Euskaltzaindiak bost ikerketa saritu ditu
Nabarmenduez gain, beste bi ikerlan eta Arikala ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu dituzte topaketa batean
I. M.
Ostirala, 18 urria 2024, 12:04
Euskarazko ahozko jarduna eta euskarazko eguneroko hizketa lan-eremu dituen Euskaltzaindiaren Mintzola egitasmoak zazpi ikerketa lan eta Arikala ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu ditu Donostiako egoitzan, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, egindako mintegian. Zehazki, bost ikerketa saritu dituzte 2024an: Garazi Domínguezen 'Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa' eta Maddi Ormazabalen 'Euskal hizkeren erritmoa' Gradu amaierako lanak; Odei Guiradoren 'Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz' eta Ana Jaunarenaren 'Nokaren higatzea Ortzaizen' Master amaierako lanak; eta Oihana Lujanbioren 'Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua' Ikerketa monografikoa.
Mintzola deialdietan saritutako lanez gain, beste ikerketa interesgarri bat aurkeztu da gaur Tolare baserrian, hain zuzen, Maddi Kintanaren master amaierako lana (Gazteen hizkera BAM eta inguruan).
Era berean, Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak elkarlanean bideratutako Arikala lagunarteko euskara sustatzeko eta esku-hartzeen eragina neurtzeko ekintza-ikerketaren azken emaitzak aurkeztu dituzte Idurre Alonsok eta Xabi Lasak; eta, horrez gain, Mintzolak lagunduta Eñaut Agirre jorratzen ari den Ahozko hizkeraren ezaugarriak ikerlanaren lehen ondorioak plazaratu dira.
Azkenik, Mintzolatik argi dute «hizkera informalak gure eguneko hizketa-jardunean zati handia» hartzen duela eta, beraz, euskarak «ataka bereziak» dituela gai horretan. Hala, ikerketa ildoak abiatu dituzte: hizkera informala ezaugarritzetik hasi, beronen problematikak aztertzetik segi, berau landu eta hobetzeko metodologietatik pasa, eta hitanoa bezalako baliabideak aztertzeraino. Bultzatu beharreko bideetako bat ikerlari gazteei aukerak ematea da, gradu eta masterretako ikerketak sustatuz, eta ikertzaile harrobia sortuz