Papera eta pantailaren arteko inflexio puntuaren lekuko den Kioskoa
Lizar Begoñak aurkeztutako 'Itzalkinak eguzkitan' proiektua hautatu du Igartza Sariaren epaimahaiak eta orain urtebete izango du eleberria idazteko
Benidormeko hondartza parean, pasealeku nagusian barrena, aurrera eta atzera dabiltza turistak. Hiriaren bilakaera, turistifikazioaren boom-a eta haren ondorengo urteak gertutik bizi izan ditu kioskoak, Lizar Begoñak idatziko duen 'Itzalkinak eguzkitan' liburuaren «orainaldi erreala, espazio metaforikoa eta nukleoa». «Bertan gertatuko da dena», azaldu du.
Publicidad
Kioskoan lanean diharduten bi emakumeak izango dira protagonista nagusiak espazioarekin batera. Bietatik zaharrena, 65 bat urtekoa, da jabea. Haren familiak ireki zuen kioskoa turismoaren boom-aren garaian eta Begoñak garai horietako testuingurua irudikatuko du. «Larrituta dago kioskoaren etorkizunagatik, gero eta gutxiago saltzen direlako». Bestetik dago pertsonaia gaztea, 25 urte ingurukoa, bertara lan arin baten bila joan dena.
Bien arteko kontrastea eta belaunaldien arteko talka beste hainbat kontu jorratu eta islatzeko baliatuko du idazle sopeloztarrak, besteak beste egun oso agerikoa den papera eta pantailaren arteko talka. Istorioa kokatzeko Benidorm hautatzea ez da ausazko erabakia izan. «Estetikoki interesatzen zait gunea, leku koloretsua da eta turistifikazio garai handi bat izan du. Horren ostean geratu den paisaia kitsch horretan kokatu dut paperaren eta pantailen erabileraren arteko metafora, inflexioa puntua, umorez eta ironiaz lantzeko aukera gehiago eman didalako». Iruditegi hori osatzerakoan eragin handia izan omen du Martin Parr argazkilariaren lanak.
Hizkuntzarekin jolasteko hautua
Estilo aldetik hizkuntzarekin jolasteko baliatu nahi du idazleak aurrean duen aukera. Agerraldian esan duenez hala egiten duten zenbait idazle ditu erreferentzia, esaterako Aurora Venturiniren 'Las primas' edo Andrea Abreu. Begoñaren hitzetan «hizkuntzarekiko errespetu falta kontziente» batekin «arauak apurtzea» da egile hauen hautua, besteak beste nahita «puntuazioa ez erabiltzea». «Haien hizkera edo testua lantzeko modua gustatzen zait, nahiko gordina eta keinuak edo trataera. Ez da berria, aurrez ere egin da, baina hortik jo nahi dut».
Formatu aldetik, kapituluak txandaka antolatuko dituela aurreratu du, «laneko txandak balira bezala». Era horretara pertsonaia bakoitzak pentsamenduak edo saltokitik ikusten dutena islatu ahal izango du «ahots propioarekin».
Publicidad
XXV. edizioko epaimahaia Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleek osatu dute eta Igartza Sariak jasotako hamaika hautagaietatik idazle sopeloztarraren proposamena hobetsi dute. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen du beka hau eta sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.
Dena ondo bidean 2024ko udaberrian argitaratuko den 'Itzalkinak eguzkitan' eleberria Begoñak argitaratuko duen hirugarrena da, narratiban lehena. Aurrez 2020an 'Aro beilegia' (Balea zuria) poesia-bilduma kaleratu eta Donostia Kultura saria irabazi zuen eta 2022an 'Gepardo japoniarrak' (Susa), poesiazko ere, plazaratu du.
Publicidad
Bertso saio musikatua, urriaren 8an
Urteurren berezia ospatzeko urriaren 8an bertso saio literario musikatua antolatuko dutela igarri du Leire Alkortak, Beasaingo alkateak, Donostian egindako prentsaurrekoan. «Igartza Jauregian izango da sarituak izan diren pasarteetako pasadizoak oinarri hartuta bertsolari moduan izango ditugu Miren Amuriza eta Uxue Alberdi eta gai jartzaile moduan Kattalin Miner arituko da». Hiruak izan dira sarituak Igartzako aurreko ekitaldietan.
IGARTZA SARIKO PALMARESA
-
2021: Olatz Mitxelena, Arrakala. Oraindik ez da argitaratu. 2023ko otsaila-martxoan plazaratuko da.
-
2020: Maddi Ane Txoperena, 'Ez erran inori'.
-
2019: Irati Goikoetxea, 'Herriak ez du barkatuko'.
-
2018: Erika Elizari, 'Zendabalitz'.
-
2017: Miren Amuriza, 'Basa'.
-
2016: Ekaitz Goienetxea, 'Zaldi mamarroa'.
-
2015: Kattalin Miner, 'Nola heldu naiz ni honaino'.
-
2014: Unai Villena, 'Hauts haietatik'.
-
2013: Mikel Ayllon, 'Ez tiro egin anbulantziei'.
-
2012: Danele Sarriugarte, 'Erraiak'.
-
2011: Goiatz Lanbandibar, 'Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak'.
-
2010: Garazi Kamio, 'Beste norbaiten zapatak'.
-
2009: Uxue Apaolaza, 'Mea Culpa'.
-
2008: Eider Rodriguez, 'Katu jendea'.
-
2007: Katixa Agirre, 'Habitat'. Akzesita Irati Jimenez, 'Nora ez dakizun hori'.
-
2006: Jon Martin, 'Ero'.
-
2005: Uxue Alberdi, 'Aulki bat elurretan'.
-
2004: Karmele Jaio, 'Amaren eskuak'. Akzesita Peru Magdalena, 'Lile'.
-
2003: Asel Luzarraga, 'Karonte'.
-
2002: Julen Gabiria, 'Han goitik itsasoa ikusten da'.
-
2001: Unai Elorriaga, 'Van't Hoffen ilea'.
-
2000: Fernando Morillo, 'Ortzadarra sutan'.
-
1999: Xabier Etxeberria, 'Egun denak ez dira berdin'. Akzesita Jasone Osoro, 'Korapiloak'.
Haientzat eta gainerako sarituentzat esker hitzak izan ditu Xabier Mendiguren, Elkarreko editoreak. «Sari batek 25 urte betetzen baditu funtzionatu duela esan ohi da, asmatu dugula. Baina hori hala da idazleek bere prestigioa eman diotelako sariari».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión