Jon Maiak Donostiara ekarriko du 'Kantu bat gara' ikuskizuna
Abenduaren 28an Kursaalean izango da Irungo Harrera Sarea eta Donostiako Kaleko Afari Solidarioak ekimenekin elkartasunean
Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak «kontzertu berezi eta solidarioa» egingo du abenduaren 28an Donostiako Kursaaleko areto nagusian. Emanaldi honetan Irungo Harrera Sarea eta Donostiako Kaleko Afari Solidarioak herri ekimenekin elkartasunean ariko da, baita hainbat artista gonbidaturekin ere: Amets Arzallus, Eñaut Elorrieta, Antton Telleria, Lucia Lacarra eta Matthew Golding, Eire Maia, Maddalen Arzallus, Eva Francoren Maskarada eta Elizondoko Abesbatza Ttipia
Publicidad
2021eko azaroan aurkeztu zuen Maiak 'Kantu bat gara' liburu-diskoa, bakarka egindako lehena aurrez 'Karidadeko Benta' eta 'Hezurbeltzak' egitasmotan taldean aritu ostean. Honen aurkezpen bira Bilboko Arriagan hasi zuen 2022ko otsailean, oholtzarako lauko formatuaren aldeko apustua eginda. Jon Maiarekin (ahotsa) batera aritu ziren emanaldi hartan Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa) eta Nacho Soto (teklatuak), baita ondoren etorri direnetan ere. Gainera, Donostiakoan bezala, ikuskizun bakoitzean gonbidatu berezi mordoa izan ditu. Abeslari eta bertsolariez gain idazle, kirol munduko pertsonaia edo euskarara hurbildu diren hainbat etorkinen kolaborazioak ere izan ditu.
Artista gipuzkoarrak kantuak konposatzen egin duen bidearen isla da bai liburu-diskoa zein osteko emanaldi sorta. Izan ere, 1991tik hainbat artistarentzat 200 kantu inguru idatzi ditu, tartean Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gozategi, Gari, Anari, Mikel Urdangarin edo Ken Zazpi bezain adierazgarriak. 'Kantu bat gara' liburu-diskoan Maiak idatzitako 14 kantu ezagunen moldaketa berriak jasotzen dira, esaterako 'Gora Herria' (Negu Gorriak), 'Minaren funtsa' (Anari), 'Zaharra zara Bilbao' (Gari), 'Itsasoa gara' (Ken Zazpi), edota 'Nirekin' (Gozategi) bezalakoak. Kantu originalen erritmoak alde batera utzita, akordeoia eta txeloak gidaturiko moldaera berriekin ausartu da Pello Ramirezen celloa, Gorka Hermosaren soinu handia eta Nacho Sotoren pianoa lagun dituela.
Donostian kantuan aritu aurretik, abenduaren 23an Arrasateko Amaia Aretoan izango da bertsolari eta musikari gipuzkoarra.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión