Iñigo Arizmendi
Toti Martínez de Lezea | 'Nur eta Afrikarako bidaia'

Imajinazioa sustatzen jarraitzeko Nigeria bisitatuko du irakurleak Nurrekin

Toti Martínez de Lezeak Nur bilduman kaleratutako 18. alea eta saldutako 350.000 aleak ospatzeko omenaldia antolatu du Erein argitaletxeak

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 28 de junio 2024, 14:47

Toti Martínez de Lezea (Gasteiz, 1945) ezagun batek botatako apustu batek bultzatuta hasi zen idazten eta, ironikoki, erronka batek abiatu zuen Nur bilduma 2008an. Ordutik 18 ale ondu ditu, azkena 'Nur eta Afrikarako bidaia' eta argitalpena zein 350.000 ale saldu izana ospatzeko omenaldia antolatu du ostiral honetan Erein argitaletxeak.

Publicidad

Ordurako idazle ezaguna zen Martínez de Lezea batez ere eleberri historikoa kaleratuta eta «erronka berri bat» planteatu zion 'Iturri'-k «haurrentzako ipuin baterako pertsonaia bati forma ematea». Hasieratik erantzun zien idazle arabarrak ipuinik ez zuela idatziko, «haurrentzako eleberria» baizik eta pertsonaia jada bazuela: Nur biloba. Hala heldu zen 'Nur eta irlandar gnomoa' eta ondorengo aleetan beste hainbat herri eta mundutara eraman du irakurlea Martínez de Lezeak eta azken honekin zor bat kitatu du Nur lehen aldiz Afrikara eramanda, zehazki Nigeriara. Iturrik goraipatu bezala, istorio guztiek «abentura eta irudimen zama handia» dute eta haur idazkietan oro har txertatzen den «gehiegiko karga pedagogikotik ihes» egiten duela.

'Nur eta Afrikarako bidaia'

  • Egilea: Toti Martínez de Lezea.

  • Ilustratzailea: Ivan Landa.

  • Argitaletxea: Erein.

  • Adin gomendatua: 8-12 urte.

  • Orrialdeak: 144.

  • Prezioa: 15,5 euro.

Haurren imajinarioan zuen eskarmentua baliatuta, besteak beste 1986tik 1992ra ETBrentzako mila saio baino gehiago idatzi baitzituen -tartean Poli eta haren inguruko lagunak sortuz-, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailerako 40 bat programa ere edota Kukubiltxo taldearen sorreran egindako lana, Irlandako gnomo batekin topo egin eta benetako adiskidetasuna eratzen zuen neskaren istorioa plazaratu zuen.

Agerraldian, gainera, Jexuxmari Mujika, Ereingo lehendakariak azken alea enmarkatuta oparitu dio Martínez de Lezeari argitaletxearen izenean 350.000 aleen kopurua erdietsi izana ospatzeko. «Egun pozgarria da guretzat», azaldu du 'Iturri'-k, «ez dut uste inori burutik igaro zitzaionik zifra hauetara iristea. Musikan zilarrezko eta platinozko diskoak daude, baina literaturan ez dago halakorik», adierazi du.

Saldutako ale kopurua bildumaren arrakastaren seinale dela nabarmendu dute Ereinetik, «euskarazko best-seller» izaera lortzeraino. Izan ere, euskaraz gaztelaniaz saldutakoaren bikoitza erdietsi du. Guztietan gehien saldu dena lehena da, ohikoa halako bildumetan, eta ostean hirugarrena 'Nur eta herensugearen tenplua', hein batean Juan Bautista Berasategik egindako animazio pelikulak eraginda.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad