Maitasuna «ardatz eta hari», bere belaunaldiarekin «elkarrizketa» bilatu du Barandiaranek
'Galbahea' (Susa) poema-liburuan «orain barrura, orain kanpora» begiratu du
«Orain barrura, orain kanpora» begiratuz eta maitasuna «ardatz» izanda, Gotzon Barandiaranek 'Galbahea' (Susa argitaletxea) igaro dio bere belaunaldiari eta harekin, belaunaldikideen zein horien sorkuntza lanekin izandako «elkarrizketak transkribatuta» ondo du bere hirugarren poema-liburua. «Aireratu ahal izateko» globotik lasta bota zuela azaldu du eta, hala, «memoria ariketa» bat egin. «Atzera begiratzeaz eta etorkizunean ekiteaz idatzi diet gure belaunaldiari eta neure buruari».
Publicidad
«Hormarik gabeko etxea balitz bezala» eraiki du Barandiaranek 'Galbahea', nahita atalkatu gabe. poema bakoitza «aurrekoaren eta ostekoaren segida bezala, batzuetan ihardesteko, besteetan lekukoa hartzeko». Hala, aipatutako maitasuna da lotzen dituen «haria, intersekzionalitatearen erdigunea. Kantagai ditudan guztiak maitasunetik galbahetu ditut», azaldu du. Ariketak, bidean, «galdera deseroso andana desarratu» dizkio Barandiarani: «Zer da ezinbestekoa? Zer da beharrezkoa? Zer hutsala? Ziklo edo aro baten amaieran, hasiera berri baten atarian, nor gara gu? Zeri eman diogu garrantzia? Zer gorde dugu aldean? Zer baztertu? Eta batez ere, zergatik?». Poemetan erantzuna ematen saiatu da galbahea bera itsasargi izanda, «lastoa, bereizi beharrekoa» ezberdintzeko. Lan horretan Leire Lopez Ziluaga eta Itziar Ugarte editoreei eskerrak eman dizkie «sekulako lana egin dutelako eta ni baino asko zoliago aurkitu dutelako lastoa».
Belaunaldiarekin elkarrizketa izan duenez, aurkezpenean alboan izan du Harkaitz Cano idazle eta poeta. «Niretzat liburu hau hain da nire belaunaldikideei idatzia lehen pertsona bururatu zitzaidana Harkaitz [Cano] izan zela». Lasarteoriatarrak poema-liburua «oso inspiratzailea» suertatu zaiola azpimarratu du eta hiru direla galbaheak. Lehena, hizkuntza, autorearen hitzak baliatuz «orotarikoa baino ororentzako euskal hiztegia» beharko lukeena aldarrikatuz; bigarrena fedea, esaterako hitzekin «aztikeriak» egiteko erabiltzen duena, «sare sozialak kare sozial bihurtzeko»; eta, azkenik, desengainua, «esangura zuten zenbait lelori garai bateko zentzua kendu» zaielako. Hiru faktore horien «batura indar metaketa» bezala kalifikatu du Canok.
'Galbahea'
-
Egilea: Gotzon Barandiaran.
-
Argitaletxea: Susa.
-
Estiloa: Poesia.
-
Orrialdeak: 80.
-
Prezioa: 13,50 euro.
-
Azala: Alots Arregi.
Lan honen bitartez Barandiaran «bere niaren eta bere belaunaldiaren artean» kokatzen dela iritzi du, beti «angelu sozial baten bila» eta «begirada kritikoarekin». Horretaz gain, egilearen amaren heriotzari eskainitako lerroek poema-liburua «intermitenteki» zeharkatzen dutela aurreratu du eta, horrekin, «maitasun aitortzari garaiz esan gabekoen mina eransten zaio».
Maitasuna, «ardatz eta hari»
Maitasunarekin batera liburua ardazten duen galbahearen «beharra» berretsi zion Barandiarani amaren heriotzak. Galerak «bizitza eta heriotza bereizteko» bulkada hori eskatu zion, baina era berean «iruditeria emozionala ekarri erauntsi bat izango balitz bezala. Etxera itzultzeko beharra sentitu nuen», azaldu du. Han, amarekin batera aurkitu zuen zain amama Pantxike eta biak izan ditu prozesuan «azkura mingarri ororentzako galbahe eta ukendu».
Publicidad
Iruditeria horrek, era berean, bultzatu du Barandiaran poema-liburuari jarraipena ematera eta agerraldian aurreratu duenez musikari batzuekin poemak kanta bihurtzen ari da. Lehen lagin modura hitzartzea 'Garoan kirikolatza' poema kantatuz amaitu du, hartarako Maurizia Leon eta Fazio diskotik hartu 'Jotea' doinua baliatuta. Emaitza, osorik, Zarautzen aurkeztuko dute maiatzaren 25ean Literaturia zikloaren baitan. «Amaren eta amamaren memoria emozional horretatik argi ikusi nuen poemak kantatu behar nituela». Ordu eta erdiko emanaldia izango da eta, ostean, Itxaro Bordarekin beste lau aurkezpen egingo dituela xehatu du: ekainaren 18an Bilboko Biran, 19an Gasteizko Eva Forest aretoan, 20an Zarauzko Garoa liburudendan eta 21ean Iruñeko Karrikirin. «Batak bestearen liburua irakurri eta iruzkinduko dugu. Eta solasaldia jendearekin».
Agerraldian Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak oroitu duen bezala ostiral honetan aurkeztutakoa Barandiaranen hirugarren poema-liburua, aurrez kaleratutako 'Arrakalak' (2004) eta 'Katamalo' (2007) lanen ostean. Horiez gain bi nobela, 'Errotik' (2010) eta 'Gidarien okerra' (2015), 'Hitzen ahairea' (2018) saiakera eta 'Hildako haurra' (2023) antzezlana ondo ditu. «Euskal kulturaren sustatzaile hainbat arlotan», laburtu du Lopez Ziluagak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión