Finalerako txartela lortzeko azken aukera
Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza, Jone Uria eta Maddalen Arzallus Bilbon arituko dira puntuen bila finalera iristeko
Zazpigarren eta azken finalaurrekoa izango da Bilboko Bizkaia frontoian larunbat honetakoa eta Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi, Amets Arzallus, Saioa Alkaiza, Jone Uria eta Maddalen Arzallus abenduaren 18an izango den finalerako azken txartelen bila arituko dira. Idoia Anzorandiak jarritako gaiei kantuan erantzunda hurrengo ariketak osatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; eta ganbarako lana, hau da, banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Publicidad
Julio Sotok ezarri duen langa gainditzen saiatuko dira Iruñeako finalean kantuan aritu ahal izateko. Bertarako txartela berea du Maialen Lujanbiok 2017ko txapeldun bezala eta finaleko zortzikoa osatuko duten gainerako zazpiak zein diren jakiteko finalaurrekoen lehen itzuliko saioetan bertsolariek lortutako puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar da.
Sailkapena eskuan, Lujanbioz gain Alaia Martinek, Sustrai Colinak, Beñat Gaztelumendik eta Nerea Ibarzabalek finalerako txartela ia eurena dute. Ia esan behar, Bilboko oholtzara igoko diren bertsolariek aukera matematikoa hor dutelako oraindik. Eta Aitor Mendiluzek (727 puntu) txapelketan erakutsitako maila mantenduta lortuko luke seigarrena. Lehen finala litzateke hiru emakumerekin oholtzan. Orain arte finalerako txartela -eta txapela- lortu duen bakarra Maialen Lujanbio da. 2001ean sailkatu zen lehen aldiz eta ordutik txapelketa nagusiko final guztietan aritu da: 2001, 2005, 2009, 2013 eta 2017. Hauetatik bitan (2009 eta 2017) lortu zuen txapela eta 2013an txapeldunorde izan zen.
Azken bi txartelen lehian Julio Sotoren 1 330 puntuek markatzen dute langa. Lanak amaituta ditu nafarrak eta hura gailentzen saiatuko dira larunbatean saio ona eginda Joanes Illarregi (711 puntu) eta Amets Arzallus (688 puntu). Hurrenez hurren 619 eta 642 puntu beharko dituzte.
Bertsolarien lanak puntuatuko dituen epaimahaia Ainhoa Sarasuak, Aitor Jimenezek, Amaia Otxotorenak, Iñaki Aurrekoetxeak, Mirari Azulak, Nerea Bruñok eta Zigor Leundak osatuko dute. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna eta Nerea Goñi ariko dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión