Ver 25 fotos
Mezu, istorio pertsonal eta arte askoko txapelak
Reala, Alex Ubago, Martin Berasategui eta Gipuzkoako beste hainbat artisten Boinas Elóseguiko txapelen bertsioak ikusgai dira 'Txapelarte'-n
Euskal nortasunaren «ikono bat omentzeko» asmoz, mundu osoan ezagun den eta «Gipuzkoa kokatzen» laguntzen duen Boinas Elósegui txapela, antolatu zuen Donostiako Barrio San Martin elkarteak 'Txapelarte' erakusketa ibiltaria. «Aspalditik erabili dugu burua babesteko, eguzkitik, euritik zein hotzetik. Duela gutxi arte gizon asko ez ziren txapela gabe ateratzen eta hura kentzea errespetu keinua zen», jartzen du garrantziaren adibide bezala Oihana Hernaiz kapelagileak, elkarteko kideak eta Tocados Oh dendako arduradunak. «Burutazio» eta «erokeria» izan dela dio, umorez, hasierako ideia hazten joan baitzen.
Publicidad
Hala, euskal kulturan hain errotuta dagoen Boinas Elóseguiko pieza oinarri hartuta, hainbat diziplinatako 20 artistek euren txapela eskuz egin dute, «espresioz, kolorez eta mezuz betetako lan paregabe bihurtuz», elkartetik azpimarratu bezala. Zerrendan dira Reala, Martín Berasategui sukaldaria, Alex Ubago abeslaria, Ana eta Helena Orella (Anhelo), Laura Chamorro moda-kazetaria, Oihana Hernaiz kapelagilea, Jon Martín eta Beñat Krolen bertsolaria eta diziplina anitzeko artista, Mikel Casal ilustratzailea, Elena Arrese margolaria, María Berasarte abeslaria, Miguel Balliache margolaria eta zeramikagilea, Giovanna Bittante bitxi-diseinatzailea, Eduardo Chillida Belzunce eskultorea, Iñigo Aristegui eskultorea, Iñigo Manterola eskultore eta margolaria, Charo Casteres bitxi-diseinatzailea, Isabel Zapardiez moda-diseinatzailea, Santiago Egurbide kapelagilea, Idoia Lizeaga bitxigilea eta loregilea eta Amaia Estanga diziplina anitzeko artista. «Oso eskertuak gaude prestutasunagatik, benetan inplikatu dira». Zerrenda luzeagoa izan zitekeen, beste artista batzuk ere kontaktatu zituztelako, baina agenda kontuak tarteko ez da posible izan.
Txapelako istorio bat
Guztiek dute istorio bat, Boinas Elóseguirekin zuzenagoa lotua edota haren bueltan esnatutako bizipen pertsonalak, maiz familia-harremanez zipriztindua. Hala da, esaterako, Berasateguiren kasuan. Hernaizek azaldu bezala, proposamena egin eta berehalakoan eman zuen baiezkoa. Ez da harritzekoa sukaldearekin lotu izana txapela eta haren gainean pintatu du eskuz bere «egunerokoa. Zuntz sentikorrena ukitu zidan, sukaldea. Jatorrira eraman ninduen eta lapiko bat ikusarazi». Familiarengana lotu zuen Iñigo Aristegui eskultorea eta txapelaren gainean den burdinazko estruktura Gregorio Isasa Zapirain birraitonari egindako omenaldia da. Txikitako bizipenek blaitzen du Anheloren txapela, «garaipen koroa», minbiziaren kolore aldarrikatzaileak luma modura dituena.
Eskaria jasotzean, beste batzuk, ingurura ere begiratu dute. Hala, Santiago Egurbidek, Espainiako Kapelagileen Elkarteko presidenteak, aspaldian gertu ez duen itsasoa eta, bereziki, honen olatuak eraman ditu proposamenera. «Kapelagilea denez, txapela sortu beharrean zerotik egin du, Mediterraneo aldean ez dituelako Pasealeku Berriko edo Haizearen Orraziko olatuak». Antzeko izan da Elene Arreserekin. «San Martin auzotik paseo bat eman zuen, izaera propioa du zonaldeak eta hori islatu du», azaltzen du Hernaizek.
Nola ez, artista bakoitzak esku artean zuen lanak ere eragin nabaria izan du. Batetik, Alex Ubagok edo María Berasarte abeslariek azken diskoa, 'Galerna' eta 'Estadia' izan dute inspirazio. Azken honetan «eragin Asiatikoa» nabarmentzen du erakusketa arduradunak, baita Berasarte «nolakoa den, hain goxoa, nola hitz egiten duen», ederki islatzen duela. Hitzekin jolasean erantzun zion erronkari Jon Martinek. Errimatzen duten 20 hartu eta Beñat Kroleni eman zizkion, honek «transforma» dezan. Prozesua, gainera, argazkietan jaso da. «Ez da erabat definitiboa, etortzen den bakoitzean eraldatzen delako».
Publicidad
«Bizipen eta sentsazioak» gertutik ikusteko,sortzaile bakoitza «zerk inspiratu duen» jakiteko aukera, irailaren 8a arte izango da EHUren Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian. Ostean, 'Txapelarte' irailaren 10etik urriaren 5era Tolosako Topic-en kokatuko da. Sabadell bankuaren Donostiako eta Bergarako egoitzan edota Altzon ere izan da aurrez.
Prozesua amaitzeko azaroaren 11n obren enkantea egingo da eta bildutako guztia Minbiziaren Aurkako elkartearentzat izango da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión