Aurreiritzi zuriak
Jon Martin-Etxebeste
Sábado, 20 de septiembre 2025, 11:17
Anbizio handiko liburua da Maite Gurrutxagaren hau. Goi-mailako ilustratzaileak ditugu Euskal Herrian eta haietako askok idazlerik gabe ere distira egiten dute. Ia hitzik gabeko istorioa osatu du amezketarrak, liburu ezohikoa guztiz. Egitura aldetik, azala bera kontakizunaren lehen eszena da; istorioa ulertzeko beharrezko elementua: bere izara zuriaz harro sentitzen den sagu zaharra (purutasunarekiko zaletasun horrek konnotazio arraziala du). Normalean betegarri diren orri-babesetan 32 marazki daude, istorioa ulertzeko ezinbestekoak.
Publicidad
'Tapakia'
-
Egilea: Maite Gurrutxaga.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Orrialdeak: 28.
-
Prezioa: 17 euro.
Lehenengotan izara zuria goresten da; hurrengotan, haurrak jolasean ageri dira; eta, segidan, izara zulatua. Agureak frogarik gabeko juzkua egingo du eta sagutxo haien gurasoei kargu hartuko die triskantzagatik. Gurasoek adeitsuki hartuko dute adinekoa eta etxean tea hartzera gonbidatuko dute izara preziatua josten duten bitartean. Pixkanaka, auzokideak agertuko dira eta bakoitzak bere ekarpena egingo du (jatekoa, musika…). Auzokideak berariaz kulturanitzak dira (arropatan zein keinuetan igerrriko dira zenbait detaile) eta fenotipikoki ere islatu du aberastasun hori ilustratzaileak fintasun harrigarriz. Saguz beteko da gradualki eszena eta orrialdez orrialde garatzen doazen mugimenduz eta imajinatu beharreko elkarrizketaz. Iskanbilaren erdian, sagu protagonista loak hartuko du, goxo; eta esnatzean zartatuta zegoen izara zuria topatuko du bera estaltzen; ez, ordea, lehen bezain zuri, adabaki koloretsuz beteta baizik. Izara bezala, saguaren aurreiritziak ere transformatu egongo dira eta bere etxera itzuliko da, aberatsago.
Album ilustratuak haurrentzat direla pentsatzen du jende gehienak, baina helduen bitartekaritza zenbateraino den garrantzitsua erakusten du liburu honek. Heldu baten deskodetze kritikorik gabe nekez goza daitekeen istorioa da honakoa. Nor den bertako, eta nork nori zer zor dion ezbaian dagoen garai honetan kulturartekotasunaz gogoeta egiteko deia da liburu hau.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión