Migel Zeberio, El Incarnatus Orkestrako zuzendari eta Urmuga jaialdiko koordinatzailea. Iñigo Royo
Migel Zeberio | Urmuga jaialdiko koordinatzailea

«Kultur ekintzak ohikoak ez diren tokietara eramatea da gure helburua»

Ostiralean hasi eta hilaren 31a arte hainbat kontzertu hartuko ditu Urmuga jaialdiak

Itziar Altuna

Donostia

Jueves, 10 de julio 2025, 07:37

Musika eta mendia ditu afizio Et Incarnatus taldeko zuzendari den Migel Zeberiok eta horregatik izugarri disfrutatzen du Urmuga jaialdiaren antolaketa eta prestaketa lanetan. Lan gogorra dela ere onartzen du, kontzertu asko eskaintzen baitira emanaldiak hartzera ohituta ez dauden tokietan. Jaialdiak Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzera emateko aukera eskaintzen duela gogoratzen du, eta aldi berean, «kultur ekintzak ohikoak ez diren tokietan disfrutatzeko».

Publicidad

– Nola sortu zen Urmuga bezalako jaialdi bat egiteko ideia?

– Badira hogei urte uztailaren 22an udako solstizioa ospatzen genuela mendian Et Incarnatus taldearekin. Urte batean Felipe Uriarte, mendi gidaria, Mendiak eta Herriak elkarteko kidea, hurbildu zen emanaldi batera eta amaieran komentatu nion zerbait egin behar genuela elkarrekin, mendiak eta musika ardatz hartuta. Urte horretan bertan, 2018an, Himalaiara espedizioa antolatu zuen Felipek, 'Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai' lelopean, hemengo eta bertako gazteekin egin zuena, eta bertatik hemen egin genezakeenaren idearekin itzuli zen. Orduan hasi ginen lanean, mendia eta musika nola batu genitzakeen aztertzen, eta 2020an egin genuen lehen edizioa.

– Sei edizio hauetan, baina, jaialdiak ez du egitura bera jarraitu...

– Lehenengo bi urteetan hiru asteko ibilbidea egin genuen, baina gero 'Ur tantak' jaialdiarekin tartekatzen joan gara, hau da, gai baten inguruan egiten dugun astebeteko jaialdia. Gainera, gero eta herri gehiagotara hurbiltzen ari gara, izan ere eskari handia dugu hainbat herritatik. Kontuan hartu behar da Euskal Herrian ekintza kultural nagusiak hiriburu, herri nagusi edo kostaldean antolatzen direla. Horregatik, herri txikietan bestelako ekitaldiak egitea ere garrantzitsua dela uste dugu. Azken urteetan jaialdiak gai bat jorratzen du eta ur muga zehatz horretatik salto egin eta hainbat herritara iristen gara, urak itsasorantz edo Ebrorantz egiten duen bide horretatik haratago.

– Zaila al da kontzertuak egiteko toki egokiak bilatzea?

– Euskal Herria ederra da eta konzertuak egiteko leku egokiak nonahi daude. Ibilbideari zentzua eta jarraikortasun bat ematen saiatzen gara eta aurten baditugu hainbat herri eta toki inoiz bisitatu ez ditugunak. Alde horretatik zerrenda amaigabea da.

– Musikari dagokionez, Et Incarnatus taldeak gidari lanak egiten ditu eta gero hainbat bidailagun dituzue.

– Bai, alde artistikoan Et Incarnatus da oinarria, eta horren inguruan jiratzen dute proposamen artistiko gehienek. Estilo eta garai desberdinetako doinuak jasotzen saiatzen gara. Horrela, baditugu gaur egungo kantari potenteak, Janus Lester, Eñaut Elorrieta edo Olaia Inziarte, esaterako. Badira ere orain ibilibidea hasten ari direnak, Xak Taldea, Mirari Taldea... Baina gero badaude garai batean ibilitako talde edo kantariak, gaur egun ez dabiltzanak, Anje Dualde, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider... hauei keinu bat egitea gustuko dugulako. Azken urteetan bereziki sortutako espektakuluak ere egin ditugu. Aurten ere egingo dugu, uztailak 20an, Areso eta Berastegi artean, Ipuskoaren efemeridearen harira.

Publicidad

– Jaialdiak hartuko dituen emanaldien artean, zein nabarmenduko zenuke?

– Zaila da bat aukeratzea, denek daukatelako bere historia. Herri bakoitzarentzat berean egingo dena izango du kuttunena. Egia da sorkuntza aldetik Berastegin egingo den ikuskizuna izango dela emanaldi handiena, 200 partaiderekin. Sinbolismo garrantzitsua ere izango du, hainbat erakunderen parte hartzearekin. Baina Aralarko paisaia ikusgarria da, baita Altzokoa; Angurretako Harrobia leku oso desberdina da, baita Santa Grazi... Ezagutzen ez ditugun toki asko daude, eta hauek deskubritzea ere oso berezia da.

– Orain arte egindako ibilbidea kontuan harturik, bereziki gogoratzen duzun emanaldirik ba al duzu?

– Aralarren, Aizperron egin direnak. Toki ikaragarria da, orain arte hain ezaguna ez zena. Badaude ere emanaldi jakin batzuk, egin diren lekuan egiteagatik miresmena sortu dutenak, Orhiko gainan Donostiako Orfeoiarekin egindakoak bezala, aurten ere errepikatuko duguna.

Publicidad

– Ba al dago txokorik oraindik bisitatu ez eta bertara musika eramateko gogoa duzunik?

– Pila bat. Gainera, datorren urterako gauza anbiziotsu bat egosten ari da... ideia faltarik ez dago.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad