Joxe Azurmendiren omenez antolatutako ekitaldiaren une bat. Félix Morquecho

Joxe Azurmendik «euskarari eta Euskal Herriari» egindako ekarpena aitortu dute

Zubiak eraikitzea «obsesio» zuen eta «transmisioan» fokoa jarri ohi zuen pentsalari zegamarra omendu dute Durangoko Azokan 'Manifestu atzeratua'-ren irakurketarekin

Jon Agirre

Durango

Lunes, 8 de diciembre 2025, 16:40

«Naturaltasunez hartuko dugu». Anekdota hutsa izan bada ere -tarte laburrez argia joan da Talaian- ekitaldiaren asmoa baino, moldea eta, batez ere, omenduak hartuko lukeen harrera posiblea ederki laburtu du. Pasa den uztailean zendu zen Joxe Azurmendi pentsalari, filosofo, idazle... -«koloso bat, zertaz ez zuen idatzi», Lorea Agirre Jakin fundazioko lehendakariak laburtu bezala-, omentzeko eta aitortza egiteko goiza izan da astelehen honetakoa. Besteak beste 'Manifestu atzeratua' poema luzea irakurri den Jakinek, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak antolatutako aitortza ekitaldiari ordubete lehenago Musika Eskolan banatu den Sormen Beka batu baitzaio.

Publicidad

Talaian izan da omenaldia eta hasi bai, hasi da, baina Agirreren hitzartze erdian argia joan da. «Agian Azurmendik berak itzaliko zituen argiak, zerbait gorrotatuko balu omenaldi hau izango zen. Baina gure esku dago nahi duguna egitea», ekin dio berriro Jakin fundazioko lehendakariak. Oroitu duten bezala, gazte-gazte zela ekin zion Azurmendik bere jardunari eta azken unera arte egin zion «euskarari eta Euskal Herriari» ekarpena. Bide horretan, Agirrek esan bezala, Azurmendiren «obsesioa» zubiak eraikitzea izan zen, «katebegia, transmisioa» ez zedila eten. Zegamarra «gerraosteko basamortuan umezurtz» hasi zen, erreferentziarik gabe, aipatutako Jakinen eta 56ko belaunaldiaren barnean, baina beti zoli, «kulturgintzako sortzaileekin harremanetan» eta, batez ere «gazteei adi eta gaurkotasunari begira».

Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak esan bezala Azurmendik «txiki» utz lezake edonor, eta Jakinek egindako ale bikoitzak «mutu» ere. «Hainbestek hartu duzue parte, zer erantsi». Hala, 269 eta 270 zenbakietan Ainhoa Urienek erabilitako hitzak bere egin ditu. Eta aipatutako Sormen Bekaren planteamendua omenaldira ekarri.

«Fedegabeon meza»

«Sabotaje» posiblea ia segurutzat jo du. Ildo horretan, «fedegabeok antolatutako halako meza laikoa» egin izana, halako «atrebentzia» aurrera eraman izana barkatuko duelakoan da, Azurmendik hain ohikoa zuen «kiroltasunez» eramango zuela. Adibide modura jarri du haren omenez antolatutako Kongresua. «Lehenik uko erabatekoa egin zuen, ostean lotsa eta baimen ez oso esplizitua etorri ze eta azkenik esker mezu luzea. Hori bai, behin dena pasata, biharamunean».

Azaldu bezala, uztailean Azurmendi zendu zenean 'orain zer egin?' galdera izan zuten buruan. Hura erantzuteko saiakera da Jakinek kaleratutako azken alea, 269 eta 270 zenbakia, 'Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi' izenekoa. Bertan ia 100 lagunek hartu zuten parte eta oso presente izan zuen pentsalari zegamarraren jarrera, bere praktikaren bidez utzi zuena. «Mira etorkizunean eta ekintzan, ez norbanakoa jainkotzen», baita haren «ekarriaren balioa mahai gainean jartzea, balioestea, transmititzea eta esku berrietara eramatea».

Publicidad

Amaitzeko, pentsalari bezala ibilbide paregabea egin aurretik euskal kulturaren plaza den Durangoko Azokara poesiaren bitartez aurkeztu zela oroitu dute, oraindik 30 urte ez zituela. 'Hitz berdeak' poemarioarekin bidez izan zen, eta hartan zen 'Manifestu atzeratua'-ren irakurketarekin amaitu dute ekitaldia. Hainbat poeta igo dira oholtzara hartarako.

Poema luzea zegamarraren «pentsaera, izaera eta kezkak» deskubritu nahi eta hartarako denbora gutxi duen irakurlearentzat sarrera ederra da. Estreinakoa izan zen, 1968an idatzia eta zentsurak geratu bazuen ere –1990ean Susak kaleratu arte– «euskal literaturan eta pentsamenduan testu fundazionala» da, Agirrek esan zuenez. «Astintzailea izan zen, egur apur bat eman zuen batera eta bestera». Horretaz gainera, bertan aurkitzen dira ostean gai zentral izango diren asko: «herri honekiko atxikimendua, libertate nahi bat, jende apal eta xumearekiko lotura, guayismotik ihes egite bat...».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad