Junkal Lertxundi eta Ainhoa Aranburu (Idazlea eta ilustratzailea): «Itsasoaren kulunka ez da mugimendu soil bat, barneraino iristen zaizu»
Bi irakasle donostiarrok 'Itsasoaren kulunka' album ilustratua sortu eta argitaratu dute, «itsasoarekiko maitasuna» haurrekin partekatzeko
Auzokideak eta lankideak dira Junkal Lertxundi eta Ainhoa Aranburu donostiarrak. Gros auzoan jaioak dira biak, eta Santo Tomas lizeoko irakasleak. Eta, marinelen moduan, ausardia eskatzen duen abentura bat burutu dute: album ilustratu bat sortu dute, eta euren kabuz argitaratu, Untzi Museoaren eta Foru Aldundiaren 'Olatuak' diru-laguntzaren bultzadarekin.
Publicidad
-Hau duzue aurreneko liburua?
-Junkal Lertxundi: Aurretik badut bat, hura ere autoekoitzia, nahiko berezia dena, 'Mustafa-Megobari Kaukaso-Kurdistan bizikletaz'. Nire anaia Xabik, Igor Alberdirekin batera, bidaia egin zuten bizikletaz herrialde horietara, eta liburu bat egiteko asmoa zuten. Baina liburuaren berrikusketa egiten ari zela, bizikleta istripu batean hil egin zen Xabi. Idatzita utzi zuena osatu eta 2017an argitaratu genuen. Harrera ona izan zuen. Horrez gain, gauza laburrak, formatu txikikoak, idazten ibiltzen naiz, gutunak eta horrelakoak. Beasaingo Ttiklik elkarteak antolatutako 'gurasoei gutuna' lehiaketa irabazi nuen, esate baterako.
«Itsasoari bizkarra ematen diogun bezala, heriotzari ere ematen dio gure gizarteak»«Harrigarria da arrantzaleek norainoko maitasuna dioten euren lanbide gogor horri»
Ainhoa Aranburu: Niretzat aurrenekoa da. Betidanik margotu izan dut dut, txikitatik. Arte Ederrak ikasi nituen eta plastikako irakaslea naiz DBHn. Beti egon naiz mundu horretan, familian ere artistak dauzkadalako, aita, anaia, alaba ere bai... Nahiz eta lanagatik, familiagatik-eta gauzak alboratzen dituzun, beti gorde izan dut tarte bat niretzat, marrazten jarraitzeko, eta banuen honelako zerbait egiteko gogoa.
-Junkal, oraingo honetan ere bizipen pertsonaletatik abiatu zara istorioa sortzerakoan.
-Bai, idazle bezala istorioak ateratzeko beti oinarritu izan naiz nire bizipenetan, hurbileko gauzetan, anekdotetan. Iruditzen zait hor jartzen duzula beste sentimendu bat.
-Ipuinean badago fikziozko istorio bat, baina omenaldi kutsua ere badu, itsasoarekiko maitasuna partekatzeko grina moduko bat.
- J. L.: Hori zen behintzat gure asmoa, omenaldi txiki bat egitea. Nire kasuan itsasoarekiko maitasun hori etxean bizi izan dut, senarraren eta haren familiaren bidez. 17 urte zituela hasi zen itsasoan, eta hamar urtez ibili zen. Donostiako kaiko azken arrantzale gazteetakoa izan zen... Familia ere arrantzan ibilitakoa du. Haien bidez ikasi dut guztiz ezezaguna zitzaidan mundu bat maitatzen eta, haiei entzunda, desagertzen ari den zerbaitekiko nostalgia puntu bat ere sentitzen.
Publicidad
-Zuek itsasoa, bainatzeko eta kito.
-J. L.: Nik beti esaten dut ekintza akuatikoak beste bizitza baterako utzita dauzkadala. Igerian ere justu-justu egiten dut... Hondartzan zaudenean itsasoa hor dago, baina beti begiratu izan diot beldur puntu bat ere baduen errespetuarekin.
A. A.: Nik beste horrenbeste esango nuke. Gros auzokoak izanik, beti izan gara hondartzaleak, baina besterik gabe...
-Askotan bainatu arren, itsasoa ez duzu benetan ezagutzen marinel baten begiekin begiratu arte?
Publicidad
-J. L.: Hala da. Hondartza oso gertu egon daiteke, baina itsasoarekiko harreman hori etenda dugo. Senarra ezagutu nuenean ez zen ia arrantzalea, utzita zeukan, baina pentsa ze barruraino daramaten sentimendu hori, azkenean beti horri lotuta bizitzen jarraitzen dutela, nahiz eta lanbidez aldatu. Niretzat harrigarria da ikustea nola bizi duten itsasoarekin duten harremana, norainoko errespetua, norainoko maitasuna dioten horren gogorra den lanbide bati. Atunketari baten barruan sartu eta ikusten duzunean zein baldintzatan bizi diren, pentsatzen duzu nola izan diezaioketen horrenbesteko atxikimendua lanbide horri, nola jubilatutakoan ere hartzen duten motora eta segi eta segi... Berehala ikusten duzu hor beste zerbait dagoela, ez dela lanbide soil bat.
-Itsas kulunka ere ez da soilik mugimendu bat.
-Ez, ez da bakarrik itsasoak eragiten duen kanpoko mugimendu hori. Itsasoarekin harreman estua dutenei barruak mugitzen dizkie besteontzat harrigarria den modu batean. Barneraino iristen zaizu, eta marinelei barne-kulunka hori ez zaie sekula gelditzen. Horregatik nahi izan dugu itsasoa bera izatea ipuineko protagonistetako bat, erakustea itsasoak nola eramaten zaituen kulunka horretan, nola mugiarazten dituen gauza asko sentimendu mailan-eta...
Publicidad
-Zergatik da zuentzat horren garrantzitsua bizipen eta balio horiek haurrei helaraztea?
-Biok ditugu seme-alabak, haur eta gazteekin lan egiten dugu, eta horregatik nahi genuen hori guztia hurrengo belaunaldien esku jarri, gure familien eta gure kulturaren zati ere badelako. Eta horri bizkar emanda bizi garelako, eta galtzen ari delako. Begira zer gertatu den Donostian bertan. Hiria bera sortu zen portua zeukalako, arrantzagatik eta merkataritzagatik egin zuen aurrera, baina gaur egun itsasoari ematen diogun begirada oso desberdina da; arrantza-ontziak ikusi beharrean belaontziak ikusten ditugu.
-Haurrentzako liburua izan arren, heriotzak ere badu tokia istorioan.
-Hori ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Itsasoari bizkarra ematen diogun bezala, gure gizarteak badu ohitura heriotzari ere bizkarra ematekoa, sekula iritsiko ez balitzaigu bezala. Iruditzen zaigu hori umeekin hitz egin behar dela, jorratzeko eta lantzeko gai bat dela.
Publicidad
-Nola uztartu dituzue asmo horiek guztiak, testua eta ilustrazioak?
-J. L.: Ni beti nabil gauzatxoak idazten, eta hor nuen istorioa. Galtzagorriren mintegi batean ikasi nuen zer zen album ilustratu bat; testuak eta ilustrazioek protagonismo bera duten liburu bat alegia. Eta iruditu zitzaidan istorioak bide hori behar zuela. Gogoratu nintzen behin, testua existitu baino lehen, ikastolako autobusean Ainhoak marrazki batzuk erakutsi zizkidala, eta txundituta gelditu nintzela. Testua bukatu nuenean, Ainhoari deitu nion, zer erantzungo zidan jakin gabe.
-Bistakoa da, Ainhoa, baiezkoa eman zeniola. Nondik heldu zenion zure egitekoari?
-A. A.: Baiezkoa eman nion, jakina, nik ere banuen liburu baten ilustrazioak egiteko grina. Nire lanari dagokionez, lehentasuna izan zen argi eta garbi erakustea itsasoa zela beti inportanteena. Nahiz eta, berez, ez marraztu orrialde guztietan, hor dago uneoro itsasoaren kolorea. Bigarren puntua zen pertsonaietako bati, Klarari, garrantzi ematea, desberdina delako, itsasoa sentitzen duen haur bat delako... Koloreen bidez bereizi ditut pertsonaiak, eta koloreen bilakaerak ere kontatzen du istorioa.
Noticia Patrocinada
-Zuen egitekoako ez ziren bukatu sorrmen-lana amaitutakoan. Liburua ekoizteaz eta argitaratzeaz ere zuek arduratu zarete.
-Aurrena, ausardia handiz, egin genuen lehen saio bat elkarlanean; erabaki genuen nolako liburua nahi genuen; egin genuen maketa bat eta, hori bukatuta geneukanean, argitaletxeetara jo genuen. Egia esateko, inork ez digu esan ez zaiola gustatu erakutsitakoa, baina album ilustratuarena ez da formatu erraza, gu ere ez gara ezagunak, dena genuen aurka.
-Harik eta Untzi Museoko atea jo zenuten arte...
-Halaxe da, Untzi Museoan oso harrera ona egin ziguten, bat egin zuten erabat gure ideiarekin, proposamen ederra iruditu zitzaien, eta asko lagundu digute. Aldundiak ere bai. Azkenean, harrera oso ona ari da izaten, jendeari asko gustatzen zaio, eta gu oso-oso pozik gaude.
Publicidad
-Salmentak ere ondo doaz?
-Hilaren 22tik aurrera egongo da salgai. Orduan ikusiko dugu.
-Berriro sartuko zarete horrelako abentura batean?
-A.A.: Denbora asko eskatzen du, baina nik behintzat egingo nuke, Proiektuei ez zaizkie ateak sekula itxi behar.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión