Julen Gabiria itzultzailea Joe Saccoren 'Palestina' eskuan duela. Maika Salguero
'Palestina'

Julen Gabiria: «Dokumentalarekin alderatu daitekeen komikia da, kazetaritzari oso lerratua dago»

Itzultzaileak Joe Saccoren 'Palestina' euskarara lehen aldiz ekarri du Astiberri argitaletxearentzat

Jon Agirre

Donostia

Domingo, 14 de enero 2024

«Kazetaritza lana» edo «komiki erako dokumentala». Horiexek dira Julen Gabiriak Joe Saccoren 'Palestina' (Astiberri) definitzeko behin baino gehiagotan erabilitakoak. Sortzaile estatubatuarrak 1990eko hamarkadan Gaza eta Zisjordania egindako bisitak ditu oinarri eta lehen aldiz euskarara ekarri du Gabiriak. Egileak bederatzi aletan argitaratu zituen 1993tik aurrera eta 2001ean aurkeztu zuen tomo bakarrean.

Publicidad

Gabiriak azaldu bezala Sacco Lehen Intifadaren garaian joan zen Palestinara eta bere lehen asmoa «elkarrizketetan esan zuen bezala, bere buruari buruz hitz egitea zen, Palestinara doan eta hango anekdotak eta bizipenak kontatu nahi dituen estatubatuar bat». Hasieran fokua bere buruan jarri bazuen ere, errealitateak segituan gain egin zion itzultzailearen aburuz. «Konturatzen da bera ez dela protagonista eta tonua poliki-poliki aldatuz doa». Ez hori soilik, irudietan ere erreflexua baitu. «Marrazteko moduan ere nabari da, hasieran dena da nahiko karikatureskoa eta fintzen doa».

Bilakaera hori «oso azalean» bizi izan du Gabiriak. Hasieran Saccoren pertsonaia ez zitzaion oso sinpatikoa egin eta darabilen jarrera itzultzea kosta zitzaion. «Palestinako egoera jakinda zein zen, Lehen Intifada bete-betean joan zela, zure burua protagonista moduan jartzea... Gainera bromatxo ugari darabiltza edo egoeraren gainetik jartzen duen tonua». Hori guztia euskarara ekartzea izan da erronka, itzultzerakoan hitzez gain pertsonaia bakoitzak nola erreakzionatzen eta nola jokatzen duen ere islatu behar baita. «Hori sinesgarria izan behar da pertsonaia bakoitza», dio. Saccoren jokabideak «kirrinka» egiten zion Gabiriari, baina istorioak aurrera egin ahala «errealitatearen eta darabilen hizkuntzaren arteko kontrastea» txikitzean doan heinean errazagoa egin zaiola azaltzen du.

Ildo horretan, egileak Palestinara joan aurretik lanketa bat egin zuela aipatzen du, baina AEBtako hedabide eta diskurtso ofizialaren pisua hala ere oso nabaria dela. «Sacco ezkerreko estatubatuarra da, zehaztapen hori egiten dut berak ere esaten duelako komikian 'ezkerreko ideologia batetik nator, baina nire inguru nagusiak eta komunikabide nagusiak rodillo batez ari dira ematen informazioa, alde bakarrekoa gainera eta argi eta garbi Israelen interesekin lerratua, pentsamendu horrekin zipriztindua'». Hala, lanketa «oso teorikoa» denez, heltzen denean «txoke handia» bizi du Saccok, «liburu alternatiboetan ikusitakoak topatzen baititu haragi bizian, esperotakoa gainditzen du eta gogorra egiten zaio».

Aktualitatea mantentzen du

Eduki aldetik 1990eko hamarkadako gertakariak eta Palestina jasotzen baditu ere, Gazako zerrendan bizi den egoera ulertzeko baliagarria da irakurlearentzat. «Garai hartako erretratu zehatza da eta egoera horretara nola heldu diren ulertzeko Saccok atzera egiten du, iraganera, eta horrek berdin-berdin balio digu». Are gehiago dokumentalarekin alderatu daitekeen lana denean eta kazetaritzari hain lerratua dagoenean. «Bere garaian irakurri nuenean eta orain ere, gehiago ikusi izan dut dokumental modura. Eta egileak badauzka beste hainbat liburu eta beti modu horretan irakurri ditut, jorratzen ari den gaia ba gai horri buruzko dokumental bat ari naiz ikusten».

Publicidad

'Palestina'

  • Egilea: Joe Sacco.

  • Itzultzailea: Julen Gabiria.

  • Argitaletxea: Astiberri.

  • Orrialde-kopurua: 296.

  • Prezioa: 25 euro.

Planteamenduak eta pertsonaiak bizitako egoera komikiaren estiloan ere islatzen du Saccok, Gabiriak azpimarratu bezala. «Hasiera nahiko kaotikoa da, testuz hiperkargatua, albo guztietatik dago, batzuetan diagonalean eta marrazki karikatureskoekin. Nik uste aurkitu zuen egoera islatzeko modua izan zela». Irakurle bezala deserosoa egin daiteke, itzultzaileak onartu bezala, baina ostean «estilizatu eta zentratu» egiten dela aurreratzen du.

2022an Art Spiegelmanen 'Maus' itzuli zuen Gabiriak Astiberrirentzat ere eta Saccoren lana harekin alderatu da maiz. Hein batean bat badator ere, 'Palestina' kazetaritzara hertsiago lotua ikusten du eta 'Maus' «sorkuntza lan integralago» bezala, «aitaren memoria edo autobiografia familiarraz gain sorkuntzari buruzko hausnarketa» dituelako, baita fikzioa ere pertsonaiak animalia bitartez irudikatuz.

Publicidad

'Maus' lanarekin gertatu bezala, 'Palestina' euskarara ekartzeko Astiberri argitaletxea jarri zen harremanetan Gabiriarekin. Biak aurrez irakurriak zituen eta uste du, hein batean, lagungarri suertatu zaiola. «Mausen adibidez pertsonaia nagusiak gaizki hitz egiten zuen ingelesez, jatorrizko liburuan, beraz euskaraz ere gaizki hitz egin behar zuen eta banekien horri aurre egin beharko niola». Azken lan honetan, azaltzen diren datu historikoak, siglak eta pertsonaien izenak fin itzultzea izan da erronka nagusienetako bat. «Ez da dokumentazio prozesu handirik egon», dio apal.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad