Manuel Lekuona hil eta hurrengo urtean, 1988an, eskultura ipini zioten Andoainen. JESUS INSAUSTI

Gaztetxea eta apaiza

Andoainek pisu handia izan du bertsolaritzaren historian. Froga: Alberto Irazuren 'Rocka puntua!' liburua

Domingo, 22 de abril 2018, 11:57

Alberto Irazuk Andoaingo gaztetxean hizketa egingo du igande honetan, arratsaldeko 6etan. Orain hilabete batzuk plazaratu zuen 'Rocka puntua!' liburuan aipatutako kontu batzuk berrituko ditu, Andoaingo herriarekin zerikusia daukatenak. Liburu bitxia da hori, bertsolaritza eta rockaren arteko harremanak aztertzen dituena; eta harrigarria ere bada eskaintzen duen dokumentazioagatik; zenbat jira eta buelta eman dituen gizon honek!

Publicidad

Andoainen jaioa da Irazu, 1970ean. Bere herrian mintzatuko da, beraz. Pentsatzekoa da luze ariko dela 1985eko gertaera haietaz, gogoangarriak dira eta. Aurreko urtean, 1984an, Gazte Asanbladak Ankoras kaleko eskola zaharra okupatu eta, txukundu bat eman ostean, segituan hasi ziren kontzertuak antolatzen. 1985eko otsailean, 'Peste' izeneko fanzinearen lehen zenbakia kaleratu zuten gaztetxekoek. Urte haietan hamaika fanzine sortu ziren han-hemen, baina Andoaingo hark bazeukan besteek ez bezalako osagarri bat: bertsoak! Irazuren liburuan agertzen den bezala ipini dut, harridura-marka eta guzti. Bai, berritasun handia izan zen. Punk-kutsuko fanzine batean inoiz argitaratutako lehen bertsoak, seguru asko.

Fermin Lagala andoaindar presoak Herrera de la Manchako espetxetik bidalitako aleak dira. Hauxe aleetako bat:

Papera aurrean lapitza eskun

hemen nago eseria

bizitza aspaldi hontan daukat

nekatua ta eria

baina ez pentsa nerekin denik

oraindikan miseria

ta zuek sortu didazutenez

horrelako aberia

bertso pare batekin nator ni

Andoaingo gazteria.

Baina ez da hor bukatzen Andoaingo gaztetxearen eta bertsoaren arteko harremana. 1985eko azaroan, gaztetxearen lehen urtemugan, bertso-saioa prestatzea pentsatu zuen Gazte Asanbladak. Jokin Sorozabal, Joxe Manuel Oiartzabal, Pablo Jose Aristorena eta Joxe Mari Izeta gonbidatu zituzten. Gero, hurrengo urteko 'Peste' fanzinearen beste ale batean, bertsoaldi hartako kronika publikatu zuten, eta hori ere berritasuna izan zen. Huraxe izan zen 80ko fanzine batean argitaratutako bertso-kronika bakarra.

Andoaingo gaztetxe zaharra 1996an eraitsi zuten.

Leitzaran eta Oria ibaiek bat egiten duten tokitik lau pausora zegoen gaztetxe zaharra. 1996an bota zuten hondeamakinek, etxe berriak egiteko.

Publicidad

Pentsatzekoa da Alberto Irazuren beste hizketa-gaia 1990eko gertaera sonatu hura izango dela. Urte hartan, ekainean kaleratu zen Negu Gorriak taldearen lehen diskoa, eta bertan zazpigarren zetorren 'Bertso hop', Irazuren esanetan «iraultza ekarriko zuen kantua». Urte bereko abenduan 'single' formatuan argitaratu zen abestia, benetan berritzailea izan zena: Andoni Egañak eta Anjel Mari Peñagarikanok 1986ko txapelketa nagusian ofizioka botatako bertsoak hip hop doinuetara ekartzen ditu kantuak. Interpretazio berri horietan, Josu Landa ari da Egañaren paperean, eta Fermin Muruguza Peñagarikanorenean. Gero, zuzeneko kontzertuetan ere eskaini zituzten bertso horiek Fermin Muguruzak eta Kaki Arkarazok, baina ez bertsolarien ohiko estatikotasun horrekin, baizik eta rockeroen imintzioekin, besoak eta hankak ederki dantzatuz.

Honetara ezkero, komeniko da gogoraraztea Andoainek denboran zehar bertsoarekin izandako harremana. Herri honek badu bere historialaria, Xabier Lasa Bergara, oso liburu mardula plazaratutakoa orain urte bat pasatxo: 'Joxinixio, Pizkunde zapuztua'. Batez ere Joxinixio Etxeberriaren gainean dihardu. Bertsolari hau gerrara joan zen, Euzko Alderdi Jeltzalearen Itxarkundia bataloian, eta 1937ko ekainean hil zuten, faxistek Bilbo ondoko Artxanda beren esku hartu zuten egun berean. Eta hor dago Mikel Atxaga kazetari ahaztezinaren 'Joxinixio gudaria' nobela ere.

Publicidad

1936. urte hartan bazegoen bertsolaririk Andoainen. Xabier Lasaren liburuak dakarrenez, ekainean herriko bertsolarien txapelketa antolatu zen eta ondorengo egunetan hamazazpi herritarrek eman zuten izena. Baina segituan gerra piztu eta giro dena zapuztu. Gerraosteko hurrengo hamarkadetan, andoaindar bertsolari bat bakarra jardun zen jendaurrean, Joxe Larrañaga 'Lubarritza'. Bigarren mailako bertsolari aldetik hain indartsu zebilen Andoain basamortu bihurtu zen gerraostean.

1956 da beste urte oso esanguratsua. Orduan heldu zen Andoaina Manuel Lekuona, ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren ikertzaile handia. 1976ra arte bizi izan zen bertan, Arregitarren etxean, Eguzki Alden. Huraxe izan zuen garairik emankorrena. On Manuel hil eta hurrengo urtean, 1988an, omenezko eskultura ipini zitzaion Goikoplazan, Iñaki Olazabal herriko artistak egina.

Publicidad

1974ko martxoan, beste gertaera gogoangarri bat etorri zen. Ontza elkartea gazteen bertso-txapelketa antolatzera animatu zen. «Andoaindarrik ez zen aurkeztu», dio Xabier Lasa historialariak. Baina lehiaketa osteko afarian Andoaingo bertsozale kualifikatuenak bildu ziren eta bertsotan jardun. Migel Arrieta 'Legarralde', Jabier Etxaniz eta Fermin Belamendia 'Erdoixta', hara hor historia txikira pasa diren hiru zale horien izen-abizenak.

Bertsolaritzaren berpiztea geroago etorri zen, 1984an. Orduan eratu zen herriko lehen bertso-eskola. Eta handik aurrera Jokin Sorozabal, Joxe Manuel Oiartzabal... eta Aitor Mendiluze Gipuzkoako txapeldun handia etorri ziren. Sortuko dira berriak.

Publicidad

fibargutxi@diariovasco.com

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad