Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola (eskubian) eta Kateriñen beste senide batzuk. De la Hera
'Kateriñe'

Gerren aurkako oihua

Maitena Illarramendik bere amamak Gerra Zibilean bizitako kontakizunak komikira ekarri ditu Iñigo Sarasolaren marrazkiekin

Itziar Altuna

Donostia

Lunes, 15 de septiembre 2025, 19:06

Kateriñe Letamendi Albisu tolosarrak 24 urte zituen 1936ko uztailean. Gerra Zibila hasi eta hilabetetara tropa frankisten bonbetatik eta mehatxuetatik ihes egin behar izan zuen, lehenengo Donostiara, ondoren Bilbora eta azkenean Frantziara. Bere bizia bihurtu zen kaosaren erdian, eguneroko batetan idatzi zituen bere barruko beldurrak eta kezkak, baina beldurragatik eskuizkribu hori suntsitu egin zuen. Hala ere, bere senideei beti kontatu zizkien gudan bizitakoak eta 80 urte pasata garai hartako gertaerak berriro idatziz jartzea erabaki zuen. Orain, bere biloba Maitena Ilarramendik testu horiek egokitu ditu eta Iñigo Sarasola 'Monti' diseinatzaileak irudiak jarri. Emaitza 'Kateriñe' komikia da (Erein), «nire amamaren oihua» eta aldi berean gerren aurkako «oihu kolektiboa».

Publicidad

«Emozioz beteriko istorioa da» Uxue Razquin editorearen esanetan, irakurlearengan agonia, tristura eta frustrazioa eragingo dituena, guda bat zer sentituko baitu. Liburuak, «komikiaren lengoaiarekin amamaren ahotsa ez galtzea lortu du», gaineratu du aurkezpenean. «Istorio hunkigarria eta gogorra izan arren, erraz eta ondo barneratuko den liburua da».

«Poliki» eta marrazkiei «arreta jarriz» irakurri behar den lana dela aitortu du Maitena Ilarramendik, Iñigo Sarasolaren lana goraipatuz, «barru barrutik ateratako marrazkiak» sortu baititu, azterketa eta dokumentazio lan «zorrotz» baten emaitza, «garai hartako giro sozio-politikoa» arnasten laguntzen dutenak. «Argiak, itzalek eta koloreek ere badute sinbolismo ikaragarri handia», azaldu. du. Sarasolak ere ezagutu zuen Kateriñe, senide baitzuen, eta bere ahotan askotan entzun zituen gerra garaiko istorioak. Horrela, kontatutakoak eskuz marrazten hasi zen «beharra» sentitu zuelako eta Maitenari erakutsi zizkionean, honek amamaren idatziak egokitu eta guztia komiki batetan biltzea erabaki zuten.

Emakume sentsitiboa, intuitiboa eta memoria historiko bizikoa zen Kateriñe, «guda garaiko memoria barruan iltzatuta zuen», aitortu du bere bilobak, amamarekin zuen «lotura estua» gogora ekarriz. Komikian, aitonaren testigantza ere agertzen da (Eusko Jaurlaritzako agintarien txoferra izan zen), eta horretarako, Maitenak bere ama eta osaba-izeben laguntza izan du, bera oso txikia zenean hil baitzen aitona.

Komikia amamaren «irrintzia» izateaz gain, «oihu kolektibo» bat badela ere adierazi du Maitenak, izan ere gerra bera behin eta berriz errepikatzen da, «herri xehea da hiltzen dena beti. Goikoek mugitzen dituzte fitxak; behekoek, odola». Bizipen erreal honekin irakurlearen barrenera heldu nahi dute egileek eta «kontzientzia pizte bat» eragin, «txikia bada ere».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad