Errebotea ixten
Azoketan denetarik ikus daiteke. Erretxina dariten ilara luzeak, eskutan dozenaka liburu daramatzaten trapezistak, beren tatuaje eta galoiak lehen lerroan jartzen dituzten saltzaile mahuka jasoak, oinetan bozgorailuak jantzita doazen autografo sinatzaileak, kulturaren parametroetatik izaki gardenak bezala irristatzen diren naufragoak, oldarraldiaren ezpalak saihestuz, urrutiko intxaurren begirada muskatuei iskin eginez. Oharkabean pasatzeko, onena patrikak berunez beteta eramatea da, pisuari esker besteen ikusmen mailaren azpitik geratzeko, edo, zuzenean, manifestuak sinatzeari uztea.
Publicidad
Baina, kontuz, inkognitoz jantzia joan arren, halako batean Napoleonez mozorrotutako batekin tupust egin dezakezu. Zorionekoa zu ustezko enperadorea bere Austerlitz eta Waterlootan galduta badoa, baxoerdi bat eskutan eta begirada hego-haizean iltzatuta, agurtzeko asmorik gabe. Arazoa da, perimetroa ziurtatzeko, Charles Barkley itxurako bertsolari pretoriar bat eraman dezakeela ondoan, klasiko latindarrei dien zaletasuna agerian uzteko. Pretoriarra ezin trebeagoa da errebotea ixten, oinak emanda beso edo bertso laukituak osatzen. Partida galdutzat jo daiteke halakoetan, barrenean zehar ez baitizu baloia behin ere ukitzen utziko. Conraden duelista horietakoa ez zarenez, gerra imajinario horietatik hanka puntetan ateratzea komeni da, suak hartutako Mosku batean harrapatuta geratu baino lehen. Azokara bazoaz, ez ahaztu inoiz kamuflaje-kapa elfikoa, borrokazale handiusteen itzalen artetik garaiz aienatu ahal izateko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión