Bertsoen gaiak eta begirada aztertzeko bost topaketa
Bost urteko etenaldiaren ostean itzuliko da Bertsolamintza martxoaren 13tik 23ra 'Nondik eta zeri kantatzen diogu?' galderari erantzuteko asmoz
Iker Mendia
Miércoles, 6 de marzo 2024, 12:42
Bertsozale Elkarteak sustatutako bertsoaren inguruko hausnarketen plaza, Bertsolamintza, bost urteko etenaldiaren ostean itzuliko da aurten eta 'Nondik eta zeri kantatzen diogu?' galderari erantzuteko asmoz gaiak eta begirada aztertuko ditu martxoaren 13tik 23ra egingo diren saioetan bost saioetan, hurrenez hurren Gasteizen, Bilbon, Itsasun, Iruñean eta Amasa-Villabonan. Azken hau, itxiera izateaz gain, ekitaldi berezia izango da egun osoko egitaraua izango baitu eta hizlari guztiak izango dira 8:45etik aurrera. Gainerakoak 18:00etan izango dira eta Bilbokoa 17:30ean.
Publicidad
Gasteizko Goiuri jauregian izango da irekiera martxoaren 13an. Aroa Arrizubietak gidatutako saioan bertsolariek zein gairi abesten dieten aztertutako da «ertz ezberdinetatik», antolakuntzatik aurreratu duenez. Hala, Maider Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du; eta Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek egoera sozio-ekonomikoa izango dute berbagai.
Biharamunean Bilboren txanda izango da Euskararen Etxean eta libreko bertsogintza eta botere harremana jorratuko dituzte hurrenez hurren Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak Zihara Enbeitaren gidaritzapean. Bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz hausnartuko du bizkaitarrak.
Bertsolamintza
-
Martxoak 13: Gasteiz. Maider Arregi, Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran.
-
Martxoak 14. Bilbo. Jexux Mari Irazu eta Onintza Enbeita.
-
Martxoak 20: Itsasu. Oihana Arana, Maialen Akizu eta Ainhoa Urien.
-
Martxoak 21: Iruñea. Julio Soto, Imanol Artola, Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea.
-
Martxoak 23: Amasa-Villabona. Egun osoko egitaraua zerrendan aipatutako hizlariekin.
Bertsolamintza egitasmoaren erdialdean Itsasun ezarri da zita, martxoaren 20an. Han izango dira bertsolaritzako diskurtsoez Oihana Arana, Maialen Akizu eta Ainhoa Urien, Battit Crouspeyre aurkezle dutela. Lehenak ideologikoki lerratuta ote dauden aztertuko du eta beste biek estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan eztabaidatuko dute.
Martxoaren 21arekin helduko da Laba espazioan izango den laugarrena, Saioa Alkaizak gidatuta. Julio Soto eta Imanol Artola gai-jartzailearen eta aukeraketaren inguruan arituko dira eta Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea, aldiz, bertso-eskolez mintzatuko dira, bertan ikasitakoa soilik forma den, ala edukiak ere baduen tokirik.
Publicidad
Itxiera ekitaldia Amasa-Villabonan izango da martxoaren 23an egun osoko egitarauarekin. Goizean 8:45ean abiatuko da eta eguerdirako amaituko da aurreko bi asteetan egondako hizlarien presentziarekin. Ostean, Behar Zana elkartean bazkaria eta Miren Artetxe eta Sustrai Colinaren bertsoaldia proposatu dute. Bazkarirako tiketak salgai dira bertsosarrerak.eus webgunean 25 eurotan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión