«Ez dugu nahikoa hartzaile, estrukturazko arazo horri irtenbidea aurkitu behar zaio»
«Epoka baten itxiera» bizi dugula dio zenbait talderen agurrekin, baina «konfiantza osoa» atzetik datorren «belaunaldi freskoan»
– Antolakuntzan murgilduta, bada Durangoko Azokaz gozatzeko paradarik? Ala lau egun horiek ere buru-belarri lanean aritzeko tartea dira?
Publicidad
– Antolatzaile garen aldetik ez dugu ohiko bisitariaren moduan gozatzeko aukera izaten, baina esaten den bezala Durangoko Azokaz gure erara gozatzen ahalegintzen gara. Hitzordu asko izaten ditugu, medioei denbora eskaini edo ezusteko batzuei aurre egin beharra, baina barrutik gozatzen dugu. Oso intentsoa izaten da, euskal kulturgintzaren lur-hartze bortitz bat, azokara datozen eragile eta sortzaileen pozak eta ezinak bizi ditugulako, gaziak eta gozoak, bertatik bertara. Momentu intentsoak izaten dira eta emozionalki eragiten digu. Pozik nago biak probatu izanaz, baina agian ohiko bisitariaren esperientziarekin geratuko nintzateke (barreak).
– 59. edizio honetan hainbat artista itzuliko dira euren lanekin, zenbait artistak proiektu berriak sortu dituzte... Kulturaren osasun une onaren adierazle da? Gero eta sortzaile gehiago dago bertan.
– Bai, eta ziurrenik ez nahiko genituzkeen guztiak. Gu ahalegintzen gara guztientzako erakargarri izaten eta etortzeko bideak errazten. Dena den hausnarketatxo bat egin nahiko nuke.
– Esan.
– Sortzaile batzuk badoaz: Benitok iragarri du oholtza utziko duela, Gatibu ere agurretan hasiko da laster, ETSren eten luze bat iragarrita dago, Esne Beltzak utziko du... Epoka baten itxiera gertatzen ari da, baina atzetik belaunaldi fresko eta oso indartsu bat dator bultzaka, gauzak oso argi dituzte eta konfiantza osoa daukat haiengan. Ikusi besterik ez dago zenbat sortzaile eta artista gazte berri ari diren sartzen eszenan, benetan konposamen oso interesgarriekin. Alde horretatik, sorkuntzari dagokionez lasai egoteko moduan gaude. Beste gauza bat da sorkuntza guzti horrek nahikoa hartzaile daukan, eta hori da aurtengo leloaren bidez etengabe mahaigaineratzen ari garena. Ez dakigu oso ondo nondik datorren bulkadari esker sorkuntza oso ugari eta gainera kalitatezkoa daukagu, baina zoritxarrez ez nahikoa hartzaile beren herrian gainera. Estrukturazko arazo horri irtenbidea aurkitu behar zaio.
– Nola ikusten duzu Durangoko Azoka?
– Esango nuke osasun onean dagoela, batez ere modu batera edo bestera parte hartzen dutenen aldetik atxikimendu handia duelako. Bai herri erakundeen aldetik, laguntza jasotzen dugulako; bai parte-hartzen dutenen aldetik, errekonozimendu bat dagoelako egiten dugun lanarekiko. Baina kontuz ibili behar da, testuinguruak oso aldakorrak direlako. Aurtengoa 59. edizioa da, ia sei hamarkada urtero antolatzen, eta pentsa zenbat aldatu diren testuinguruak. Frankismoan hasi zen, euskal kultura ukatzen zen sasoian; euskal administrazioen erakundetze fasean hor egon zen, bere burua kokatzen eta urte askoan Durangoko Azoka benetan behar zen ala ez eztabaidan; krisi ekonomiko globalak ere pasa ditu. Orain digitalizazioa eta globalizazioa testuinguruan hauei erantzun eta egokitzen jakin behar dugu. Hori bai, elkarrekin. Gu gara antolatzaileak, baina esan dugun bezala eragile askok hartzen dute parte eta eskutik joan behar dugu. Bidea adosten asmatzen badugu egingo dugu aurrera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión