Las diez noticias clave de la jornada
Iazko argazkian, Koldo Zuazo Gasteizen, eskuetan 'Arabako euskara' liburua duela. BLANCA SÁENZ DE CASTILLO

«Gipuzkoako euskara da gutxien ezagutzen dugunetakoa»

Nazioarteko argitaletxe akademiko handienetako batek, Routledge etxeak, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta EHUko irakaslearen euskara eta euskalkiei buruzko lana argitaratu du, ingeleseratua eta kanpoko irakurleentzako egokitua

Sábado, 16 de febrero 2019, 11:12

1988an, euskara batuaren behin betiko oinarriak jarri zituen Arantzazuko Biltzarretik 20 urtera, 'Euskararen batasuna' argitaratu zuen Koldo Zuazok (Eibar, 1956). Euskaltzaindiaren Iker saileko argitalpen hartan, 400 orrialdetik gorako lan mardulean, «euskararen standardizazioaren nondik-norakoa» aztertu eta jaso zuen. Orduko idazkerari erreparatuta, bistan da artean bazuela euskarak zer batua, zer estandarizatua. Geroztik, 2000.ean 'Euskararen sendabelarrak' (Alberdania) argitaratu zuenetik batik bat, EHUren Letren Fakultateko iraskasle eta euskaltzain urgazle den hizkuntzalaria euskalkien inguruko lanean nabarmendu da; etxean zabalduz horien garrantziaren kontzientzia eta kanpora ere hedatuz euskararen aberastasuna.

Publicidad

–'Standard Basque and Its Dialects' argitaratu duzu Routledge izen handiko argitaletxearen eskutik. 2010eko 'El euskera y sus dialectos'-en itzulpen soila da, edo erantsi diozu zerbait berria?

–Hasieran itzulpen soila izan zen. Ondoren, Routledge etxeak argitaratzea erabaki zuenean, lau adituri pasatu zien, liburua aztertu eta beren iritzia eman zezaten. Horietarik hiru Bretainia Handikoak ziren eta laugarrena estatubatuarra. Laurek esan zuten balio zuela argitaratzeko, baina nahitaez zenbait aldaketa behar zituela; gehienbat nazioarteko edozein irakurlek ulertzeko moduan jarri behar zela. Hori dela eta, liburua beste modu batera antolatu eta atzera berriz ia goitik behera idatzi beharra izan nuen. Oso gustura geratu naiz emaitzarekin, baina gogotik lan egin behar izan dugu, bai nik eta bai itzultzaileak, Gregor Benton jaunak.

–Nolatan heldu da liburua bide hori egitera? Hedapen akademikoa izango du nagusiki?

–Gregor Benton itzultzaileak egin zuen argitaletxearekin tratua. Hara joko zuela esan zidanean, ez zutela argitaratuko esan nion, ezinezkoa zela, baina nire ustea ustel gertatu zen. Egia esan, suerte handia izan dut, bai itzultzailearekin eta bai argitaletxearekin. Profesional bikainak izan dira. Liburuak hedapen akademikoa izango du, jakina, baina argitaletxeak asko baloratu zuen erabili nuen hizkera: erraza, argia eta publiko zabal batek ulertzeko modukoa zela esan zuten.

–'Linguistics' ataleko 'recommended for you' ataltxoan aurrenekoa da, liburu gomendatua alegia...

–Argitaletxearen gauza da, liburua promozionatzeko edo. Nik neuk ez diet inportantzia handirik ematen sailkapen horiei. Hemendik urte batzuk barru neurtu ahal izango dugu zer balio izan duen.

–Liburuak euskalkien osaketa eta euskera batuaren sorrera eta egitura azaltzen du batik bat. Euskararekiko interes zehatz eta berezia dutenak alde batera utzita, zer dakarkie gaiak kanpoko hizkuntzalari, ikertzaile eta interesatuei?

Publicidad

–Hasteko, euskarak badu interesa mundu zabaleko hizkuntzalarien artean: hizkuntza 'arraroa' da. Gainera, betidanik sortu du halako miresmen bat. Euskara nazioartean ezaguna baldin bada, ez da izan gure ahaleginagatik; gu euskararekin lotsatu egin gara askotan eta gorde egin dugu etxe barruan edo geure herriko muga estuetan. Atzerriko hizkuntzalariak atera dute plazara: Humboldtek, Bonapartek, Hugo Schuchardt-ek, Uhlenbeck-ek, Antonio Tovarrek, René Lafonek, Rudolf De Rijk-ek, Larry Trask-ek, Juan Carlos Moreno Cabrerak… Routledge etxeari iruditu zaio liburuan aztertzen ziren gaiak ingelesez guztiz ezezagunak zirela eta bazuela, beraz, interesa.

«Gu euskararekin lotsatu egin gara askotan eta gorde egin dugu etxe barruan»

«Beterriko hizkera indartzeak ez luke ekarri behar besteak baztertzea»

–Euskararen eredua beste hizkuntza batzuentzat interesgarria bada, badago euskararentzat eta euskararen komunitatearentzat interesgarria izan daitekeen ereduren bat?

Publicidad

–Niretako, behinik behin, beti izan da interesgarri katalanaren adibidea. Batetik, gure antzeko ibilbidea egin behar izan dutelako eta, bestetik, gu baino aurreratuago dabiltzalako. Horretaz gainera, hizkuntza eskandinabiarren bidea ere oso lagungarri gertatu zait euskara batua eta euskalkien arteko oreka bideratzeko.

–Ez dira ba askotan aipatzen.

–Zoritxarrez, Euskal Herri honetan bakarrenetakoa naiz –bakarra ez banaiz– hizkuntza horien eredua kontuan hartzen duena, gainerakoak gaztelaniari eta frantsesari begira bizi direlako erabat, eta badakigu bi alderdi horietan frantses estandarraz eta gaztelania estandarraz gainerako hizkerak –eta hizkuntzak– zeharo alde batera uzten direla.

Publicidad

–Jatorrizko liburua, gaztelaniazkoa, orain dela ia bederatzi urte argitaratu zen. Ez da denbora asko-asko hizkuntza batentzat, baina, zure ustez, orduz geroztik aldatu da zerbait euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanean? Eta, aldaketarik izan bada, onerako edo txarrerako izan da?

–Nik, zoritxarrez, ez dut aldaketa handirik ikusten. Alde batetik, badira euskara batua gustuko ez dutenak, eta artifiziala, laboratoriokoa, plastikozkoa… dela esaten dutenak. Eta badira euskalkiak jende basati eta ezjakinaren mintzamoldeak direla esaten dutenak. Aldaketa gertatuko da bai batua eta bai euskalkiak hizkuntzaren zatiak direla jabetzen garenean eta, hizkuntza osasuntsu egongo bada, zati guztiak egon behar direla sendo eta osasuntsu.

Publicidad

–'Euskalkiak, gaur' artikulua idatzi zenuenetik are denbora gehiago joan da, eta euskalkien hedapena jasotzen zuen lehen mapa proposatu zenuenetik ere igaro dira urte batzuk. Bere horretan jarraitzen du argazkiak edo 'mugitu' da? Badago aurrera egiten ari den euskalki edo azpieuskalkirik?

–Euskara batua, gehienbat, Gipuzkoako hizkeran edo, zehatzago esateko, Beterriko hizkeran oinarritu denez, hizkera horixe ari da zabaltzen eta indartzen. Eta hori ona da. Baina gauzak egoki egingo bagenitu, Beterriko hizkera indartzeak ez luke ekarri behar besteak baztertzea eta gaitzestea. Hego Euskal Herrian nabari da joera hori, Bizkaian eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian egokiago ari dira. Lapurdin eta Nafarroa Beherean euskara batua bertako euskarara hurbiltzeko ahalegina ikusten da eta nik, zuzen edo oker, 'Iparraldeko batua' deitu izan dudana sortzen eta hedatzen ari da. Zuberoan bertako euskarari eusten diote, baina haiek ere 'Iparraldeko batu' horretara jotzen dute Zuberoatik ateratzen direnean.

Noticia Patrocinada

– Azken aldian asko zabiltza tokian tokiko euskalki eta azpieuskalkiak aztertzen; azkenak aipatzeagatik, Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdekoa; Sarakoa, orain Baigorrikoa... Maila hurbilagoko horretan asko gelditzen da oraindik ikertzeko?

–Horixe gelditzen dela! Eta, ziurrenera, baten bat harritu egingo da, baina Gipuzkoako euskara da gutxien ezagutzen dugunetakoa: Tolosatik hegoaldera dauden hizkerak (Alegi, Amezketa, Lizartza, Orexa…) erabat ezezagunak dira; Urolaldeko gehienak ere bai (Errezil, Aizarnazabal, Zumaia…). Nik neuk ere badaukat oraindik zer ikasia. Araba, Bizkaia eta Lapurdi zertxobait ezagutu ditut, baina gainerako herrialdeetan hutsune handiak ditut.

Publicidad

– 'euskalkiak.eus' webgunea ere sortu zenuten duela pare bat urte.

–Osatzen jarraitzen dugu. Espero dut aste batzuk barru ingelesezko bertsioa egongo dela ikusgai eta euskarazkoa osatuago agertuko da. 'Hobby' bezala hartzen dugu eta amateur gisa, laguntza handirik gabe, aritzen gara. Ez gara horretatik eta horretarako bizi eta, beraz, astiro goaz, baina, behinik behin, gauzak txukun eta zentzuz egiten ahalegintzen gara.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad