'Ama on' batengandik espero ezin daitezkeenak
'Amez' ipuin bilduman Goiatz Labandibar idazle oiartzuarra «kontzepzio monolitikotik» aldentzen saiatu da
Arketipo, estereotipo, dekalogo, estandar. Antzekoa esateko hitz mordoa ditu hizkuntzak eta horietatik guztietatik «urrundu» nahi izan du Goiatz Labandibar idazleak 'Amez' lanean. «Haragizko» emakumeen bizimodua ardatz hartuta, amatasunaren argi-itzalak islatu ditu, kontraesan eta guzti, oso txertatua dugun «dikotomiatik urruntzeko, dena ez baita zuri ala beltz».
Publicidad
Ipuin-liburua osatzen duten hogeita bost narrazioetan zehar «asmo zehatza dago guzti-guztietan: pertsonaiengana, amak gehien-gehienak, beste begirada batez hurbiltzea, gizartean sakon erroturiko 'ama ona' eredu bakarra goraipatzen duen jarreratik aldenduta», Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak nabarmendu duen bezala .
Narrazio bakoitzak hasiera eta amaiera du eta ez dira zertan irakurri aurkezten diren hurrenkeran. «Independenteak dira, ez dago hari narratiborik. Akaso guztietan protagonistak emakumeak direla», azaldu du Labandibarrek. Hauen ama izateko edo ez izateko asmo eta pultsioen berri ematen digu idazle oiartzuarrak, ama izateko edo ez izateko modu askotarikoez, egunerokoan sortzen diren kontraesanez.
Istorio «oso humanoak»
Hauetan irakurleak istorio oso «humanoak» topatuko ditu, gertukoak diren hausnarketez osatuak. «'Ama on' batengandik espero ez diren horiek azaltzen dira, gizartean erakusten zaigun dekalogo edo kontzepzioak jarraitu nahi ez dituzten pertsonaiek edo jarraitu ezin dituzten pertsonaiek sufritzen duten frustrazioak». «Ohituta gaude denok amei buruz, amatasunari buruz, kontzeptu mota jakin baten arabera pentsatzen. Nik saiatu nahi izan ditut amatasunari buruzko kontzeptu sozialagoak, eta, nahi baldin bada, baita politikoagoak ere jokoan jartzen kontakizun hauetan», azaldu du idazleak.
Hori bai, narrazioen bitartez helburua ez da «kritika egitea», mahai gainean jartzen denari buruz «hausnartzea eta kontzepzio monolitikoa zalantzan jartzea baizik». Hala, testuetan amatasuna ulertzeko modu ezberdinak islatu ditu «emakume bat ama izaten denean ez delako soilik 'ama'». 'Amez' lanarekin gizartean oso errotua dagoen «dikotomiarekin» amaitu nahi izan du idazle oiartzuarrak, «dena ez baita zuri ala beltz».
Publicidad
'Amez'
-
Izenburua: 'Amez'.
-
Egilea: Goiatz Labandibar.
-
Argitaletxea: Alberdania.
-
Orri-kopurua: 140.
-
Prezioa 14,50 euro.
Hogeita bost narrazioetan zehar irakurleak aniztasuna nabarituko du ia arlo guztietan. Alde batetik, guztietan protagonista nagusia ama bat bada ere, edo zehatzago «ama horren atzean dagoen emakumea», pertsonaiak oso ezberdinak dira euren artean. Ildo horretan, gertakariak une eta toki ezberdinetan ematen dira, batzuk iragan urrunean (bada antzinako Erroman kokaturik), beste batzuk gertukoagoan (II. Mundu Gerran edo XX. mende hasieran) eta bada egun ematen denik ere; geografikoki Euskal Herrian, Erroman zein Alemanian gorpuzten dira pertsonaiak.
Gaur aurkeztutako lanaz gain Labandibarrek beste bost argitaratu ditu: 'Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak' (Elkar, 2013), 'Fotogramak' (Elkar, 2016), 'Hori zen dena (Alberdania, 2019), 'Salaketa' (2020) eta 'Metaforikoki' (2020).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión