Joxe Azurmendi eta Angela Davis elkarrizketan jarriko dituzte komikiari esker
Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek elkarlanean aurkeztutako proiektuak eskuratu du 2025eko Durangoko Azokaren sormen beka
Ondare kultural eskerga utzi zuen Joxe Azurmendik (Zegama 1941) ibilbide are loriagoan ondutako lanekin. Berriki utzi gintuen, baina haren eragina oraindik luze mantenduko dela argi utzi du astelehen honetan jakinarazi den Durangoko Azokaren Sormen Bekak, Azurmendi eta zenbait autore feministaren arteko elkarrizketa fikzionatu baitu. 'Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak' Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek elkarlanean aurkeztutako proiektua da. Ahotsenea Literaturan egindako agerraldian jakinarazi dute erabakia. Urdangarinek egindako 'Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan' (Jakin) saiakera ardatz, hura komikira eramango dute -hori zen deialdiaren ardatza- «gizaberetxo horien ezinegon, galdeta eta gogoetak» lantzeko.
Publicidad
Agerraldian azaldu dutenez orain arteko lanketa «taldean egin dute». «Oso pozik gaude bultzada eta laguntza ikaragarria delako. Ikerketa baten koartada narratibotik sortzen da., baina fikziora, kasu honetan komikira eramaten gabiltza», azaldu du Olasok. Bere aldetik, Urdangarinek aurreratu du «egungo auziak lantzeko korapilatuko» dituztela autoreak. Haren ikerketatik abiatuta «beste pausutxo» bat emango dute eta, oraingoz, «collage modura» irudikatzen dute. Alde grafikotik, Egiak kontatu duenez trazo txikien aldeko apustua egingo dute, hemen ere «tonu akademizistatik» aldenduz eta, batez ere, «ondo pasa» nahi dutela azalduz. Proiektuaren tonu jostaria haiena egin dute agerraldian. Orain urtebete izango dute eta aurkezpena 2026ko azokan izango da.
Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu 'Axpi', Adur Larrea eta Garazi Arrulak osatutako epaimahaiak «aho batez» hartu du erabakia, lehenak azaldu duenez. Umorez hasi du hitzartzea «and the Oscar goes to...» famatua hartuz. Jarraian xehatu du laginari buruz «proiektu anbiziotsua» dela, ardatz duela «euskal pentsalari handi bat» eta hura, Azurmendi, «bere garaiko mundu mailako pentsalari feministekin elkarrizketan jartzen duela ezohiko formatu baten bitartez». Hala, zegamarra komikian 'batuko' da Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva edo Jule Goikoetxearekin. Hori bai, intelektual ugari bilduko badira ere «hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin» lantzeko asmoa goratu du epaimahaiak.
Noticia relacionada
Durangoko Azokaren erosleak, aurrez aurre
Ildo horretan, komikia izanik, alderdi grafikoa funtsezkoa izango da eta, kasu honetan ere, «formalismotik at estetika propio ez akademizista baten alde eginiko hautua» nabarmendu du ebazpenak, hark istorioan aipatzen diren egileen «jarrera intelektual ertzekoarekin» bat egin dezakeela ulertuta.
Proposamenaren sinopsiak dioen bezala «Joxe Arantzazuko Santutegian ikasle dabilela, aita hiltzen zaio lan istripu batean. Fedea auzitan jartzean, bizitzako zimenduak eraitsiko zaizkio eta bizitzaren zentzuaren bilaketan abiatuko da. Une berean, Dynamite Hillen (AEB) arrazializatutako familien aurkako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis borroka anti-arrazistan aktibatu eta bere ibilbide politikoa hasiko du. Bi pertsonaia hauek munduko txoko ezberdinetan elkar lotzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxorekin topatuz»
Publicidad
Orotara hamabi lan aurkeztu dira 2025eko deialdira eta, antolakuntzak jakinarazi duenez, eta nabarmentzekoa da hauen aniztasuna. «Oso estilo eta tematika ezberdinak hizpide hartu dira: umeei bideratutako komikiak, manga, zientzia fikziozkoak, umorezkoak, historikoak...
Sortzaile berriak buruak
Sarituekin izan dira agerraldian Sormen Bekaren antolatzaileak, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko presidentea eta Mireia Elkoiribe Durangoko Alkatea. Biek eskerrak eman dizkiete proposamenak aurkeztu dituztenei. Elkarlana 2018an abiatu zen euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko. Aurreko edizioetan saritu dira Atopia rol jokoa; Kai Nakairen 'Baimenik gabe', «reggaeton euskaldun feminista»; 'Bañolet' ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren 'Barraka' bideojokoa, Jon Ander Urrestiren 'Eukalyptus' antzezlana, Marramiau sorkuntza taldearen 'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz' telesaila eta, iaz, Irati Bazetaren 'Harien isla' erakusketa. Astelehen honetan amaitzen den Azokan ikusgai izan da Atartea espazioan eta bertan, Durangoko Arte eta Historia Museoan, mantenduko da urtarrilaren 7a arte.
Publicidad
«Hasiberriak ziren hainbat sortzaile lagundu ditugu», poztu da Gomez, eta emaitzen diziplinen «aniztasuna» nabarmendu du: literatura, musika, ikus-entzunezkoak, mundu digitala, arte eszenikoak edo haurrei bideratutako sorkuntza eta arte ederrak. Azkenik, Durangoko Udalari urtero 15.000 euro bideratzeko egindako esfortzua eskertu dio, Elkoiriberen hitzetan «oso gustura» egiten dutena «sorkuntzarekin aurrera egiten dugulako». «Ekimen funtsezkoa da eta emaitzak maila handiko lanak».
Azkenik, etorkizunari begira sortzaile gazteen lana aitortzen eta bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión