Kalean da Iker Laurobaren disko berria
Gertatu denari eta bizitza aurrerantzean izan daitekeenari buruz hitz egiten duen diskoa da
Berrogeitamar urte bete zituen egunean, urriak 12an, argitaratu du Iker Laurobak bere disko berria, 'Bosgarren solaiturik', zenbaki borobil hori ospatzeko kaleratu duena. Musikari donostiarraren hitzetan, «bosgarren solairutik» sortutako lana da, non bizitzari «beste perspektiba batetik» abesten zaion: «goragotik, ikuspegi zabalagoa duzu; argiago ikusten dira gauza batzuk, baina urrunago besteak. Bertigoa areagotu egiten da, eta inguruan dituzun pertsonek ematen dizuten bake eta lasaitasunarekin soilik baretu daiteke». Gertatu denari eta bizitza aurrerantzean izan daitekeenari buruz hitz egiten duen diskoa da. 'Negua II' lan berri honen lehenengo singlea izango da.
Publicidad
Albumak hamar abesti ditu, eta lan hau aberasten duten kolaborazioen mapa bikaina: David Gorospe (bateria); Arkaitz Miner (biolina, biola eta mandolina, 'Bi zimur eder' eta 'Biziraule' abestietan); María Antunez (gitarra, 'Orduko ezagunok' abestian); Olaia Inziarteren ahotsa 'Kaleidoskopio II' abestian; Leire Ugadiren hitzak dituzte 'Orduan' eta 'Orduko ezagunok' abestiek; eta Jon Martin arduratu da jatorrian Luis Eduardo Aute musikariarena den 'Ilunabarrak' abestia egokitzeaz eta itzultzeaz.
Diskoa Melodi estudioan grabatu eta Erviti Studion nahastu eta masterizatu da.
Iker Laurobak 30 urte baino gehiago daramatza eszenatoki gainean, Triki ta Ke edo Utikan bezalako taldeekin hasi eta gaur egun arte. Lauroba taldearekin denbora luzez ibili zen Euskal Herrian zehar eta duela hamar urte ekin zion bakarkako ibilbideari.
Harez geroztik, sei disko kaleratu ditu. 2016an 'Zeru Tolesgarria' kaleratu zuen, Harkaitz Canorekin batera osatutako albuma. Urtebete beranduago, 'Nire Gotorlekutik' kaleratu zuen. 2018tik 2021era berriz, lau urtaro osatu eta argitaratu zituen, bat urtero: 2018an 'Udazkena', 2019an 'Negua, 2020an 'Udaberria' eta azkenik 2021ean 'Uda. Iaz estilo ezberdinetako lau single kaleratu zituen 'Lau Mundu' izenpean.
Bitarte horretan talde askotan eta bakarlari ugarirekin ibili da musikari gisa, hala nola Izaro, Sara Azurza, Gari, Esti Markez, Tristan Crowley, Charlie Atkey…
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión