Eztia, ikatza eta «itzal emankorrak» Itxaro Bordaren poema liburuan
Balea Zuria etxearekin argitaratu duen 'Abaroa' bilduman azken bost urte hauetan idatzitako poemak jaso ditu
Beste «lan handi» batzuk bukatzen dituenean, poesiagintzara itzuli ohi da Itxaro Borda, «funtsean poeta sentitzen naizelako, alde on eta txar guztiekin».
Publicidad
Hala ere, Sei urte zeramatzan poesia libururik argitaratu gabe. Honen aurrekoa, 1984an hasi zuen bidean ekarritako hamargarrena, 2014ko 'Zure hatzaren ez galtzeko' (Elkar) izan zen. Harrezkeroztik idatzi ditu nobelak –azkenekoa iazko 'Susmaezinak' (Alberdania)–, narrazioak, artikuluak, antzerkia, ibili da beste sorkuntza lan batzuetan...
Batetik besterako tartean, poesia zuen abaro, gerizpe, aterpe. Baita azken erreketako errautsak jasotzeko tresna ere, hori baita Balea Zuria etxearekin argitaratu duen aurreneko liburuaren izenburutarako aukeratu duen hitzaren beste adiera bat.
'Abaro'-n bildu ditu, atzo Pello Otxotekorekin partekatu zuen aurkezpenean esan zuen bezala, azken bost urteotan idatzitako poemak, bestelako lanen osteko «beheraldi horretatik ateratzeko, eta oroitzeko zer ikasi dudan eta non ibili naizen».
Liburuak «eztia badu, eta ikatza ere bai», eta ez da mugatzen Bordaren bizipen eta oroitzapenak babestera edo haien hondakin kiskaliak jasotzera, kolektiboki ere bistakoa baita –batez ere dena sutan dagoen une honetan– «mundu kaltzinatu baten errautsak» biltzen lagunduko duen zerbaiten beharra. Poesiarena, esaterako, Otxotekoren aburuz.
Publicidad
'Abaroa' ez da inondik ere liburu tristea. Musikaz, lekuz eta ezlekuz beteta dago; jendez ere bai: musikariak, poetak, pelotariak, zientzialariak... Guztien artean, liburuek, beste poeta batzuek, musikak eta musikariek –eta lehen poema eskaini dion Zuberoak– osatzen dute sare moduko bat. Mami atseginak dira, «bildumaren gaineran ibiltzen diren itzal emankorrak».
Toki, momentu eta aldarte desberdinetan idatzitako poemak izan arren, gai oso diferenteei buruzkoak, badaude haien arteko hariak. Liburuak ere baditu loturak idazlearen gainerakoekin. Baina honek badu zerbait berria: «Jolasten naiz poemekin, badago samurtasuna, ironia eta, tokatzen denean, fede txarra».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión