'Obabakoak' eta 'Miñan', beste hizkuntzetara gehien itzuli diren liburuak.

Euskaraz idatziak baina hainbat hizkuntzatan irakurtzen diren liburuak

Euskal idazleen lan asko gaztelaniara itzultzen dira baina azken urteetan badira nazioartean ikusgarritasuna lortu duten liburuak

Itziar Altuna

Donostia

Domingo, 27 de julio 2025, 18:40

Asko dira azken urteetan euskarara itzuli diren literatura lanak. Klasikoak zein garaikideak, entseguak zein eleberriak, sona handiko idazleen liburuak euskaraz ere irakurri daitezke. Baina kontrako bidea egiten duten idazlanak ere badira, hau da, euskaraz sortuak izan direnak, eta beste hizkuntzetara itzuli direnak. Eta hemen, izenburu bat nabarmendu behar bada, hori 'Obabakoak' da. Bernardo Atxagak 1988an argitaratutako lanak Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen hurrengo urtean, eta ordutik, «hogeita hamar bat» hizkuntzatara itzuli da, besteak beste japonierara, arabierara, hindierara, persierara edo polonierara. «Gure euskal literatura modernoari munduan bidea ireki dion obra da, eta arrasto horren atzetik beste guztiak joan dira zorionez», dio Pello Elzaburu, Pamielako kideak.

Publicidad

Atzerriko argitaletxeak izan ohi dira itzulpena egiteko ardura hartzen dutenak. Elzabururen ustez, «zuzeneko itzulpenak dira aberasgarrienak, baina euskararen kasuan, zoritxarrez, hori zaila izaten da, eta zubi-hizkuntzak erabili behar dira; gehienetan gaztelaniako itzulpenak hartzen dituzte oinarritzat atzerriko itzultzaileek». Hala ere, Pamielaren kasuan, katalanera edo galegora hainbat itzulpen zuzenean egin dituzte, «betiere egileen onespenarekin». Hizkuntza «txikiekin» lan egiten duten argitaletxeen artean «harreman oso militantea» dutela ere onartzen du, denen artean hizkuntza txikien alde lan egiteko, erraztasunak eskainiz egileei.

Europa mailan, literatura gutxitu eta ez hain ezagunak beste hizkuntzetara eramateko proiektuak sustatzen dira

Hain zuzen, Europa mailan, «literatura gutxitu eta ez hain ezagunak» beste hizkuntzetan ezagutzera emateko badira nazioarteko proiektuak. Oier Etxeberria Alberdaniako kideak azaldu bezala, argitaletxeak Bidiland eta GG4A proiektuetan hartu du parte beste bazkide batzuekin, eta honek euskal egileen lanak beste hizkuntzetara itzultzea ahalbidetu du. Juan Kruz Igerabideren 'Grigor eta erlea', Kris Etxaberen 'Ilezuri' umeentzako album ilustratua edo Patxi Zubizarretaren 'Eztia eta ozpina' eslovenierara itzuli dira, eta azken hau baita mazedonierara eta portugesera. «2024an gazte literaturari eman diogu ikusgarritasuna, bai gurera ekarritako autore esloveniarrena, baita esloveniarrek euskal egileen lanak aukeratutakoak, baina 2025ean, helduen literatura lantzekoak gara», aurreratzen du Etxeberriak.

Dirulaguntzak

Euskal kulturaren nazioarteko zabalkundea eta proiekzioa helburu, Etxepare Euskal Institutuak dirulaguntza lerro desberdinak ditu euskal literaturaren itzulpena eta nazioarteko zirkulazioa sustatzeko, «euskal letrei gure mugetatik kanpo bide berriak irekitzeko ahaleginean idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agente literarioei laguntzeko», adierazten dute erakundetik. Deialdi hau 2012an zabaldu zenetik, 247 lan itzuli dira euskaratik 30 hizkuntza baino gehiagotara, «batzuk oso exotikoak izan daitezke, arabiera, txinera, japoniera, amariera… oso urrutikoak diren hizkuntzak; baina errealitatea da gehien gehien gaztelaniara itzuli dela, 69 lan zehazki», azaltzen du Imanol Otaegi Mitxelenak, Etxepareko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak.

Etxeparek dirulaguntza lerro desberdinak ditu eta hauei esker 2012tik 247 lan itzuli dira 30 hizkuntza baino gehiagotara

Laguntza lerro nagusiena, 63.000 euro (2025ko deialdiak 91.000 euro banatzea aurreikusten du), nazioartean euskal literatur lanak beste hizkuntza batzuetan argitaratu nahi dituzten argitaletxeei zuzendua dago. «Guk bereziki saritzen dugu itzulpena euskaratik egina izatea, funtsezkoa iruditzen zaigu hori, eta ez erdibideko hizkuntza bat erabiltzea, baina hori ez da askotan erraza izaten», onartzen du. Hala ere, japonierara zuzenean euskaratik itzuliak izan diren lanak badaude, «baina hori ez da ohikoa, konbinazio batzuk oso konplikatuak dira». Horregatik, zuzenean euskaratik itzuliko duten itzultzaileak trebatzea eta formatzea badu helburu ere Etxeparek.

Publicidad

Baina itzulpenak egin aurretik ezinbestekoa da euskaraz egiten den literatura ezagutzea, eta horretarako lanen pasarte edo laginen ingelesezko, gaztelaniazko edo frantsesezko itzulpenak egiteko beste laguntza ildo bat ere badu Etxepearek, 'Basque book' estrategian kokatzen dena. «Ibilbide guztian eragitea du helburu, laginak finantzatzetik, behin labetik aterata nazioarteko jaialdietako promozioetarako behar duena eskaintzera», dio Otaegik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad