Karmele Mitxelena
Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eskuratu du Karmele Mitxelena oiartzuarrak «heriotza eta dolua» mintzagai dituen 'Aitona Floren' (Elkar) liburuarekin
Heriotza eta dolua maiz «tabu» dira gizartean, baina biei heltzea eta «haurrekin» haiei buruz hitz egitea «oso garrantzitsua da» Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988) idazlearentzat. Hala egin zuen 'Aitona Floren' (Elkar) liburuan, Danel protagonistaren ahotsetik kontatuz gainera. «Nire liburu kuttunenetakoa da eta sentipena nuen itzalean geratu zela, baina gaur beste zerbait esan eta erakutsi didazue», eskertu du 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jasotzean.
Publicidad
«Danel aitonaren zain dago eskolako atarian, egunero bezala; bera joaten zaio bila, Danelek bere kabuz moldatzeko gauza dela uste duen arren. Txurirekin joan ohi da; txakurrak haur guztiek entzuteko moduko zaunkak eginez agurtzen du beti. Gaur, ordea, aitona asko berandutzen ari da, eta bakarrik abiatzea erabaki du. Etxera iristean jakingo du aitona zorabiatu egin dela eta ospitalera eraman dutela. Haurrei norbait betiko lo geratu dela esaten zaienean, badakite norbait hori hil egin dela, izarretara joan dela esaten zaienean bezala. Danelek ondo daki aitona ez dagoela lo, bazkalostean telebistaren aurrean geratzen denean bezala. Eta amari galdetu dio erantzun zehatz baten bila: 'Aitona hil egin da, ama?', laburtzen du sinopsiak.
– Egunerokoan, hedabideetan ere, Haur eta Gazte Literatura maiz bigarren lerroan edo itzalpean geratu ohi da. Idazle handiak izan dira generoan eta zuk beti egin duzu aldeko apustua. Gizarte bezala aztertu beharko genuke?
– Beharbada irakurleak ere haurrak izanik zaila da hedabideetan halako oihartzuna izatea. Helduok beste modu batera ematen diogu gauzei garrantzia, ematen du helduek egiten dutenak hartzen duela mundua. Dela kirolean, dela literaturan… Haurren literatura oso mundu emankorra eta aberatsa da, oso irakurle zorrotzak dira eta ni oso baloratua sentitzen naiz Haur eta Gazte Literaturan sari hau jaso izanaz. Haur eta Gazte Literaturan eragiten duzuna ez duzu beste inon lortzen
– Pasio horrek lotzen gaitu, deok dugu txikitan irakurritako liburu edo saga hori. Etorkizuna ere hor dago.
– Agerraldian Maitek [Rosende] esan du irakurle kritikoak behar ditugula. Dena hortik hasten da, niretzat heziketa literarioa ezinbestekoa da. Pertsona bezala horrek garatzen laguntzen dizu, mundua ulertzen eta honi hitzak jartzen. Niretzat altxor bat da.
Publicidad
– Animazioan errazago goratzen dira filmek dituzten geruzak. Literaturak ere baditu. Dolua eta heriotza ia gai tabu ditugu eta helduok ere horrelakoak behar ditugu agian?
– Haurretan tabu den hori helduetan bihurtzen da tabu. Horregatik da hain garrantzitsua haurrei heriotzaz hitz egitea. Ematen du oso barneratua dugula, baina egunerokoan… Beno, heriotza eta beste gai askorekin. Denok landu beharrekoa da, baita gizarte bezala ere. Munduan ikusten da gizartearen arabera oso ezberdin bizi dela.
– Gaia arantzatsua izanda, infantilizatu beharrean haien tonuan hitz egin diezu.
– Bai, modu naturalean. Ez da haur edo heldu baten modu naturala, tarteka kostatzen zaigu onartzea helduoi. Uste dugu heriotza denok berdin bizi behar dugula eta desberdintasunak daudenean lekuz kanpo geratzen gara.
Publicidad
– Istorioa «filtro edo injerentzia» gabe helarazi duzula nabarmendu du epaimahaiak. Baita barne elkarrizketaren erabilera. Nola otu zitzaizun molde hau? Gabezia nabaritu zenuen?
– Haur Literaturan esan ohi da komeni dela hirugarren pertsonan kontatzea haurra ez dadin gehiegi identifikatu. Haur txikiei kontatzean otsoak beti beste norbait jaten du, baina niretzat lehen pertsona hori oso garrantzitsua da, tristura, hunkidura edo dena delakoa benetan sentitzea nahi dut. Negar egin behar badu negar egin dezala, istorioa batekin hunkitu, enpatizatu eta negar egitea ze polita! Hautu bat izan zen barne-elkarrizketa hori sortzeko. Aitonarekin asko hitz egiten du, baina aitona ez dago. Horrek barrurago eramaten zaitu.
Publicidad
– Apustuak dramara eraman zaitzake. Noraino utzi joaten istorioa?
– Niretzat asko dago tonuan, kontaketan zein erabiltzen duzun. Naturaltasuna da gakoa, haurrek nola funtzionatzen duten ezagutzea eta hortik abiatuta kontatu. Galderak erabiltzen ditu, batzuetan zinikoak ere, zer dagoen heriotzaren ondoren, etab. Helduok ausartzen ez garenak, baina haurrek bai. Horiek baliatzea.
– Idazle bezala haur zein helduentzat idatzi duzu. Etiketak hausteko unea da, idazle batek biak egin ditzakeela?
– Niretzat garrantzitsua da bi munduak ondo ezagutzea bataren zein bestearengana heltzeko. Irakurle bezala uste dut gehiago naizela Haur eta Gazte Literaturakoa. Haurrekin lan egiten dut eta oso konektatua nago eguneroko horretan. Idazle bezala prozesu erabat ezberdinak dira, irakurlera egokitzen jakin behar da, ez da soilik haur eta heldu. Helduen artean ere berdin ez den bezala. Adinaren eta gaiaren arabera batzuk gehiago interesatzen zaizkizu besteak baino. Edo bizi duzunagatik, zauden uneagatik.
Publicidad
– Sortzaile bezala une oparoan zaude: Kritikaren Saria jaso zuen 'Zoriona, edo antzeko zerbait' (Elkar), ikus-entzunezkoetan Laburbira zirkuituan erakutsi den 'Pentsatzen dut' film-laburra. Olatua aprobetxatzearen unea?
– Egia da ez baduzu ondo kudeatzen presioa ere izan daitekeela, baina ez dut gehiegi pentsatu. Egia da errekonozimendu eta aitortzak heltzen ari direla denak nahiko aldi berean, baina iritsiko gera beste aldera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión