Martin Besen
Atzerrian bizi diren euskaldunek sortu duten Ardaxka argitaletxeak eskarien arabera lan egiten du prezioak eskuragarri izan daitezen
Liburuekiko eta euskararekiko pasioak lotu ditu Ardaxka argitaletxea abian jarri duten kideak. Gehienak Euskal Herritik kanpo bizi dira eta atzerrian euskaraz idatzitako liburuak lortzeko zituzten zailtasunak batu ditu proiektu honetan. Urrian argitaratu zuten lehenengo liburua eta, ordutik, beste hamabi iritsi dira, munduko edozein txokotara bi egunean iritsi daitezkeenak. Martin Besen proiektu honen sorreran parte hartu duen nafarra da. Bartzelonan bizi da egun, baina Danimarkan, Frantzian eta Mexikon ere bizi izan da.
Publicidad
– Hain zaila al da atzerrian bizi den euskaldunarentzat euskarazko liburu bat erostea?
– Bai, badira atzerrian liburuak saltzen dituzten web orrialdeak, baina kostuak altuak izaten dira, eta askotan ez du konpentsatzen ordaindu behar duzunak. Gainera, niri noizbait gertatu izan zait eskatutako liburuak aduanan gelditzea, Danimarkan edo Mexikon, adibidez. Arazo hau nire kuadrillakoekin eta Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldun gehiagorekin komentatu nuen lehengo udaran, eta logistikan adituak diren lagun batzuei galdetu nien ea nola sor genezakeen sistema bat liburuak mundu osora bidaltzeko prezio ekonomikoan.
– Eta horrela erabaki zenuten zuen argitaletxea sortzea.
– Bai, azkenean aurkitu dugun aukera da gure liburuak guk tokian bertan inprimitzea, horrela ez ditugu liburuak inon pilatuta. Horretarako akordioak egin ditugu munduko hainbat inprentekin, besteak beste Japoniakoak, Italiakoak edo Poloniakoak. Eskaera nondik iristen den arabera, toki batetik edo bestetik bidaliko dugu liburua. Eta logistika aldetik akordiotara iritsi gara hemen Europan Amazonekin eta beste leku batzuetan tokian hobeto funtzionatzen duten plataforma logistikoekin. Azken finean, gure helburua euskarazko literatura mundu osoan irakurtzeko aukera eskaintzea da. Sistema honek baditu zenbait traba, adibidez liburu-dendetara iristea, baina hortan ari gara ere eta dagoeneko gure liburuak Iruñeko Karrikibirin eskuragarri ditugu.
– Zeintzuk zaudete argitaletxearen atzean?
– Bost kide gaudela esan dezakegu, baina jende gehiagorekin ere lan egiten dugu, beraien denbora librean laguntza eskaintzen digutenak. Denon artean denbora asko eskaintzen diogu proiektuari, baina oraindik ez dago inor honetaz bizi denik, guztiok dugu beste lan bat ondoan. Baina hori ere ez da gure helburua. Argitaratzen dugun liburu bakoitza garaipen bat da guretzat.
– Ze liburu eskaintzen ditu Ardaxka argitaletxeak?
– Orain arte bi lan arlo edo bildumatan lan egin dugu. Alde batetik, euskal klasikoak, hau da, Kirikiño, Bizenta Nogel edo Lauaxetaran liburuak argitaratu ditugu. Lehen edizioak bilatu ditugu eta testuak ahalik eta fidelen hartu ditugu, garaiko euskara errespetatuz. Hori da hain zuzen gure marka, jatorriko euskara mantentzen dugula. Eta bestalde, antzeko gauza egiten ari gara beste hizkuntzatan idatzitako liburu klasikoekin, euskarara itzuli ditugunak. Hemen ere lehenengo edizioak aurkitu ditugu eta handik egin ditugu euskara batura itzulpenak, jatorrizko istorioari fidel izaten.
Publicidad
– Ze irizpide jarraitzen duzue liburuak aukeratzeko orduan?
– Gure kapritxo pertsonalak direla esan dezakegu. Ez dugu estrategia komertzialik atzetik, ez dugu pentsatzen ea liburu batek ondo funtzionatuko duen edo ez, oraingoz behintzat. Guretzat interesgarriak diren liburuak argitaratu ditugu. Baina norbaitek iradokizunen bat balu, idatz diezagula eta hartuko dugu kontuan.
– Hamahiru liburu argitaratu dituzue dagoeneko. Hurrengoak bidean dira?
– Bai, gainera hurrengo proiektua nahiko berezia da. Orain arte argitaratu ditugun liburuak klasikoak izan dira, baina bagenuen beste 'kapritxo' bat. Oraindik ezin dizut izena esan, baina badago mundu mailan oso ospetsua den autore bat, bere liburuak euskarara oraindik itzuliak izan ez direnak, eta gazteleraz ere oso gutxi irakurria izan dena. Berarekin harremanetan jarri gara gure proiektua azaltzeko eta erraztasun asko eman dizkigu. Dena ondo badoa, hurrengoa bere liburu bat izango da. Buru-belarri hortan ari gara eta gure ideia da irailean argitaratzea.
Publicidad
– Urrian jarri zenuten abian proiektua. Zein da orain arteko balantzea?
– Zenbakiei ez diegu kasu handirik egiten. Egia da ez dugula galerarik, eskarien arabera inprimatzen baitugu eta aurretik ez dugu kosturik. Alde horretatik, ez dugu presiorik salmentak egiteko. Baina bai esango dizut liburu asko saldu ditugula Estatu Batuetan, Euskal Herrian ere, noski, baina baita Alemanian, Kanadan eta Italian.
– Zein da zuekin harremanetan jartzeko bidea?
– Euskaldunak konektatzeko egiten ari garen lan hau beste erakunde batzuk lehenagotik egiten zuten, euskal etxeek bezala, horregatik beraiekin lanean hasi gara, gure proiektua ezagutzera emateko. Webgune bat ere badugu, liburuak.eus, informazio guztiarekin.
Publicidad
'Printze txikia' edo 'Abarrak', euskal eta nazioarteko klasikoak
Hamahiru liburu argitaratu ditu Ardaxka argitaletxeak, bi bildumatan. Lehenengoak euskal idazle klasikoen zazpi lan biltzen ditu: Txomin Agirreren 'Ni eta ni' eta 'Auñamendiko lorea', Kirikiñoren 'Abarrak', Lauaxetaren 'Bide-barrijak' eta 'Arrats-bera', Jean-Pierre Duvoisinen 'Baigorriko zazpi-liliak' eta Bizenta Nogelen 'Ipui Onac'. Bigarrenean nazioarteko literatur klasikoak euskara ekarri dituzte: Antoine de Saint-Exupéryren 'Printze Txikia', Giovanni Vergaren 'Otsemea / Mapelo gorria', Elime Zolaren 'Olivier Becailleren heriotza', Edgar Allan Poeren 'Bihotz salataria /Katu beltza' eta 'Berenice / Ligeia' ipuinak, eta Oscar Wilderen 'Urretxindorra eta arrosa' ipun laburra.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión