Bertsolaritzaren artikulazioak
Bertsolaritzak rocka limurtu zuenekoa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea eta bertsolaritzan emakumeek eta hiztun berriek duten presentzia hizpide
«Bertsolaritza garaikidea bihurtzea izan da gakoa fosilduta geratu ez dadin», hala aipatu zuen Jon Maiak bere hitzaldian bertso eskolen inguruan aritu zenean. Garaikide izateko etengabeko eraldaketa prozesu horretan, bertsolaritzak hasiera batean urruneko zitzaizkion munduak ukitu ditu edota garaian garaiko gizartean agertzen diren sentsibilitateekin bat egin.
Publicidad
Bertsolaritzaren artikulazioei heldu zieten abuztuaren 23an Miramar Jauregian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Mintzola Ahozko Lantegiak eskainitako eskolan, 'Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak'. Izan ere, tradiziotik etorritako adierazpidea izanik aurrerako bidean egokitu zaizkion beste mundu zenbaitekin izan du harremana bertsolaritzak. Horietako batzuk mahaigaineratu zituzten: rockaren eta bertsolaritzaren arteko gurutzaketa, 90eko hamarkadan bertsotan hasi zen belaunaldi gaztea, emakumearen presentzia eta hiztun berriena.
Alberto Irazuk, berriz, 'Rocka Puntua' bere lanaren zenbait ideia aletu zituen. Bi parabola ian ziren bere saiakeraren hari: «Zer gertatu da bertsolaritzan 70 hamarkadatik hona, atzerritik zetozen doinuak kondenatzetik, bapatekoan erabiltzeraino? Nola sartu da bertsoa rock munduan?». Euskara rockean sartzeak ahalbidetu du, halaber, bertsolaritza rockean sartzea: «Euskal rockaren hastapenetik egon da bertsolaritza hor. Zenbaitetan modu naturalean, transgresioaren bidetik beste zenbaitetan. Iraultza Negu Gorriak taldeak ekarri zuen, Public Enemyk mainstreamera eramandako rapa eta 1986ko Txapelketa Nagusiaren nahasketa formulatu zuenean: bertso-hop».
Rockaren eragina ere bazuen belaunaldi gaztea bestelako imajinario bat zuen bertsolarien artera oholtzaratu zen 90eko hamarkadan; horren inguruan aritu da Jon Maia: «Bertso eskolek demokratizatu egin zuten bertsolaritza; edozein motatako euskaldunei bertsolari izateko aukera eman zitzaien. Euskarazko marrazki bizidunen seme-alabak ginen gu; Supermanen pelikulak ikusten genituenak edota Pablo Milanes entzun... oholtzan topatzen genituen eta zubi lana egin zuten bertsolarietako askoren unibertso imajinarioa gertuago zegoen Txirritarenetik guretik baino, nahiz eta urteen aldea txikiagoa izan».
Oihana Iguaran bertsolaritzan emakumeek izan duten presentziaz aritu zen, bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoak azaleratutako datuak aipatuz: «Edalontziaren %20 beteten ari da (emakume bertsolariekin), baina itogin bat daukagu; 18 urterekin gertatzen den arrakala bertso eskoletan. Zergatik jarraitzen da? Zergatik uzten da? Espazioa eraiki, berdiseinatu eta itogin hori nola aztertu ikusi behar da». Urteotan bertso munduan egin diren ekarpenak ere aipatu ditu, besteak beste, Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Ahalduntze bertso eskola.
Publicidad
Bertso munduan hiztun berriek duten legimizazioaren inguruan eta diskurtsoetan duten presentzia aztertu zuen Miren Artetxek: «Miresmen puntutik ikusten da hiztun berria bertsotan; baina badu ifrentzu bat, nolabait hizkuntzarekiko izandako harreman hori gatazkatsuagoa edo horren naturala izan ez dela pentsatzera daramana». Gizartean bestela den arren, bertso mundua oraindik ere euskaldun zaharren mundua dela ondorioztatu zuen Artetxek, baina «aukera ikaragarri bat» ere baduela nabarmendu zuen: «Benetako bertsolaria mutante bat da plazan; diskurtsoak eta praktika aldatu ahala, definizioak eta kanonak aldatuko lirateke, eta horrek sarbidea erraztuko lieke beste hiztun kategoriakoei».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión