Eider Rodriguez, atzoko aurkezpena hasi aurretik. Gorka Estrada

Eider Rodriguezek sei mundu eraiki ditu bere azken liburuan

'Dena zulo bera da' lanean fikziozko sei ipuin bildu ditu, noraezean eta zer egin ez dakiten pertsonaien istorioak kontatzen dituztenak

Itziar Altuna

San Sebastián

Viernes, 10 de octubre 2025, 17:45

«Gogo handia» zuen Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) fikziora itzultzeko. 'Dena zulo bera zen' (Susa) idazle gipuzkoarraren bosgarren ipuin liburua da, sei istorioz osatutakoa, bakoitza bere mundu eta atmosfera propioarekin, non «miniaturazko» pertsonaiak aurkezten dizkion irakurleari haien errutinak aurrera eramanez. «Miniaturazko bizitzak dauzkate, miniaturazko herri batean, miniaturazko hizkuntza batean», azaldu du autoreak ostiral honetan aurkezpen ekitaldian.

Publicidad

Euskadi Saria jaso zuen 'Bihotz handiegia' ipuin liburuan bezala, mundu bat eraikitzen du Rodriguezek istorio bakoitzean, «ia nobela batek bezainbeste xehetasun biltzen dituen mundu bat», aipatu du Leire Lopez Ziluaga editoreak, eta horretarako «asko esan behar da espazio gutxian», balioetsi zuen. Hain zuzen, idazleak aurkezpenean onartu zuenez, ipuinetan aurkitzen du «umetatik bilatzen dudana, literaturaren indar eraldatzailea eta sorkuntzaren intentsitatea».

Sei ipuin, sei istorio, baina bakoitzak «gabezia» batekin du zerikusia. «Nekearekin eta noraezarekin zer egin, mina eta haserrea nola jaurti, ilusioa eta fedea nori eman ez dakien pertsonez inguratuta bizi gara eta berdin ipuinetako pertsonaiak» aitortu du autoreak. Editorearen ustez, «pertsonaiek badute zama moduko bat, guztiz gozatzen uzten ez diena. Agian, gure garaiaren ezaugarrietako bat da».

'Kanikula' deitzen da lehenengoa, uda minean gertatzen da eta bikotekidearekin ohikerian oinarritutako harreman bat duen 54 urteko emakumea du protagonista. Bigarrenak, 'Itsasoak eta hondakinak', bi neska gazte eta etxe baten hezurdura. 'Zuloa' izeneko hirugarrenean, lana galdu ostean, emakume bat gauero lotuko zaio betebehar nekoso bati. Laugarrenean, 'Ahate bihotz' izenekoan, emakume bat eta alaba azken honen klasekide baten etxera joango dira afaltzera, klasekidearen guraso euskaldundu klase altuagokoekin. 'Urpekariak' ipuinean, Thailandian oporretan den emakume batek hanka hautsiko du, eta «beste zerbait ere hautsiko zaio egunek aurrera egin ahala», aurreratu zuen Leire Lopez Ziluagak. Azken ipuinean, 'Kraterra' izenekoan, hilzorian den pertsona baten azken orduen testigu izango da irakurlea, urte luzez bikotekide izan duenaren eskutik. Gertakari haiek Hendaian, Irunen, Hondarribian, Bordelen, Donostian, Koh Phanganen eta Errenterian kokatu ditu Eider Rodriguezek.

Ipuin bereziena

Ipuinetako protagonistak aldaketa momentu batean harrapatzen ditu idazleak. «Haien egunerokotasuna thriller baten moduan kontatzen ahalegindu naiz, normaltasun nahiaren azpian ezkutatzen den ezinegona agertuz. Gehienek ez dakite zer desio duten, zerk ematen dien beldur, eta hori jakin gabe segitzen dute aurrera, egunero, hutsik egin gabe… ahal den horri helduz», adierazi du idazleak. Istorioak kontatzeko behar duen «lurra» fikzioan aurkitzen duela aitortu zuen, eta egia interesatzen zaion neurrian, «ipuinak dira egiaren ingurumarian egon ohi den tentsiora hurbiltzeko daukadan tresnarik zorrotzena».

Publicidad

Sei ipuinak maite ditu autoreak, nahiz eta batzuk «problematikoagoak» izan diren idazterakoan. Hala ere, lehenengoarekin disfrutatu du gehien, «luzeragatik eta pertsonaiak hobeto ezagutzen nituelako», aitortu du autoreak. Izan ere, duela zortzi urte argitaratutako 'Bihotz handiegia' ipuineko Ixabel eta Iñaki «begiratu» ditu orain, denborak nola zeharkatu dituen ikusteko. «Pertsonekin bezala, liburua argitaratu ondoren pertsonaiek beste bizitza bat izan dezakete».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad