Benetako edertasuna aldarrikatzen du Amaia Telleriak 'Aurpegiak' liburuan
Nerabeentzako eleberri honek sare sozialek gazteengan duten eragina du hizpide
Teknologia, autoezagutza eta presioei buruzko kontakizuna aurkezten du Amaia Telleriak (Idiazabal, 1993) 'Aurpegiak' (Alberdania) liburuan. Sare sozialetan ikusten denak gazteengan duen eragina oinarri hartuta eraiki du nerabeentzako eleberri hau, perfekzioarekin obsesionatuta dagoen mundu batean benetakotasuna bilatzeari buruzko istorioa.
Publicidad
Lili gaztea da protagonista, bere familiarekin Izkiberri herrira bizitzera joango dena. Ingurune berri horretan berreraiki beharko du bere bizitza, institutu berria batetan eta lagun berriekin. Baina hango biztanleen perfekzio fisikoak zur eta lur utziko du protagonista. Berehala ezagutuko du itxura ideal horren atzean dagoen sekretua; 'appegiak', erabiltzaileei aurpegia eta gorputza iragazkien bidez aldatzeko aukera ematen dieten betaurrekoak. Lili ere betaurrekoen munduan murgilduko da, segurtasun ezak uxatuko dituelakoan, baina laster konturatuko da benetako borroka ez dagoela itxuran, baizik eta gizarteak ezarritako presio estetikoetan.
Hain zuzen, sare sozialetan erakusten denak gazteengan duen eraginaz kezkaturik, istorio hau idaztea erabaki zuen Amaia Telleriak. «Gaur egungo gazteek gezurren eskaparate horretan zenbat denbora igarotzen duten ikusita, garrantzitsua iruditzen zait, gutxienez, gaiaren inguruko kontzientzia hartzea, hausnartzea», adierazi du liburuaren aurkezpenean.
Galderak bota
Baina autorea ez da geratu teknologiak gazteengan duen eraginean bakarrik. Beste hizpide batzuk atera nahi izan ditu istorio honen bidez, hala nola estetikaren presioa (emakume gazteengan batez ere), itxura zaintzeko egiten ditugun hainbat tratamendu, edo norberaren kontraesanak. «edertasun kanon horietan sartzea gustatzen baitzaigu», aitortu du. Honela, «erantzunak baino galderak bota nahi izan ditut, akaso, hizpideak atera eta gai hauez hitz egitera bultzatzeko jendea». Protagonistaren inguruan bilduko den neska-taldeak garrantzi handia izango du ere, «ahizpatasunari keinu bat» eginez.
Gai hauek lantzeko espazio bat sortu du autoreak, protagonista bizitzera doan herria fikziozkoa baita. Hortaz, liburuak «zientzia fikzkio ukitu batzuk» badituela agertu du Amaia Telleriak, «teknologiaz zipriztinduriko leku bat delako, luxuzko eta pribilegiozko bizitoki bat», baina era berean «ikusi izan ditudan gauzetan oinarritua» dagoena.
Publicidad
Liburuak gaur egungo gizarteari «kritika» egiten diola azpimarratu du Miren Mujika editoreak, eta hori «trantsitorioak diren» 'appegi' horien bidez egiten du idazleak, «tresna irreal horiei sinestasun handia» emanez, baita «pertsonaiei ere», gaineratu du. Istoria deskripzioz kargatu gabe, autoreak pertsonai guztiak, herria eta 'appegiak' imaginarazteko duen «gaitasuna» balioan jarri du Mujikak, «liburu honetan nabarmentzen zaiona».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión