«Haurtzaro mugatuko garai hauetan, sosegua eraman nahi izan dugu umeengana»
Iñaki Irazuk sortutako testuak oinarri hartuta osatu du Jabier Muguruzak 'Oker (txakurra da)' diskoa
lde askotatik eragin dio pandemiak Jabier Muguruzak, Mikel Azpiroz ondoan zuela, atzo Donostian aurkeztu zuen 'Oker (txakurra da)' diskoari. Abeslari eta idazle irundarrak haurrentzat egin duen laugarren lanak Iñaki Irazu poetarenak ditu hitzak.
Publicidad
Pandemiaren lehen egunetan, onomatopeiei buruzko solasean aritu ziren Jabier Muguruza eta Iñaki Irazu. Besterik gabeko hizketaldia, Irazuk Muguruzari 'Karranka eta intziri' poema bidali izan ez balio. Hortxe hasi zen, konfinamendu betean, poetaren eta musikariaren arteko elkarlana, uda parterako osatua zutelarik haur txikiei zuzendutako hamar abestiz osatutako sorta.
Muguruzak irakurri zuen testu labur baten bidez hartu zuen parte Iñaki Irazuk aurkezpenean. «Poema hauek, Jabierrek musikatuak, kantuan eskaintzen dizkizuenak, nire baitan bizi den umearekin eginak dira, elkar hartuta, eskuz esku. Onean hartu dugu elkar, elkar elikatuz. Izan ere, nire baitan, izan nintzen umea bizirik da» idatzi zuen, eta adierazi kantak «ongarri» nahi dituela «haur direnentzat, eta nagusion baitan bizirik den umearentzat».
Urriaren hasierarako grabatzeko moduan zeuden kantak . Mikel Azpirozen Mamusik estudioan egin zen grabaketa, eta musikari bikainak bildu ziren proiektura: Azpiroz bera (Rhodes pianoa, gehi grabaketa, nahasketa eta masterizazioren ardura), Jean Marie Ecay (gitarra elektrikoak) eta Denis Benarrosh (perkusioak).
Ahotsei dagokienez, oraingo honetan ez du ohiko erara jokatu Jabier Muguruzak. Haurrei zuzendutako aurreko hiru diskoetan –'Ja, ja' (1989); 'Nire gorputza' (2005) eta 'Harriaren hiztegia' (2016)– haurrak entzuten dira kantari. Laugarren honetan, berriz, «froga egin nahi nuen, esperimentua, eta ez dago haurrik». Ahotsak, alegia, Jabier Muguruzarena eta Nieves Arillaren ahots eztia dira.
Publicidad
«Alaitasun barea»
Gozotasuna da hain zuzen diskoaren ezaugarri nagusietako bat. Jabier Muguruzak adierazi zuen transmititu nahi izan dutela «alaitasun lasaia, alaitasun barea», eta bide horretatik joan dira diskoaren inguruko erabaki denak, Pedro Balmasedaren diseinua eta ilustrazioak eta Sonia Garateren azaleko marrazkia barne, koloretsuak eta, aldi berean, leun eta garbiak. 'Naiftasun' hitza erabili zuen, berriz, Mikel Azpirozek egindako konponketez eta proiektuaz hitz egitean.
Izaera bare, lasai eta naif hori, hain zuzen, bat dator pandemiak haurrengan izan duen eragina oso kontuan duen proiektuarekin, eta horren helburu nagusiarekin. «Haurtzaro mugatuko garai hauetan, sosegua eraman nahi dugu umeengana», esan zuen Muguruzak, nabarmenduz asko izan direla azken hilabeteetan, batez ere konfinamenduak iraun zuen bitartean, haurrek jasan zituzten eragozpenak: kontaktu eza, lagunen falta, etxean egon beharra, are larriagoa «balkoirik gabeko pisu txikietan bizi direnentzat».
Publicidad
Adina, baina, ez da muga. «Lagun dugu gure baitako ume hori, berarekin batera, eskutik hartuta egiteko bidea (...). Utz diezaiogun gure eskua hartzen eta jolas egin dezagun elkarrekin». Hori Iñaki Irazuk luzatu duen gonbidapena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión