Gertakari baten osteko «klik» batek eragindako bilakaera
Goizane Aizpuruak idatzitako lehen eleberria da 'Izarak' (Alberdania), «bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea» xede duena
Hiru lagunek, Anek, Xabik eta Elenek Algarven (Portugal) egindako bidaia labur baten azken egunetan emandako gertakari batek «klik bat» eragiten du eta, ondorioz, bi emakumeen harremanak bilakaera nabarmena bizi du. Gertakariaren ostean sortutako ziurgabetasunak «dena kuestionatzera eramaten ditu».
Publicidad
Guztia ez esateko modu bezala, izan ere aurkezpenean xehatu bezala «ezerk ez du lehenean iraungo» gertakari horren ostean. Une horretatik aurrera bizi duten «identitatearen eraikuntza da eleberriaren mamia», bereziki bi emakumeena. «Etengabe bila dabiltza», azaldu du Goizane Aizpurua egileak.
Alberdania argitaletxeak kaleratutako 'Izarak' eleberria bidaia egin osteko urtebetean kokatua dago, Euskal Herriko edozein hiritan. Protagonistak ere halakoxeak dira. Ane eta Xabi «Euskal Herrian erabateko batez bestekoan dagoen bikotea» eta haien laguna den Elene, «tankerakoa ere». Xabik gonbidatuta doa azken hau oporretara.
Gertakari osteko errealitatea oso modu ezberdinean bizi dute hiru protagonistek. Emakumeek, «tamalez», deseraiki eta eraikitzeko bizi duten prozesuaren isla da Ane eta Elenerena eta errotik egindako eraikuntza hori alor guztietara zabaltzen da. «Gorputzaren bizipena, intimitatea, rolen banaketa eta haiek barneratzeko modua, bikotea, sexu eta bestelako harremanak, maitasuna...», Aizpuruak zehaztu arabera.
«Emakume ahotsa ardatz sendotzat hartuz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea, ordu arte oinarri sendo izan den guztia kuestionatzeraino». Bietatik Anek bizi ditu zalantza gehiago, asko aurrez izan gabekoak. Hala ere, eleberria aurreratu ahala eta laugarren pertsonaia agertu bezala, «Elenek ere bereak baditu», kontatu du Aizpuruak. «Baina ez dut spoilerrik egingo».
Publicidad
«Bietatik Anek ditu zalantza gehiago, baina Elenek ere baditu bereak»
Goizane Aizpurua
Bizipen eta bizitzeko modu horren «antipodetan» kokatzen da Xabi. «Ziurtasunez eraikitako dorre batean» dagoela azaldu du egileak.
Ahots eta plano aniztasuna
Liburuak lau atal nagusi ditu, bakoitza urtaro bati dagokiona. Horietako bakoitzean «aldartea transmititzen» saiatu da Aizpurua. Bere esanetan kontakizuna «plano ezberdinetan mugitzen da» ahots polifoniari esker. Batetik, zenbait pasarte Anek kontatzen ditu; bestetik, «narratzaile neutroa». Era berean, liburuko 33 ataletako bakoitzaren hasieran «ahots ezberdin bat» ageri da, «gogoetatsua» eta «poetika zeharo propioa duena». Idazlearen esanetan «gainerako ahotsetatik aldentzen» da, baina «gehiegi urrutiratu gabe».
Publicidad
Aizpuruak argitaratutako lehen eleberria da 'Izarak', baina ez idatzitako lehen lana. Eta hori sinesteko zaila da Jorge Giménez Alberdaniako editorearentzat. «Gezurra dirudi lehen nobela izatea, ekoizpen umotua da zalantzarik gabe, bai formaz zein idazkeraz». Giménezen ustetan Aizpurua «sormenetik hurbil dago eta horren araberakoa du sentiberatasun artistikoa».
«Sormenetik hurbil dago eta horren araberakoa du sentiberatasun artistikoa»
Jorge Giménez, Alberdaniako editorea
2006an Goaz taldearentzat 'Kanika zui beltzak' idatzi zuen, lehen antzerki gidoi luzea eta 2013an Debako Udalak argitaratutako 'Irarrazabalgo hormarteratua' poesia-bildumari itxiera emango zion kontakizuna eskatu zioten. Ostean, 2018an, 'Afasia Airlines' poesia-liburuarekin Pasaia Hiria – Xabier Portugal saria irabazi zuen.
Publicidad
Idazkeran isla duen esperientzia estetikoa antzerkiaren munduan hasi zen lantzen. Goaz antzerki taldeko kide izan zen eta ordutik harremanak izan ditu hainbat talderekin, besteak beste Orratxeko Oier Guillan eta Gilkitxaroko Galder Perezekin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión