Mikel Urdangarin Irastorza, liburu aurkezpenean. F. de la Hera
'Gizaberetxoak gara' | Joxe Azurmendi

Joxe Azurmendi, autore feministekin elkarrizketan

Pentsalari zegamarrak hainbatetan aldarrikatutako «elkarrizketa kritikoa» jarraituz ondu du Mikel Udangarinek 'Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan' (Jakin) saiakera

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 14 de agosto 2025, 08:33

«Ni neu bezala pentsatzeko ni neu nahiko naiz», zioen maiz Joxe Azurmendi pentsalariak eta are gehiagotan egin zuen elkarrizketa kritikoaren alde. Ildo hari jarraiki, zegamarrak 1964an «asi gaitezen komunismuarekin alkar-izketan» aldarrikatu bezala, Mikel Urdangarin Irastorzak Azurmendi bera zenbait autore feministarekin (Jule Goikoetxea, Judith Butler…) elkarrizketan jarri du 'Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan' (Jakin) saiakeran. Sei urteko lanketa ostean iaz aurkeztu zuen tesia eta maiatzean plazaratu zuten liburu formatuan.

Publicidad

Pentsalari zegamarrak gizaberetxoa propio hiru lanetan aztertu bazuen ere, kontzeptua «zehar-lerroa» izan zen haren jardunean eta Urdangariren iritziz nazioaren bueltan egindako hausnarketengatik egin bazen ere ezagun, «berak esaten zuen bezala nazioaren ideia orok gizatasun oro bat aurresuposatzen du: gizakia ulertzeko modu bat, komunitatea ulertzeko modu bat, moral jakin bat, batasunak eta diferentziak artikulatzeko era jakin bat. Finean, gizakia ulertzeko modu bat». Eta liburu zein artikuluetan zehar autore feministekin elkarrizketarik izan ez bazuen ere, «uhin eta korronte berrietarako gutxienik belarriak irekita agertu» dela azaldu zuen, «elkarrizketa kritikorako beti prest», Azurmendik esan bezala. Horregatik eta, batik bat, feminismoa azken hamarkadan Euskal Herrian ere «politizaziorako ardatz nagusietakoa» bilakatu dela iritzita, «auzi ezberdinak astinduz», tartean filosofia bera, erabaki zuen ontzea saiakera.

'Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan'

  • Egilea: Mikel Urdangarin Irastorza.

  • Argitaletxea: Jakin.

  • Orrialdeak: 324.

  • Prezioa: 22 euro.

Egitura aldetik liburuak bi atal ditu. Lehena, Joxe Azurmendiren «antropologia filosofikoa, gizakiaren ikuspegia» eta bigarrenean autore feministekin, Jule Goikoetxea edo Judith Butler esaterako, elkarrizketa. Ñabardura egin zuen atal honetan, argitu nahirik orokortzearen arriskuaz, hau da, feminismoa «multzo oso koherente eta identiko» bezala ikus daitekeela, hala ez denean. Horregatik, nahiago izan zuen «autore feminista zehatzez» mintzatu.

Xabier Eizagirre editoreak Urdangarinen jarduna goraipatu zuen, tesiaren moldaketak, «kutsu akademikoa» duten lanak «irakurle orokorrarentzako egokitzea» konplikatua dela oroituz. «Bete-betean asmatu du, jakinmina izan dezakeen edonork arazorik gabe irakur dezake. Kontzentratuta, baina arazorik gabe», gehitu zuen.

Agerraldian Urdangarinek argi utzi zuen Joxe Azurmendi katedrak emandako lau urteko beka gabe aurkeztutako liburua ezinezkoa izango zela. Era berean, hasitako bidea besterik ez dela azpimarratu zuen eta elkarrizketan asko dagoela sakontzeko. «Ni honaino iritsi naiz, hamarnaka autore sartu behar ditugu elkarrizketan», iritzi zuen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad