Izaro Bilbaok eta Maddi Agirrek lortu dute Bertsuxurlaren finalerako azken txartela
Bikotea lehiaketako hirugarren eta azken finalaurreko saioan gailendu zen; antolakuntzak jakinarazi duenez Ibai Lekuonak ordezkatuko du finalean Agirre
IKER MENDIA
Astelehena, 23 urtarrila 2023, 12:12
Izaro Bilbao eta Maddi Agirrek osatutako bikoteak lortu zuen ostiral honetan Senperen izandako saioan Bertsuxurla Bertsolari gazteentzako lehiaketarako finalerako hirugarren eta azken txartela. Haiekin izan ziren kantuan, «giro bikainean» antolatzaileek azaldu zutenez, Maddi Aiestaran-Unai Anda eta Ibai Lekuona-June Diaz bikoteak. Era berean, finalean Ibai Lekuonak Agirre ordezkatuko duela jakinarazi du.
Honela, lehen faseko hirugarren eta azken kanporaketa lehiatu ostean, datorren urtarrilaren 27an Pausun, Xaia ostatuan, izango den finalerako hiru bikoteak honakoak dira: Haira Aizpurua eta Eki Mateorena, June Aiestaran eta Oier Urreizti eta Izaro Bilbao eta Ibai Lekuona (azken hau Maddi Agirreren ordez). Jada nahi duen orok txartelak lor ditzake antolakuntzarekin harremanetan jarrita edo Xaia ostatuan erosita.
Pasa den urtarrilaren 6an izan zen Atharratzen Bertsolari gazteentzako Bertsuxurla lehiaketako lehen kanporaketa «giro bikainean» antolatzaileek azaldu zutenez. Prefosta elkartearen laguntzarekin egindako saioan Haira Aizpurua eta Eki Mateorena; Irantzu Idoate eta Josu Txoperena, eta Ekhiñe Zapiain eta Oihan Perez bikoteek hartu zuten parte eta lehena sailkatu zen finalera.
Ostean, urtarrilaren 13an Lekorneko Etxebarne ostatuan izandako bigarren lehian, June Aiestaranek eta Oier Urreiztik erdietsi zuten finalerako txartela. Jon Mendiluze-Haizea Telleria eta Irati Alcantarilla-Beñat Astiz izan ziren kantuan aritu ziren beste bi bikoteak.
Ekimena Bertsularien Lagunak Elkarteak jarri zuen abian urtarrila hasieran eta hiru helburu nagusi ditu. Alde batetik, Ipar Euskal Herrian bertsozaletasuna sustatzea, bestetik, euskarari beste arnasgune bat ematea, eta azkenik, Euskal Herriko bertsolari gazteei beste plaza bat eskaintzea, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzea zailagoa delako eurentzat.
Lehiaketan Euskal Herri osoko 16 eta 22 urte arteko 18 bertsolarik parte hartuko dute, eta saio guztietan, Xalbat Altzugarai eta Leire Casamajou gai-jartzaile gisa ariko dira.