«Nick Cave euskarara ekartzea 100 metro hesiekin korritzea bezala izan da»
Txuma Murugarren abeslariak australiarraren 'Nocturama' diskoko letrak itzuli ditu «errima eta gaitegia» errespetatuz
Ez da ingelesezko kantuen letrak euskarara ekarri dituen lehen aldia, 2014a Jonan Ordorikak bere kolaborazioa eskatu baitzion 'Lou Reed, mila esker' diskorako. «Hitzak itzuli eta egokitzea proposatu zidan eta lan polita izan zen, gustura aritu nintzen». Ostean heldu zen bigarren erronka Bilbo Hiria irratiaren urteurrenerako Nick Caven 'Baby I'm on fire' kantua grabatu zutenean. «Oso indartsu geratu zen, ezin genuen horrela utzi eta gainerako guztiak grabatuko genituela esan genuen».
Publicidad
Hala ere, lehen txispa Javier Corral 'Jerry'-ren «errua» izan zen. «Antolatzen zuen 'Izar & Star' zikloan parte-hartzera gonbidatu gintuen, gustatzen zitzaigun musika gure egitea proposatuz». Segituan Nick Caven 'Noxturama' (2003) diskoa otu zitzaion «pianoan oinarritua dagoelako. Aceves pianoan eta ni gitarra eta ahotsa. Biok bakarrik egin genezakeela pentsatu nuen». Hala, oholtzara igo ziren eta disko osoa jo zuten Biboko Campos antzokian.
Estudioko lana, berriro ere, kolpean izan da. «Egun batean egin dugu. Ostean produkzio orduan toke batzuk eman dizkiogu, baina entzuten dena zuzeneko talde bat da», azaltzen du Murugarrenek. Hein batean, artista errenteriarraren 'modus operandi' azken urteotan. «Nahiago dut horrela egin, 'Zerbait ari da gertatzen hemen' diskoan egin nuen lehen aldiz. Askotan kantuekin erotzen gara denbora asko beratzen utzita edo beste buelta bat emanda. Egia da beste leku batera eramaten duzula, baina ez du zertan hobea izan». Ildo horretan musikarien mailak asko laguntzen duela nabarmentzen du Murugarrenek. «Abestia ulertzen badute berehala harrapatzen dute».
Grabazioa bai, baina bidea ez letrak osatzeko da hain azkarra eta zuzena izan, Lou Reed-ekin ez bezala, Nick Cave-ekin buruhauste gehiago izan baititu. «Ez nintzen konturatu askotan errima erabiltzen duela eta hori super gaiztoa da, bi dira zailtasunak. Berak esaten duenaren inguruan ibili behar zarela eta errimatzen gainera. Aurrekoa 100 metroko lasterketa izan zen, hau ordea 100 metrokoa hesiekin», laburtu du algara artean.
'Gautegia' diskoa aurkeztu berri badu ere, Murugarrenek hurrengo proiektua jada buruan du. Udazken edo negu partean estudiora itzultzeko asmoa du aspalditik esku artean dituen kantuak grabatzera. «Kontzertuekin solapatuko da neurri batean, bi kontuekin arituko gara eta arraroa izango da». Azken boladan aurkeztu dituen moduan plazaratzea du buruan, hirukote modura. «Rafa Aceves pianoan, Natxo Beltran baterian eta ni gitarra eta ahotsean arituko gara, jendeari arraro egiten zaio baina gero flipatzen geratzen da nola enpastatzen garen ikusita».
Publicidad
Eta, noski, negu amaieran edo udaberri hasiera partean aurkeztu nahi duen disko berrian ere ohiko musikariak izango ditu bidaide. «Beraiengatik ez balitz kantu asko hala moduzkoak izango lirateke, zorte handia daukat satelite hauek ezagutzen ditudalako ea nirekin lan egiteko prest daudelako beti»
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión