Pello Reparaz | ZETAK
«'Mitoaroa II' fikzioa da baina lantzen dituen gaiak zalantzarik gabe egungoak dira»Kritikak «hobe» omen daramatza, nahiz eta emanaldiak «kontraesanak» ere sortu dizkion: 40.000 lagun euskaraz builaka batzea baina oso bere duen katastrofismoa, emanaldi amaierak islatu zuena
«Pozik eta harro» hiru egunez Illunben eskainitako 'Mitoaroa II'-ren emaitzarekin, Pello Reparazek jada hurrena du buruan. Donostiako ajea baino presenteago du aretoan bildutako «energia», euskarak «beste ate bat bota» izana. Baita osatutako taldearekin bizitako uneak, esaterako Maixux Zugarramurdirekin. «Izar bat da», dio. Kritikak «hobe» omen daramatza, nahiz eta emanaldiak «kontraesanak» ere sortu dizkion, 40.000 lagun euskaraz builaka batzea baina oso bere duen katastrofismoa, emanaldi amaierak islatu zuena. Hantxe izan zuen alboan goizuetarra. Autokritika ere egiten du eta ostiralean identifikatutako zenbait kontu findu zituzten larunbat eta igandeari begira.
– 'Aaztiyen' (2023) diskoa aurkeztean, 'Mitoaroa' emanaldien oinarri izan dena, «geruza asko» zituela azpimarratu zenuen eta entzuleak «denbora» beharko zuela ulertzeko. Heldu da mezua?
– Nik uste dut 'Aaztiyen' ulertzen ari dela eta 'Mitoaroa'-k asko lagundu duela horretan. Geruza asko ditu lan horrek eta orain 'Mitoaroa'-ren narratiban txertatzeak kantu horiek guztiak eman dio beste dimentsio bat, beste forma bat. Abesti berberak beste alde batetik begiratzeko aukera eskaini dio gure zalegoari. Hori oso sanoa da eta benetan sinesten dut gure obra eta gure sormen-intentzioa jendea ari dela ulertzen eta bere egiten. Horrekin oso pozik eta motibatuta nago.
– Beti aipatu izan duzu zerk egiteaz gain nola egiteak arduratzen zaituela, narratiba aipatzen zenuen, diskorako zein Nafarroa Arena edo Illunbeko emanaldietarako ere oso landua zegoena. Nola izan da prozesua? Laguntzarik izan duzu?
– Erabatekoa, bakarrik ezin da halakorik egin. 'Mitoaroa'-ko testu guztiak nik idatzi ditut, hain dira autokritikoak eta nire figuraren inguruko kritikan oinarrituak ezinbestekoa zela nik neuk idaztea. Gero lantaldea ametsetakoa da, beste dimentsio bat eman diote. Sormen lanean zuzendari kreatibo izan da nirekin Isabel del Moral, barruraino sartu da, ezin hobe ulertu du gura izaera, gure kultura, gure dena. Ahalbidetu du 'Mitoaroa' maila honetara eramaten. Hasierako idazketa-prozesua, kontzeptualki eta filosofikoki, oso bakartia izan da eta hala behar du. Alde horretatik disfrutatu dut, nire pertsonaietako batek zioen bezala 'nibela igotzeko intelektualki eh, Pello'. Ez kontsignak errepikatzen jarraitzeko, baizik eta nire ahotik ateratzen den oro saiatzen diluzidatzen iritzi propio bat den hala nonbaitetik datorren. 35 urte ditut eta ariketa intelektual hori egiteko ordua iritsi zaidala sentitzen dut, artean eta sormenean denak ez du balio. Oso serioski hartu nahi dut nire lana.
– Aktore, gonbidatu edo jantziteria alorretan, bakoitza berean oso ona den jendean apoiatu zara. Hautaketak beste jauzi bat eman dio 'Mitoaroa I'-ri.
– Bai. Hautaketa ezinbestekoa izan da. Jantziteria, eszenografia, arte departamentua. Aitziber Garmendia, Josean Bengoetxea, Antton Telleria, Ignatius, Nerea Torrijos, Marc... Baina ez da hori soilik. Ez dugu multinazional batekin sinatu, Warner, Sony edo Universal, aukera izan badugu ere, ez dugu nahi izan. Independenteak eta autoekoiztuak garen mundu honetan gure egitura oso potentea da. Gure ibilbidea, zorionez, ahalbidetu digu puntu honetara heltzea. Ni musikaren industriatik nator, hor gara potenteak, ez ditut besteak ezagutzen. 'Mitoaroa' ari zaidana erakusten da ez dagoela dena reglatua, agian hemendik ere atera naitekeela. Orain arte ez dut arte edo eszenografia departamentu bat izan. Eta orain hamar lagunetik gora izan dira lanean 8 egunez. Halako obra bat egiteko, lehenetik bigarrenera eman dugun salto erraldoia emateko, zinematik, antzerkitik asko ikasi behar dugu. Betiko sentsazioa da, uste nuena baino askoz gutxiago dakidala.
– Musika talde bati kontzertu bat eskatzen zaio, baina emaitza ia opera bat izan da. Bilakaerak behartu du ala asmoa zen hasieratik?
– Kontzertua, opera, antzerkia, zinema... Ez dakit zer den. Konplexua da eta kasu honetan etiketatzea oso zaila. 'Mitoaroa I'-n egon zen jauzia, narratiboki nabaritu nuenean helarazi nahi nuen mezua ez zela ulertzen, hau edo bestea. Nola pasa naiteke batetik bestera? Agian aktorea behar nuela ikusi nuen eta Javi Botetekin kontaktatu nuen. Lotu ginen eta dena aldatu zen. Aktorea bazen gidoia, karakterizazioa behar zuen. Iruñekoa baino hilabete eta erdi edo bi lehenago gertatu zen. Oraindik 'Mitoaroa' zer den eta zein bide hartuko duen deskubritzen ari gara. Illunbe ostean askoz hobetu ulertu dela uste dut. Etorkizunean ikusiko da nora goazen.
– Jendea deskubritzen joate horretan, hain esperientzia inmertsiboa izanik, publikoa oso sartua egon zen eta beste geruza bat eman zion emanaldiari, baina elizako pertsonaiei ere txistu egin zitzaien ostiralean. Nola bizi zen? Keinuren bat ere egin zenuen oholtzatik.
– Inkisizioaren kontuarekin sartu gara eta zaila izan da, ez dago aldeko korronterik egun. 'Son los malos'. Beti izan naiz oso kritiko elizarekin, eta izaten jarraituko dut, erlijioarekin ere. Baina hausnartzeko unea heldu zitzaidan, agian nik nire buruari ere so egin behar niola. Elizaren aldetik gauzak gaizki egin direla, baina patroia zabalagoa da. Agian gizakiak berak ukitzen duen oro suntsitzen du, hortik doa hausnarketa. Eraiki nuen apaizaren pertsonaia hori grisak lantzeko, bisagra modura, baina ez nuen hain agerikoa izatea nahi. Argi esango dut, uste dut ostiraleko showan ez zela apaizaren pertsonaia ulertu eta 'Mitoaroa II' ulertzeko pertsonaiarik garrantzitsuena da. Orain arte abestiak egiten nituen, hau berria da niretzat, eta horrela ikasten da. Lehen aldiz aktoreentzako testua idatzi dut eta ostiralean Joseanen hitzaldian isiltasun hori bilatu nahi nuen, hausnarketarako. Baina geldiuneetan jendea txistuka hasi zen. Ez nuen hori nahi eta horregatik altxa nuen eskua, baina berdin zuen, jendea bero-bero zegoen. Larunbat eta igandean zuzendu genuen, isilune gutxiago utziz, eta askoz hobe ulertu zen pertsonaia. Gainera bada gerturatze bat, fisikoa ere, altxatzen lagundu ninduen eta besarkada antzeko bat ere gehitu genuen.
– XV. mendera eraman zenuen emanaldia, baina egungo oihartzunak ikus edo uler daitezke: inkisizioa eskuin muturraren igoerarekin, mitologikoen deserriratzea gurea ahaztearekin, etab. Paralelismo bilatuak izan dira ala testua idatzi ahala ikusi zenituen?
– Fikzio obra bat da 'Mitoaroa II', baina lantzen dituen gai guztiak zalantzarik gabe egungoak dira. Hasiera-hasieratik izan da premisa eta antzeko 'Mitoaroa III'-n, 2084ra joango gara sekuela bat egitera baina berriro egungo gaiak lantzera.
Noticia relacionada
«En diciembre verá la luz la canción más importante que he hecho nunca»
– Mundu distopikoa, '1984' liburuaren eragina... Ez zara oso baikor datorrenarekiko?
– Nire katastrofismoa lehen aldiz besarkatzen ari naiz, onartzen eta plazaratzen. Aste-bukaera honetan 40.000 lagun euskaraz builaka batzea ederra da, baina kontraesan asko badakartza ere. Itxaropen mezua helaraztea gustatzen zait, batzuetan bada 'Zein Ederra Izango den', baina talka hori badut, esaterako etxean joan eta egungo egoerari edo etorkizunari buruz hausnartzean, oso katastrofista naiz. 'Mitoaroa II'-k mahai gainera ekarri du hori eta amaierak ederki jasotzen du. Saiatzen naiz bidaiatzen XV. mendera 'Mitoaroa I'-eko historia aldatzeko, baina frakasoa da eta erre egiten gaituzte.
– Emanaldiak une berezi ugari izan zituen. Oihartzun handia izan dute Aitziber Garmendiaren sarrerak zein Maixux Zugarramurdiren bakarrizketa eta amaierako kantuko kolaborazioak. Emozio asko piztu zituen.
– [Maixux] klabe izan da ZETAKen azken hilabete luzeetan. Gertatu zait Saharara joan nintzen lehen aldian bezala, salbatzaile bezala zoaz eta itzultzen zara eskaini dezakezu baino askoz gehiago jasota, bider mila! Gure bileretako grina adin horretako erreferentziazko emakumeak egon behar zirela zen. Sukaldean geratu ziren asko, ekarri dezagun lehen lerrora. Eta izar bat da, ez du limiterik. 'Hileta kantu nafar bat'-en eman zigun indarra, bideoklipean abestu arte erabaki zuen eraztuna ukitzea eta begiratzea. Horregatik obrak duen paperik garrantzitsuena, egungo kritikari loturik dagoena behintzat, ematea erabaki nuen. Ez da aktorea, zalantzak nituen, eta erabakia aktore-zuzendari aritu den Aitziberren [Garmendia] esku utzi nuen. Bi orriko testu konplexu eta politikoa zen, paper txungoa. Bildu ziren eta esan zidan, «Illunbe hunkituko du». Ez dakit nondik ateratzen duen energia, talentua... Beste mundu bateko zerbait da. Showari sakontasun eta genuinotasun unikoa eman dio.
– Xehetasun guztiak zaintzearen zigilua du ZETAK. Kritika asko jaso dituzu bidean, dela apropiazio kultura edo dela nartzisismo ariketa. Nola bizi dira?
– Kontraesanetan bizi gara, ez dago zalantzarik. Illunben ere maiz esan nuen eta hala sentitzen dut nire burua une honetan. Horrelako saltsetan sartzean ezinezkoa da zure ideia eta idiosinkrasiekin %100ean alineatua egotea. Nahiko ondo daramat lanketa sakona egiten ari garelako, hausnartzen ditugula gauzak. Hamarnaka mila dira gugan konfiantza jarri dutenak eta hitzeman diezaiekedan gauza bakarra da lantalde gazte, gogotsu, zentzudun eta autokritikoa garela, gure kontraesanen kontziente. Bilera kafkianoak ditugu honen inguruan ardura hau ahalik eta hobekien, munduko maitasun guztiarekin, kudeatzeko. Artea eta sormen-intentzioa ardatzean kokatzen dugu.