Neomak taldeko Alaitz eta Leire, astearte honetako aurkezpenean. USOZ
Gure Ahotsak 2024

Neomak eta Merina Gris, kontzertu zikloaren buru

Idoia Asurmendik, Laura Sam eta Juan Escribanok eta Queralt Lahozek osatuko dute martxoaren 1etik 7ra izango diren zuzeneko emanaldien egitaraua

Jon Agirre

Donostia

Martes, 12 de diciembre 2023, 12:04

Iaz 'Gure Ahotsak' zikloak jauzia egin zuen bost eguneko egitaraua osatuta eta erdietsitako emaitza «ezin hobeek» eskema errepikatzera animatu du Donostia Kultura. Hala, Neomak eta Merina Gris, Idoia Asurmendi, Laura Sam eta Juan Escribanok eta Queralt Lahozekin batera, izango dira zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzten bakarlari eta taldeak 2024an martxoaren 1etik 7ra.

Publicidad

Seigarren urtez emakume musikariei ahotsa emateko plaza izango da 'Gure Ahotsak' eta aipatutako taldeez gain beste berritasun bat ekarriko du, eszenatoki berri bat gehituko baita 2024an: Antzoki Zaharra. Sarrerak bihar, abenduak 13, jarriko dira salgai Donostia Kultuarren ohiko salmenta puntuetan.

Agerraldian izan dira Neomak taldeko Alaitz eta Leire. Lehenak euren proiektua 'Gure Ahotsak' zikloan aurkeztu ahal izatea «plazera» dela nabarmendu du eta aurreko bost urteetan izan diren emakumeen zerrenda berean egotea «ohorea» dela.

Gure Ahotsak 2024

  • Martxoak 1: Idoia Asurmendi. Victoria Eugenia, 19:30. 18 euro.

  • Martxoak 2: Neomak. Victoria Eugenia, 19:30. 18 euro.

  • Martxoak 3: Merina Gris. Antzoki Zaharra, 19:00. 15 euro.

  • Martxoak 6: Laura Sam eta Juan Escribano. Victoria Eugenia Club, 19:30. 12 euro.

  • Martxoak 7: Queralt Lahoz. Victoria Eugenia, 19:30. 18 euro.

Lehen diskoa aurkezteko Japonia eta Hego Korean egin duten bira «esperientzia ikaragarria» izan da Neomako kideentzat, «oso kuriosoa eta brutala». Haren bueltan «atsedena» hartu du taldeak, baina batik bat «publikoari begira» jada jomuga berriak baitituzte eta «sormen lanean» murgilduta baitaude. Lehena, 'Gure Ahotsak' zikloan emango duten kontzertuarekin hasiko dute, Euskal Herrian zehar antzokietan egingo duten birarekin. «Modu berezian amaiera eman nahio diogu eta martxoa eta apirila bitartean antzoki zoragarri batzutan jotzeko aukera izango dugu». Hala, zaleei bertaratzeko deia egin diete udari begira ez baitute zuzenekorik aurreikusten.

Bere aldetik, Leirek taldekideentzat antzokietako bira «oso berezia» izango dela aurreratu du eta amaiera hori «mimo bereziz» prestatzen ari dira. «Sorpresak egongo dira», adierazi du.

«Estilo eta indar handiko» artistak

Esther Fernandinok, Musika unitateko teknikariak, azaldu duen bezala egitaraua kalitate handikoa da artista bakoitzaren «estilo eta indarrarekin». Zikloa Idoia Asurmendik irekiko du Victoria Eugenian bigarren diskoa, 'De andar y desandar', aurkeztuta, «Lan zintzoa, sentsibilitatez eta samurtasunez betea, folk, pop edo blues ukituez betetako abestiekin», xehatu du.

Publicidad

Bigarren egunean, martxoak 2, Eneritz, Alaitz, Amets, Leire, Irati eta Mariaren txanda izango da, hau da, Neomak taldearena. Kontzertu mugarria izango da Fernandinoren esanetan, 2023a lehen lana aurkezteko egindako biraren itxiera izateaz gain udaberrian kaleratuko baitute bigarren diskoa. Martxoaren 3an Merina Gris osatzen duten Sara, Julen eta Paskal Antzoki Zaharrean izango dira bira itxiz ere. «Eszenaratze oso zaindua duen kontzertua izango da, hirukotearen ohiko pop gogor eta sendoarekin».

Egun batzuetako atsedenaldiaren ostean, martxoaren 6an Laura Sam poeta, raperoa eta 'Sopken word'-eko erreferentea eta Juan Escribano musikaria (We Are Standard-eko kide ohia) euren azken proiektuarekin izango dira, «estetikoki garaikidearen eta urbanoaren artekoa; ideologikoki kulturalaren eta sozialaren artekoa».

Publicidad

Azken egunean Queralt Lahozen txanda izango da Victoria Eugenian, duela gutxi Europar Batasunak ematen dituen entzute handiko Music Moves Europe 2023 saria jaso duena. ' Todo se puso azul' eskainiko dute, ahots eta gitarra formatu intimoko bira. «Soinu latino sustraidun eta urbanoek zeharkatzen dute bere musika. Bertan, soula, hip hopa eta dancehalla graziaz eta naturaltasunez aritzen dira», azaldu dute.

«Identitate propioa»

Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak adierazi duen bezala, programa 2019an sortu zen hausnarketa baten ondorioz: emakumeen sormenari bide ematea. Ordutik musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean uztartzea bilatu du eta Donostia Kulturaren programan «sustraituz» joan da urtez urte. «Gure premisa handi bat entretenitzea izan ohi da, baina beste helburu garrantzitsu asko ditugu: emozioak piztea, galdera berriak sortzea edo gizartean ditugun gaiei buruz eztabaida sortzea».

Publicidad

Lehen ekimena egun batekoa izan zela oroitu du Insaustik eta ordutik taldeka zein bakarka 20 musikari baino gehiago igaro direla: Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién eta Izaro 2019an; Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako 2020an; Idoia Asurmendi, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado (iragarrita zegoen Matilda taldeak ez zuen parte hartu osasun arrazoiengatik) 2021ean; Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furya 2022an eta Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu eta Neomak aurtengoan.

Ekimenari «identitate propioa» emateko eta «talde bakoitzak bere eguna merezi» zuelako sortu zen iaz bost eguneko egitaraua, baita ilustratzaile bati irudia egiteko eskaria. Ildo horretan, aurten Raisa Alava izan da arduraduna, besteak beste 2023ko Le Gran Départerako kartela egin duena.

Publicidad

Azkenik, Donostia Kulturak eskaintza berezia sortu du 'Gure Ahotsak' kontzertu zikloaren 2024ko edizioari begira eta hiru sarrera baino gehiago erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute prezioan eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko %10eko deskontuarekin bateragarria izango da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad