«Kalea ere kulturarena» dela aldarrikatzeko sei egun
Bosgarrenez antolatu dute Oiartzunen 'Poesia egunak' ekimena, irailaren 5etik 11ra 'etxea' ardatz eta gida izanik
'Etxea', «ezer» eta aldi berean «dena», izango da irailaren 5etik 11ra Oiartzunen egingo den 'Poesia egunak' ekimenaren ardatza eta gida. Honen bitartez kultur komunitatea etxe bezala aldarrikatu nahi da eta euskara «teilatupea» dela. «Etxe honek ateak zabalik ditu behar duen ororentzat», oroitu dute.
Publicidad
Hala, kultura kalera eramateko eta «kalea ere kulturarena» dela aldarrikatzeko, egitaraua irailaren 5ean hasiko da zita bikoitzarekin. Lehenik, 17:00etan, Ainara Lasak 'Tantai' esperientzia sonoroa eskainiko du Putxutxoerrekan; eta, 19:00etan Formol Laborategiak landutako 'Heriotzak Eduardo du izena' izango da Landetxen. Bigarren honetarako sarrera 5 eurokoa izango da.
Biharamunean, irailak 6, 11:00etan hasiko da programa Ergoienetik Ergoienera egingo den ibilbide poetikoarekin. Eguerdian bazkaria izango da Auzokalten (erreserba beharrezkoa, 10 euroan poesiaegunak@gmail.com helbidean) eta arratsaldean, 18:30ean, Yolanda Arrieta eta Peru Galbetek 'Etxe bat' poesia-errezitaldi musikatua eskainiko dute. Sarrera 5 euroan lor daiteke.
Etxea ardatz izanda, programan pisu berezia du 'Poeta bat sukaldean' errezitaldiak. Harkaitz Cano, Itziar Ugarte, Jose Luis Otamendi herritarren etxeetan izango dira.
'Poesia egunak' irailak 11, osteguna, amaituko da Iturriozko Dorretxean 19:00etan egingo den 'Haur eta gazteen poesia' emanaldiarekin.
«Etxea hotzetik babesteko sortu zen, zure ondasun apurrak gordetzeko bide, maite duzun jendearekin elkar zaintzeko espazioa. Baina etxea, horrexegatik beragatik, izan daiteke guztiz kontrakoa ere: ihesbide zaileko presondegia, atea zabalik duen kaiola, tratu txarrak jasaten dituenarentzat. Etxeak babesa ematen dizun teilatupea behar luke, mundu honetan lasai lo egin daitekeenaren promesa; azkenaldian, Palestinan bezala munduko beste hainbat lekutan, ordea, kontrakoa ere ikusi dugu. Bota dezakeela norbaitek etxea zure gainera, edo beti okerragoa dena, maite duzun horien gainera teilatupe oso bat», dio antolakuntzaren hausnarketak.
Publicidad
«Erakunde publiko eta pribatuak ere etxe gisa eraikitzen ditugu jendarteok, ematen diegu denon mesederako botere bat, baina gehiegitan ikusten dugu nola botere horrek azkarregi egiten dion ihes komunitateari besteen eskuetan. Horren adierazle izan daiteke desjabetzeen gatazka, hainbestetan teilatuperik gabe geratzen ari diren familien gaiak erakusten duen erakundeen aurpegi zitala», jarraitzen du testuak.
'Poesia egunak' 2020an antolatu zen pandemiaren ondorenetan. Eako Poesia Egunak inspirazio iturri, hark utzitako hutsunea bete nahi izan du, «betiere poesia erdigunean jarrita eta diziplina artistiko ezberdinei eta esperimentazioari tokia eginez», antolakuntzak azpimarratu bezala, eta urtez urte antaldatzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión