Leire Lopez Ziiluaga editorea eta Jose Luis Otamendi, liburuaren aurkezpenean.

Jose Luis Otamendi, garaiok behar duten poesia moldearen bila

Bederatzigarrena duen 'Disoluzio agiriak' liburua osatzen duten 39 testuetan, askotariko aldaketa pertsonal eta kolektiboren «berri poetikoa» eman nahi du

Viernes, 1 de marzo 2019, 11:03

Narraziogintzan eta saiakeran egin du sartu-irtenik, antzerkigintzan ere bai saio txikitxo bat, baina poesia da Jose Luis Otamendiren (Azpeitia, 1959) literatur eremua. 'Panpina Ustela' aldizkariaren segida izan zen Ustela sailean, dozena bat lan ekarri zituen ekimen hartan, argitaratu zuen aurreneko poema liburua 1980ean, 'Egunsenti biluzia' izenburuarekin.

Publicidad

Beste zazpi ekarri ditu harrezkeroztik, gehienak Susaren eskutik. Oraingoz azkena zuen 2014ko 'Kapital publikoa'. Orain argitara eman du 'Disoluzio agiriak', Susarekin berriro. Argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagak liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, «betiko Otamendi» dago poema berrietan, baina batez ere dagoena da «bizi dugun garairako poesia mota bat aurkitzeko asmoa».

Aurkezpenerako prestatuta ekarri zuen testuan ideia horren inguruan aritu zen batik bat Otamendi, 'garai' horretan bilduz egungo zirkustantzia sozial eta politikoak, baina baita pertsonalak ere. Izan ere, egunsentia ez zeukan oso urruti 1980ean 21 urteko mutil gaztea zen poetak. 2019an, 60 beteko dituen urtean, hurbilago du ilunabarra. Urteek Lopez Ziluagak nabarmendu duen «aberastasun teknikoa» eman diote, baina zahartzen ari den gorputz baten «kezkak, minak eta grinak» ere ekarri dizkiote. Denboraren joanarekin batera etorri ohi da halaber «etxekoen zaintzaz arduratzea» eta, horren ondorioz, «pertsona kuttunen gorputzaren edota gogoaren disoluzioaren lekuko» izatea. Norberaren gainbeheraren protagonista, eta besteenaren lekuko, nolabait.

Aldaketa dezenteren zantzuak

«Gauza askoren eraginez aldaketa dezenteren zantzuak sumatu ditut neure baitan eta kanpoan aspaldi honetan», esan zuen Otamendik. Disoluzioak, aldaketak, norberarenak, ingurukoenak, baita «politikatik edo gizarte arlotik datozenak ere». Eta asmo bat: «horien berri poetikoa eman nahi izan dut. Beraz, aldi honek zenbait ñabarduretan beste era batera idazten saiatzeko ahalegina eskatu dit».

Molde berri horren bilaketan, gorputza izan du «abiapuntu eta bizi ditudanen egoitza eta gertaleku (...), baina inguratzen nauen giro soziala eta ekonomikoa ahanzteke batere». Hortaz, lehen pertsonan aritu da, baina ez du bakarrik beretik eta beretzat idatzi, «plazan hitz egitera» etorri baita -«ahots intimoa bilatuz ordea»-, antzeman dituen aldaketa guzti horien berri eman nahirik, mundua urtzen eta gorputzak narriatzen ari diren garaiok behar duten molde poetikoen bila.

Publicidad

Liburuaren forma-egiturari dagokionez, zazpi kapitulutan banatu du. Zazpi atal horietan «espazio edo elementu poetiko bana osatu nahi izan dut, txatal edo fragmento bat, elkarren osagarri ez baina, nire iritziz behintzat, agiriz, oharrez, aieruz disolizio molde batean sakontzeko substantzia ere badirena».

Dena ez da ordea endekapen indibidual eta kolektiboaren kontaketa. «Disoluzioa, endekatzea eta gainbehera emateaz batera, materiaren eraberritzeko gaitasun etengabeaz» ere aditu da liburua osatzen duten «39 agiri, 39 testu» horietan, «aurrera begirako txidorrak sortuko diren esperantzan».

Publicidad

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad