«Askapen prozesua» hari gorri duten hiru ipuin luze
Jone Bordatok estreinako liburua, 'Erroen izerdia' (Elkar) kaleratu du, pertsonaiak dituzten leialtasunak birpentsatzera daraman testua
Ibilbidea, fisikoa zein psikologikoa, pertsonaiek bizi duten «askapen prozesua» da Jone Bordatok (Hazparne, 1984) bere estreinako liburua den 'Erroen izerdia' (Elkar) ipuin-bildumako hiru narrazioak batzen dituen «hari gorria». Hein batean pertsonaiek duten «leialtasunarekiko harremana», bikotekide ohiari, familiari, balore edo eskema jakin batzuei, berraztertu beharko dute horietatik «askatu eta haien buruari leial izateko». «Kontzientzia hartze bat» bezala definitu du idazleak. Batetik bestera pertsonaiak, gaiak zein erroak oso bestelakoak dira eta kontatzen dituen «bizipenak arras» ezberdinak dira ere. Sustrai horiek, funtsean, «gure baitan gordeak» dira, «oraindik ikusi gabeak, gure baitako inkontzientean». Prozesuaz, gehitu du, lehen biak laburragoak badira ere -bakoitzak 50 orrialde, hirugarrenak 100-, azkarrago idatzi du azkena.
Publicidad
Lehenak 'Ana' du izenburu eta protagonista, bere mutilaz duela buelta bat bereizi zen emazte gazte bat, bertan kokaturik geratzen dena eta ez dena «osoki osatzen». Hala, hiru azpi-ataletan zehar -'Dolua, 'Bakardadea' eta 'Bilakaera'- irakurleak «berriro altxatzeko» bizi edo egiten duen prozesua eta barne-ibilbidea jarraituko du «zulotik jalgitzeko eta zauriak osatzeko».
Bigarrenean, 'Ibilaldia', bidaia kutsua ez da falta. Kasu honetan, gainera, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak esan bezala, fisikoa ere, bi protagonistak Pirinioetan egindako ibilaldi batean jarraituko baititu irakurleak. Lehen pertsonan idatziak, narratzailea da protagonista, gizon euskaldun bat. Alboan du Alejandro, andaluziarra, eta identitate kolektiboaz solastatzen hasten badira ere, horrek adiskidetasunaz pentsatzera daramatza.
'Erroen izerdia'
-
Egilea: Jone Bordato.
-
Argitaletxea: Argitaletxea:
-
Estiloa: Ipuin-bilduma.
-
Orrialdeak: 192.
-
Prezioa: 22 euro.
Triptiko moduan funtzionatzen duen bilduma 'Zapi beltzaren ezkutuan' ipuinak ixten du. Kasu honetan Amaia eta Mirentxu ahizpak dira protagonistak, Euskal Herritik kanpo egon dena luzaz eta herrian bizi dena, hurrenez hurren. Urte askoren ostean, elkar ikusiak egon gabe, lehenak etxera itzultzea erabakitzen du biek elkarbanatzen duten familiaren sekretu pisuaz askatzeko beharra sentitzen duelako.
Agerraldian azaldu duenez, Bordato «betidanik» izan da irakurle, bereziki literatura eta filosofiko gaiekin loturik. Era berean, nerabezarotik idatzi du, baina batik bat beretzat, «argitaratzeko asmorik gabe». Hala, 27-28 zituela 'Erroen izerdia' liburuan azaltzen den lehen ipuina idatzi zueneko unea azaldu du izan zela ikuspegia aldarazi ziona. «Horra arte egiazki ez nuen argitaratzeko asmorik, baina irakurle batzuk egon zitezkeela ikusi nuen».
Publicidad
Bi urte geroago, 2014an, heldu zen bigarrena, bilduman ere hurrenkera horretan datorrena. Aldiz, ostean, bestelako proiektuak taretan, alde batera utzi zuen liburu asmoa. Horietako bat izan zen sendabide tradizionalena, akupuntura, gaztetatik saioren bat jaso zuena, edo Indian egindako bidaia batean deskubritutako shiatsua -japonieraz «hatzekin presioa» esan nahi duena-. Azkenik, hirugarrena idatzita esku artean materiala zuela ikusi eta berrekin zion. «Lehen biak berriz landu ditut eta hautaketa batzuk egin, birmoldatze edo eguneraketa bat izan da». Hori bai, esentzia edo muina bere horretan dute. «Garaien nituen galdezketa batzuei lotuak dira, egun beharbada idatziko ez nituzkeenak. Enetzat bi ipuin zahar horien argitaratzea hirugarren bat idazteko aukera izan da. Hari horri lotuz, beste askapen prozesu bati pentsatzeko aukera», azaldu du.
Azkenik, etorkizunera begira kontatu du une honetan ez duela beste istoriorik buruan, baina idazteko gogoa bai. «Hirugarren ipuina idazten izugarrizko plazera hartu dut. Lorpen handiena hori izan da, argitaratzeak [idazten jarraitzeko] bultzada eman didala. Hori bilatzen nuen idazketa baztertua nuelako, nire baitan gogo hori bazen ere». Hala espero du Mendigurenek, agerraldian esan duen bezala «idazle berri bat beti baita poztekoa».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión