaritu ere egin. Atzera kontuaren azken segundoak ahots goran egin zituen Illunbek eta bosgarren atala hastearekin Enrike Solinisen musikak XV. mendera eraman zuen ikuslea. Norbait esnatzea edo kokatzea beharrezkoa bazen, Reparazek oso argi esan zuen: «'Mitoaroa' ez da ito handiagoa euskaraz egin delako, Mitoaroa soilik euskaraz egin zitekeen». Hori ere, dagokionari.

Emozioak bor-bor, ordu txikitan, nerbioak jota. Dena urduri denean Enecoachek esan zigun 'Hatu Anasa' ezta? Ezin zen XV. mendeko «mihirik luzeena», Antton Telleria, falta. Hantxe zuen, batek daki Grial Santua edo zer, Reparaz azken txanpan laguntzeko. Ez zen bakarrik, noski, alboan zuen XV. mendean egon baina Errenazimentukoa den gizona, azken boladan egon den filosofo edo komiko onenetakoa, Ignatius Farray, haren esaldirik onenak utziz: 'Bizitzak izorratzen dik bizitza', bere ikur den 'Garrasi gorra' mikrora eginez edota denak lehertu zituen 'Mitoaroa kommedia da' utziz. Eskerrak anabasa edo 'pitoaroa' hartan azaldu zen Aitziber Garmendia ordena jartzera showak jarrai zezan.

Publicidad

Baina ez dena oso, ez zen dena biribil. Bukaerak gorantz egin du ZETAKen emanaldietan, mitologiaren etxe den mendiek tontor aldera duten bezala maiz maldarik gogorrena. Hiru kolpe eman zituen talde nafarrak mahai gainean. Lehena, eszenatokira itzultzear zirela lehertu zen Illunbe 'Itzulera'-en bertsio teknoenarekin. Bokal batzuek gutxitan esan dute hainbeste. Bigarrena, Pantxoa eta Peio azaldu zirenean «50 urte» dituen abestia, 'Lepoan hartu ta segi aurrera', kantatzeko. Eta azkena, berriro ere Maixux Zugarramurdi ondoan zuela 'Hileta kantu nafar bat' abesteko. Kantu oso berezia izan da bientzat eta atzo gauean ere hala izan zen. Josean Bengoetxea eta Yune Nogueirasi ere nabari zitzaien.

Azkenik, horrelakoak beti esan gabe uzten direlako, ZETAK osatzen duen taldearen eta kontzertu bat ikus-entzunezko bihurtzeko itzalpeko lanari hitz bi. Aurikularren erronka teknikoa ez zen erraza izango eta nota ederrarekin gainditu zen. Pello batetik bestera heldu eta dena egon behar zen tokian izan zedin koordinatu duenari, bejondeizula. Musikariei, txalo zaparrada itzela. Disko hain landua izanik zuzenekoan defendatzea ez da erraza, izan dute bira eta Nafarroa Arena 'rodaje' modura, baina batak ez du bestea kentzen. Eta, azkenik, bikoteka aritu zaretenoi, bata kamera eskuan eta bestea ondoan gidari: Illunbeko goi gerlariak zarete.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad